Itzulera Operazioaren esparruan hartutako neurrien balorazioa egin da

Astearte honetan, Irungo alkate José Antonio Santanok, Udaltzaingorako ordezkari Cristina Labordarekin batera, Udalak uda honetan itzulera operazioaren harira egindako lanaren balantzea egin du. 2022an, auto ilara handiak sortu ziren Irunen, autobideko ilarak zirela-eta, eta, aurten, Udalak neurriak hartu zituen, auto ilararik ez sortzeko edo horiek arintzeko.

José Antonio Santanok adierazi duenez neurriak eraginkorrak izan dira eta, ondorioz, hiriaren erdigunean ez da auto ilararik sortu. Alkateak gaineratu du “udaltzaingoak gainontzeko administrazioekin koordinatuta egin zuen lan onaren emaitza izan zen hori, eta, horregatik, goraipatu eta eskertu egin nahi dut”. Udalak iaz hiriak bizi izan zuen kaosa berriro ez errepikatzeko konpromisoa hartu zuen, eta, hura betetzeko, Itzulera Operazioa hasi aurreko hilabeteetan bilerak egin ziren. “Bada, datuak ikusita, oro har, balantzea oso ona da”, Santanoren hitzetan.

Irungo Udalaren plana hamar egunez gauzatu zen abuztuko bigarren hamabostaldian zehar, orduan igarotzen baitira ibilgailu gehien Biriatuko eta Kateko ordaintokietatik. Ertzaintzarekin, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin eta Bidegirekin koordinatuta, bidean ematen den informazioa hobetu zen. Gainera, autobidean ilara luzeak sortzen zirenean, Oñaurreko lotune erdia itxi zen, Europa iparralderantz zihoazen ibilgailuak autobide edo saihesbiderantz desbideratzeko, horiek Irun erdialdean sartzea ekidinez. Iaz, GPS nabigatzaileek ilarei iskin egiteko ematen zizkieten aukerak zirela-eta, ibilgailu horiek ilara luzeak sorrarazi zituzten hirian.

Baliabideak

Aipatutako neurriak hartzeaz gain, zebra bide batzuk bateratu ziren. Era berean, Behobiako eta Iparralde hiribideko semaforoen erritmoa aldatu, eta, horri esker, hiriguneko zirkulazioa iaz baino arinagoa izan zen. Horretarako, funtsezkoa izan zen hiriko sarreretako toki estrategikoetan udal agenteak kokatu izana zirkulazioa bideratzeko eta lehentasuna Irun aldera zetozen ibilgailuei emateko; hau da, Europa iparralderantz zihoazen ibilbide luzeko autoei hirian sartzen ez uzteko.

Neurri horiek guztiak hartzeko, giza baliabide eta baliabide material asko mobilizatu ziren. Alde batetik, operazioa martxan jarri aurreko egunetan, Kultura Arloko Ekitaldietako Brigada mobilizatu zen, hesiak banatzeko, eta mantentze lanetako langileak eta Udaltzaingoko laguntzaile bat, hesietan seinaleztapen kartelak jartzeko. Behin operazioa martxan jarrita, berriz, Udalaren plana hamar egunez gauzatu zen, eta, horretarako, egunean Udaltzaingoko hemeretzi agente eta bi ofizialorde bidegurutzeetan bertan kokatu ziren; gainontzeko agenteek Udaltzaingoak egunerokoan bete ohi dituen eginkizunak normaltasunez bete zituzten. Horrela, guztira, agenteek 725 ordu egin zituzten, eta egin zituzten aparteko orduen kostua 36.000 euro inguru izan zen. Beste aldetik, baliabide materialei dagokienez, 103 hesi banatu ziren, eta ibilgailuak desbideratzeko eta/edo sarrera debekatzeko 81 kartel eta zirkulazioa erregulatzeko 75 kono jarri ziren.

Alkateak eskerrak eman dizkie irundarrei, Udalaren esku ez dagoen egoera bat ulertzeagatik. “Egiaz, ez dugu eskumenik, baina gure helburua lortu dugu, zirkulazioa arintzea alegia, udal agenteen lan itzelari esker” adierazi du alkateak. Nolanahi ere, behin eta berriro errepikatu dutenez, “muturreko egoeretan, lagungarria izango litzateke lehenengo Biriatuko hesiak eta gero Katekoak altxatzea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude