Gaur goizean, urtero ekainaren 23an egin ohi den bezala, San Juan arbola Irungo San Juan plazan kokatu da. San Juan eguneraren bezperan ipintzen den zuhaitz hau Irungo jaietako sinbolo bat da eta aurten, gainera, Covid-19aren biktimentzako oroimen leku batean bihurtu da.
Berrikuntza gisa, aurten ezingo da zuhaitzera igo, baina, loreak eraman ahalko dira pandemiak eragindako biktimen oroimenez. talde politikoetako ordezkariek hiriko José Antonio Santano alkatearekin batera lore eskaintza bat egin dute zuhaitzaren aurrean, txistularien bandaren laguntzarekin. Jarraian, komunikabideen aurrean José Antonio Santano alkateak adierazpenak egin ditu udala osatzen duten talde politiko guztien izenean; “egoera normal batean gaur Irungo Jaietako Agurra prestatzen egon beharko ginateke, baina, egoerak jaiak era ezberdin batera bizitzera behartzen gaitu”.
Hortaz gain, jai egunen hasierarekin batera, Irungo Udalak bandoa atera du festa egunetan zehar hiritarrei zentzuz jokatzea eskatu eta agintariek ezarritako segurtasun neurriak errespeta ditzatela eskatzeko. “Jaien amaieran arduragabekeriarik izan ez dela jakitea izango da 2020. urteko San Pedro eta San Martzial jaiak gogoratzeko modurik onena”, adierazi du bandoan José Antonio Santano alkateak.
Inprimatutako emozioak
Amaia Kultur Zentroan, “Inprimatutako emozioak. San Pedro eta San Martzial (1906-2020)” izeneko erakusketa inauguratuko da gaur arratsaldean. Erakusketak 1906. urtetik aurrera Irungo jaiak iragarri dituzten jaietako programak eta kartelak biltzen ditu, hiriko jaien eta korronte artistikoen bilakaera irudikatuz.
Erakusketa Amaia Kultur Zentroan bisitatu ahalko da uztailaren 19ra arte. Asteartetik larunbatera arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara irekiko dira erakusketako ateak eta igande zein jaiegunetan, berriz, 11:30etatik 13:30etara. Hortaz gain, astelehenetan, ekainaren 30an eta uztailaren 1ean erakusketa itxita egongo da. Erakusketa bisitatzeko aretoaren edukiera murrizteaz gainera, bisitariek maskarak erabili beharko dituzte eta segurtasun distantziak errespetatzea ezinbestekoa izango da.
Bakarrizketen jaialdia
Uztailaren 1ean Amaia Kultur Zentroan egingo den bakarrizketen jaialdia ikusi ahal izateko sarrerak ekainaren 25tik aurrera eskuratu ahalko dira. Gonbidapenak udaleko sarreren salmentarako webgunearen bitartez eskuratu ahalko dira. Hala ere, jaialdia zuzenean jarraitu ahalko da Irungo udalaren YouTube kontuan eta Teledonostin.
Bakarrizketen jaialdia uztailaren 1ean egingo da, Agustín Jiménezen emanaldi nagusiarekin, Alazne Etxeberria eta Sergio Encinasen konpainiarekin. Gonbidapenak ekainaren 25eko goizeko 9:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira. Zuzeneko emanaldiaz gozatu ahal izateko Amaia Kultur Zentroaren edukiera murriztu behar izan da, beraz, 220 eserleku beteko dira gehienez.
Irungo San Pedro eta San Martzial jaien inguruan antolatutako ekintza guztiak laburbiltzen dituen programak hiriko etxeetan banatuko da. Hortaz gain, jaietako programak HAZ bulegoan eta Turismo Bulegoan eskuratu ahalko da. Guztira, 27.500 programa inprimatu dira. Gainera, udal webgunean hiriko festekin lotutako informazio guztia atal berezitu batean bilduko da.
Ordutegi bereziak
Hiriko jaiak direla eta, ekainaren 26tik uztailaren 1era Jesus, Iñigo de Loyola, Dario de Regoyos kaleetan eta Colon pasealekuan kokatutako igogailuen eta Artiako eskailera-mekanikoen ordutegia zabaldu dela jakinarazten da. Normalean goizeko 6:00etatik 23:00etara martxan egon ohi diren arren, jai egunetan zehar gaueko 1:00ak arte martxan egongo dira zerbitzu hauek
Adineko pertsonen lokalen apainketa
Itxita jarraitu arren, hiriko auzo ezberdinetan dauden adineko pertsonentzako lokalak hiriko jaiak ospatzeko apainduko dira. Beraz, egoitzen kanpoaldetik lokalak festen koloreekin nola apaindu diren ikusi ahalko da.