Irungo Udalak Euskara Arloaren bitartez deitzen duen J.A. Loidi Ikerketa Bekaren hamabosgarren edizioa eskuratu du Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek aurkeztutako “Bertsoak eta bertsolariak XIX. mendean” proiektuak. Esleitutako ikerketa-lanak 12 hilabete iraungo du eta 9.000 euroko zuzkidura izango du.
Joxan Elosegi eta Aitor Errazkinek azaldu zutenez, “Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” izeneko proiektuaren bitartez, Irunen XIX. mendean izan zen bertso produkzioa eta haien protagonista nagusiak ezagutarazi nahi dituzte. Horretarako, bertsolariak eta bertso jartzaileak, bertsoen nolakotasuna zehaztuz (neurria edo metrika, errimak, doinuak, gaiak, gaien tratamendua…), eta aurkezturiko bertso-sorta bakoitzaren testuingurua egokiro aurkeztuko dituzte.
Gertaleku antzera aurkeztu dute Irun, baina, zaila da bertsoen eta bertsolarien mundua mugatzea, egileen ustez, izan ere “Bertsoak ez daki geografiaz, euskarak darabil, eta euskal bazter orotara zabaltzen da hura gidari. Bestalde, adiera zabalagoan ulertu beharra dago betiere Irun hori, Hondarribia eta Bidasoaz beste aldeko herri mugakideak ere kontuan hartu behar baitira”. Elosegik eta Errazkinek, orobat, Irungo bertso ondarea ahalik eta modu ulergarrienean aurkeztu nahi dute, eta haren garrantziaz jabetzeko beharrezkoak diren burubideak behar bezala finkatu nahi dituzte.
Gaur arte iritsi diren bertsoez eta bertso-sortez arituko dira egileak, idatzien bitartez iritsitakoak gehienak, han eta hemen, artxiboetan, autoreen bildumetan, bertso eta kanta-paperen funtsetan, prentsa idatzian eta liburuetan. Hala ere, ikerlariek esandakoaren arabera ez dute ahozko edota zuzeneko komunikazioetatik bertsoren bat edo halako sorta jasotzeko itxaropena guztiz galdu, aukera hori oso urrun sumatzen badute ere.
Historia jardunerako metodologiaz baliatuko dira egileak bertso sailak eta bertsolariak bilatzeko. Denboran kokatzeko unean, eta literaturaren azterketa eta kritikarako metodoez ondareko dokumentu bakoitzari eta bertsoen corpus orokorrari heltzeko momentuan, bertsoen ikerketari eta azterketari heltzeko unean arlo eta diziplina askotako elementuak hartu beharko dituzte kontuan.
Orain arte, inork ez ditu Irungo XIX. mendeko bertsoak eta bertsolariak bilduma bakar batera ekarri. Eta horixe izango da ikerlarien egitekoa. Gainera, bertsoen transkripzioa, eta grafia batuaz aurkezten saiatuko dira. XIX. mendea, aldaketa mendea izan zen inolaz ere, gerrek asaldatu zuten mendea. “Eta aztoramendu haren testigantza aparta eskaintzen digute bertsoek”, baita Irunen ere egileen ustez.
Aurkezpenean Miren Echeveste Euskara Ordezkariak gogoratu zuenez Jose Antonio Loidi ikerketa Beka omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidirentzat. Bekak euskarazko ikerketa suspertu eta bultzatu nahi ditu hainbat esparrutan: antropologian, filologian, toponimian literaturan, osasun publikoan, hidrologian eta botanikan.