Itzulera Operazioaren pilaketak saihesteko neurrien balorazio positiboa egin dute agintariek

Cristina Laborda Irungo alkateak agerraldia egin du gaur Udaletxeko Areto Nagusian, Sergio Javier Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkariak lagunduta, 2024ko itzulera operazioa dela eta Udalak abuztuan antolatu duen poliziaren operatiboaren jardunaren eta emaitzen balantzea egiteko.

Udaleko arduradunek uste dute hartutako neurriak oso positiboak izan direla. Plangintza osoaren helburua 2022ko udan Irungo trafikoan gertatutako kolapsoaren ondorioak saihestea edo, gutxienez, arintzea izan da.

Alkatearen hitzetan, «aurten ere, ederki asko funtzionatu dute itzulera operazioko arazoak saihesteko Udalak udara honetan abian harri dituen neurriak: iaz bezala, 2022an pairatu genituen pilaketa luzeak ez dira gertatu. Udaltzaingoak lan handia egin du emaitza bikain hau lortzeko, bai eta gainerako administrazio eskudunekin koordinatzeko ere».

Irungo Udalaren plana hamar egunez gauzatu zen, abuztuko bigarren hamabostaldian, orduan igarotzen baita ibilgailu gehien Biriatuko eta Kateko ordaintokietatik.

Udaltzainak Ertzaintzarekin, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin eta Bidegirekin elkarlanean aritu dira, eta zuzeneko komunikazioa izan dute une oro DGTrekin. Dispositiboaren xedea zen Europa iparraldera zihoazen ibilgailuak hiri barrura ez sartzea, 2022koaren antzeko kolapsoa saihesteko. Horretarako, autobidera edo saihesbidera bideratu zituzten agenteek, hirigunera sartzen utzi gabe.

15 agente lanean egunero

Aipatutako neurriak hartzeaz gain, zebrabide batzuk bateratu ziren, eta Behobiako eta Iparralde hiribideko semaforoen erritmoa aldatu, eta, horri esker, hiriguneko zirkulazioa iaz baino arinagoa izan zen. Horretarako, funtsezkoa izan zen hiriko sarreretako toki estrategikoetan udal agenteak kokatu izana zirkulazioa bideratzeko eta lehentasuna Irun aldera zetozen ibilgailuei emateko; hau da, Europa iparralderantz zihoazen ibilbide luzeko autoei hirian sartzen ez uzteko.

Neurri horiek guztiak hartzeko, baliabide pertsonal eta material asko mobilizatu ziren. Alde batetik, operazioa martxan jarri aurreko egunetan, Kultura Arloko Ekitaldietako Brigada mobilizatu zen, hesiak banatzeko, eta mantentze-lanetako langileak eta Udaltzaingoko laguntzaile bat, hesietan seinaleztapen kartelak jartzeko. Behin operazioa martxan jarrita, berriz, Udalaren plana hamar egunez gauzatu zen, eta, horretarako, egunean Udaltzaingoko hamabost agente eta ofizialorde bat bidegurutzeetan bertan kokatu ziren.

Gainera, Udaltzaingoak egunerokoan bete ohi dituen eginkizunak betetzeko agenteek normal zerbitzu egin zuten. Horrela, guztira, agenteek 384 ordu egin zituzten, eta egin zituzten aparteko orduen kostua 37.000 euro inguru izan zen. Beste aldetik, baliabide materialei dagokienez, 103 hesi banatu ziren, eta ibilgailuak desbideratzeko edo sarrera debekatzeko 81 kartel jarri.

Alkateak, gainera, irundarren pazientzia eta ulerberatasuna eskertu ditu: «Udalaren kudeaketa gainditzen duen egoera bat da. Ez dugu eskumenik mugen kudeaketan ez eta Europa iparralderantz doazen ibilgailuen fluxuan, baina, udaltzainen lan handiari esker, finkatutako helburua bete dugu: aurtengo itzulera operazioaren ondorioak arintzea, hain zuzen. Nabarmentzekoa da, halaber, erakundeen arteko lankidetza, Ertzaintzarekin, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzarekin, Bidegirekin eta DGTrekin elkarlanean aritu baikara.

Azkenik, Labordak adierazi duenez, «gure aldetik, betiko iritziari eusten diogu, alegia, horrelako trafiko handiko egunetan, izugarri lagungarria izango litzatekeela ordainlekuetako barrerak irekitzea, aurrena Biriatun eta gero Katean».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude