Unai eta Maialen Oiartzun Irastorza neba-arrebek 2018ko Jose Antonio Loidi Ikerketa Bekaren deialdia irabazi zuen “Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian” proiektua aurkeztu zuten. Udalak bi urtean behin deitzen du Jose Antonio Loidi bekaren irabazleak jakinarazi zirenetik bi urte baino gehiago igaro ondoren, Oiartzun neba-arrebek ikerketaren emaitzak aurkezteko aukera izan dute.
Zergatik erabaki zenuten 2018ko J. A. Loidi Ikerketa Bekaren deialdira aurkeztea?
Unai: Aspaldidanik biak irakurleak izan gara, etxean horrela jaso dugulako. Euskaraz irakurri arren, batez ere, gaztelaniaz irakurtzen dugula konturatu ginenean, gainontzeko euskaldunei gauza bera gertatzen ote zaien jakin nahi izan genuen. Loidi bekara aurkeztea erabaki genuen, izan ere, Jose Antonio Loidik bere bizitza zehar landutako diziplina desberdinetako ikerketa-proposamenak aurkeztu daitezkeelako eta, horrela, euskara eta literaturarekin loturiko proiektua aurkeztu genuen.
Ikerketa proiektu batean murgildu zareten lehen aldia izan da?
Maialen: Elkarrekin bai. Momentu horretan ni ikasketa master bat egiten ari nintzen eta Unai mundu horren inguruan lan egiten du, beraz, nolabaiteko esperientzia genuen.
Unai: Bai, polita izan da honelako ikerketa batean elkarrekin lan egitea. Izan ere, neba-arrebak izanik honelako lanetan gutxitan tokatzen da elkarrekin aritzea.
“Orokorrean, ikerketaren hasierako hipotesiak bete direla esan dezakegu”
Maialen Oiartzun
Zuena Irungo liburutegiaren euskarazko irakurzaletasuna aztertu duen lehen ikerketa izan da?
Unai: Guk dakigula behintzat orain arte ez da egin zehazki euskarazko irakurzaletasuna aztertzeko helburu konkretua zuen ikerketarik. Behintzat, ez dugu horren inguruko erreferentziarik izan. Hortaz gain, gure ikerketa kontutan hartu ditugun zenbait datu estatistiko ez dakit inoiz aztertuak izan ote diren.
Ikerketa fase desberdinetan banatu duzue, ezta?
Maialen: Bai, hasieran bi fase nagusi bereizi genituen. Lehenengo fasean liburutegiak utzitako datu estatistikoak eta objektiboak kontutan hartu ditugu, adibidez, funtsa, erabiltzaile kopuruak, horien ezaugarriak, mailegatutako liburuen hizkuntzak eta maileguekin loturiko datuak. Bigarren fasea, berriz, datu subjektiboekin osatu dugu, hau da, erabiltzaileen iritzi eta iradokizunak bilduz. Datu horiek eskuratzeko elkarrizketak ezberdinak egin eta saio parte-hartzaile bat antolatu genuen.
Hiritarren ekarpenak zuen ikerketarako esanguratsuak izan dira?
Unai: Bai, oso interesgarriak eta baliagarriak izan dira gure lanerako. Elkarrizketen bitartez ahots eta iritzi kualifikatuak biltzen ahalegindu gara. Beraz, erabiltzaileez gainera, liburutegiko jardueren arduradun, parte-hartzaileak edo argitaletxeetako arduradunengana jo genuen, irakurzaletasunaren sektorearekin duten harremanarengatik. Bestetik, parte-hartze saiora hurbildu zen jendeak gaiarekiko interesa zuela erakutsi zuen eta ekarpen interesgarriak egin ziren.
Ikerketa hasierako hipotesiak bete dira?
Maialen: Orokorrean, ikerketa hasierako hipotesiak bete direla esan dezakegu, izan ere, espero genuen moduan, euskaldun gehienek gaztelaniaz gehiago irakurtzeko joera dutela egiaztatu dugu. Hala ere, Euskal Herri osoan gertatzen den zerbait dela ikusi dugu, ez bakarrik Irunen.
Unai: Diagnostikoa espero genuena izan da, hau da, euskaraz, gaztelaniarekin eta frantsesarekin konparatuta, gutxiago irakurtzen dela ikusi dugu. Beraz, irakurle potentzialarekiko euskararen irakurketa maila baxuago dela egiaztatu dugu. Datu horren atzean dauden faktoreetako bat egoera soziolinguistikoa da, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak aurrera egin du, hezkuntzaren eraginez eta populazio gazteenaren artean. Orduan, helduen kasuan muga kuantitatiboak oso altuak dira, euskaldunen kopurua txikiagoa baita eta euskara maila mugatuagoa daukatelako, euskaraz irakurri ahal izatea oztopatzen diena. Haur eta gazteen artean beste hainbat faktore sartzen dira. Mailenek esan bezala, Irunen kasua ez da berezia, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herri mailako beste hainbat ikerketa aztertu ditugu eta ikerketa guztietan joera nagusiak errepikatzen direla konprobatu dugu. Hortik aurrera, proposamen batzuk egin ditugu euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko.
“Liburutegiko ekintzen eta liburu eskaintzaren berri emateko modu berriak bilatzea proposatzen dugu”
Unai Oiartzun
Zeintzuk izan dira Irunen euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko egindako proposamenak?
Maialen: Laburki azalduta, proposamenetako batek irakurleak harrapatzeko ahalegin handiagoa egitea beharraz hitz egiten du. Horrela, irakurle ohikoez gainera, zalantzan dauden irakurleak erakartzeko. Kasu horretan, Unaik azaldu bezala, euskara maila hain altua ez izan arren, euskaraz irakurtzen hasteko pausua eman nahi duten horientzat zerbait berezia egitea lagungarria izan daitekeela uste dugu. Elkarrizketetan bildutako proposamenen artean, euskarazko liburu irakurterrazekin txoko berezi bat sortzea proposatu da. Horrela, zalantzan dauden horiek liburutegian haientzat egokiak izan daitezkeen liburuak aurkituko dituzte. Ikerketan bildutako beste proposamenetako bat liburutegiko harreman-sareak zabaltzea izan da, batez ere, komunikazio bideak zaltzeko helburuarekin. Ikusitakoaren arabera, liburutegian antolatzen diren zenbait jarduerak eta ekintzei ez zaie beharko luketen zabalpena ematen. Hortaz, askotan jendeak ez du jarduera horietan parte hartzen ekintzaren berri ez duelako.
Unai: Hortaz gain, liburutegiko ekintzen eta liburu eskaintzaren berri emateko modu berriak bilatzea proposatzen dugu. Ikerketak erakutsi digunez, euskarazko irakurzaletasunak, batez ere, gazteen artean irakurle asko galtzen dituela ikusi dugu. Haurrak dira, aldiz, euskaraz gehien irakurtzen dutenak. Zentzu horretan, haurren taldetik gazteen taldera igarotzean aldaketa handia nabaritu dugu. Horretarako, irakurle gazteei zuzenduta dagoen atala indartzeko beharra ikusten dugu, ez soilik, liburu kopuruaren aldetik, baizik eta liburu moten aniztasun eta gaurkotasunari dagokienez. Era berean, jada liburutegiko apalategietan dauden liburuak hobeto sal- tzea eta irakurleak erakartzeko ahalegin berezia egitea, jarduerak antolatuz. Irakurle gazteagoak erakartzeko internet eta sare sozialak erabiltzea lagungarria izan daitekeela uste dugu.
Ikerketan bildutako datu eta ondorioak nonbait kontsultatu daitezke?
Unai: Momentuz dakigula ez. Hala ere, hemendik gutxira, orain arte Jose Antonio Loidi bekaren gainontzeko lanekin egin izan den moduan, ikerketaren txostena eta emaitzak Irungo Udalaren Euskara Arloaren webgunean eskegiko direla suposatzen dugu.
Maialen: Bai, hortaz gain, aurreko baten udaletik Irungo CBA Udal Liburutegian bertan ikerketaren kopiaren bat uzteko asmoa zutela komentatu ziguten, beraz, liburutegira hurbiltzen direnek gure ikerketaren emaitzak kon- tsultatzeko aukera izango dute.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txignudi Onlinen ikusgai.