Irungo Udalak eta Udaltzaingoak segurtasun nahiz trafiko-gailu bereziak iragarri dituzte datozen egun eta asteetarako, udako joan-etorri masiboei erantzuteko asmoz. Cristina Laborda alkateak, Iñigo Berges Segurtasun eta Hiritarren Bizikidetzarako ordezkariak, Xabier Garagarza Udaltzaingoaren komisarioak eta Fran Ortiz komisarioordeak gaur aurkeztutako gailuak bi mugarri nagusi izango ditu: abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea eta abuztuaren 14an hasiko den ‘Itzulera-operazioa‘.
Lehenengo prebentzio-gailua asteazken honetan bertan, abuztuak 12, ezarriko da, eguzki-eklipsearen egunean. Egun horretan, sei agente gehituko zaizkio ohiko zerbitzuari, jende-metaketei, joan-etorri masiboei edota eklipseak eragindako mugikortasun-gorabeherei aurrea hartzeko.
Bigarren gailua, berriz, ohikoa baino lehenago abiatuko da: abuztuaren 14tik hilaren amaierara arte, ostegun, ostiral eta larunbatetan 18 agente gehigarri arituko dira txandaka. Irungo kokagune estrategikoak, Europarekiko loturak eta Frantziako agintariek zein Jendarmeriak muga-pasabideetan egindako kontrolek auto-ilarak sortzeko arriskua handitzen dutelako hartu da neurri hau.
Neurri nagusiak eta gomendioak
Mugako trafiko handiari aurre egiteko eta hiriaren barruko zirkulazioa zein larrialdi-bideak bermatuta izateko, neurri zehatz hauek ezarriko dira:
- Segurtasun-perimetroa: AP-8 autobidearen eta Hegoaldeko Ingurabidearen lotunetik ospitaleko biribilguneraino perimetro bat ezarriko da, Muga zeharkatu nahi duten ibilgailuak Irun barnera sartu ez daitezen.
- Trafiko-fluxuaren kudeaketa GI-636an: Hiriko erdigunetik datozen ibilgailuak GI-636 errepidean sartzea eragotziko da puntu jakin batzuetan.
- Semaforoak eta oinezkoen pasabideak: Santiagoko eta Behobiako muga-sarbideetan semaforoen denborak egokituko dira (argi berdeari denbora gehiago emanez) eta oinezkoentzako pasabide batzuk aldi baterako kenduko dira zirkulazioaren jarraitutasuna hobetzeko.
Laugarren urtez martxan
Cristina Laborda alkateak azpimarratu du laugarren urtez martxan jartzen den gailu honek 2022ko udan izandako auto-ilara luzeak ekiditea lortu duela, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlanari esker. Gainera, Iñigo Bergesek nabarmendu du aurten, ohiko itzulera operazioari bi aldaera berri gehitze zaizkiola: eklipsea eta, milaka migratzaile bater Ceutara sartu ondoren, azkenaldian gertatutako Frantziako poliziaren kontrolen indartzea.
Hala ere, muga-pasabideen konplexutasuna dela eta, Udalak herritarrei eskatu die GI-636 eta AP-8 errepideak mugarako noranzkoan ez erabiltzeko, garraio publikoa lehenesteko eta ibilgailu pribatuaren erabilera ahalik eta gehien saihesteko datozen egunetan.



