Irungo Udalak eskaera berri bat egin dio Eusko Jaurlaritzari, Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari, Itzulera Operaziorako prestatutako trafiko-dispositiboa Oiartzunera arte zabal dezaten. Joan den ostegunean Irunen eta inguruko udalerrietan —hala nola Oiartzunen bertan— izandako trafiko-kolapsorantz eta auto-ilara kilomatrikoen ostean dator eskaera hau. Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak abuztuaren 23, 24 eta 25ean martxan jarritako dispositiboak hirigune barruko zirkulazioa bermatzea lortu du, Behobia, Ventas zein Oinaurreko sarbideak kontrolatuz; hala ere, nabarmendu du kontrol-eremua udalerriz kanpo zabaltzea ezinbestekoa dela herritarren segurtasuna eta emergentzia-zerbitzuen ibilbidea ziurtatzeko.
Izan ere, Udalak egiaztatu du teknologia berriek eta GPS bidezko nabigazio-sistemek autoak Oiartzundik barrena bideratzen dituztela, trafiko interurbanoa herri-bide eta eremu landatarretatik bideratuz. Ibilgailuak Gurutze, San Martzial, Aiako Harria, Barraka, Arkale edo abere-lekuen inguruko bideetatik sartzen ari dira Irunera, normalean oso zirkulazio gutxi izaten duten bideetatik. Labordak adierazi duenez, autoak eremu horietara iristen direnean erabat ezinezkoa da horiek berriro ere autobidera (AP-8) edo N-121-A errepidera birbideratzea, eta ondorioz, nazioarteko erretentzio guztiak hiriaren erdigunera igarotzen dira, barne-mugikortasuna erabat blokeatuz.
Hiritik kanporako lana
Egoera horri aurre egiteko, Udalak kontrol-puntua Oiartzunera atzeratzea proposatu du datorren ostegunerako, historikoki abuztuaren 20aren inguruko osteguna izaten baita urteko trafiko-bolumen handiena jasaten duen eguna. Igarotako osteguneko datuek erakutsi dute auto-kopurua beste urteetako Itzulera Operazioko gailurren parekoa edo handiagoa izan dela. Horregatik, Udalak udaltzaingoaren bidez hiri-bideetan eskumena duten guneak zaintzen jarraituko duen bitartean, Ertzaintzari eskatu dio hiritik kanpoko errepide-loturetan eta Oiartzundik datorren sarbidean lehenago esku hartzeko, autoak Irungo herri-bideetan sartu baino lehen.
Azkenik, alkateak azpimarratu du Biriatuko bidesaria dela trafiko-pilaketa sortzearen erruduna, batez ere, Katea auzoa eta muga arteko tartean. Horregatik, berriro eskatu du bidesarietako hesiak altxatzeko edo, gutxienez, Biriatuko kabina guztiak zabalik mantentzeko neurri apartekoak aztertzeko. Era berean, Labordak oroitarazi du erakundeen lehentasuna izan behar dela irundarren eguneroko mugikortasuna eta sarrera-irteerak bermatzea, bizilagunek lanera, arrazoi pertsonalengatik edo Donostiako Ospitalera joateko aukera izan dezaten autobideko auto-ilarek hiria isolatu gabe.



