Irungo alkateak udako trafiko pilaketa saihesteko A-8an trafikoa erraztearen garrantzia azpimarratu du

Iaz, oporretatik itzultzeko joan-etorrien ondorioz, milaka ibilgailu pasatu ziren Biriatuko mugatik, eta zirkulazioaren kolapsoa eragin zuen horrek, ez bakarrik autobidean, baita Irungo errepide nagusietan eta hirigunean bertan ere.

Pilaketek izugarri zaildu zituzten hiriko eta eskualde osoko jarduera komertzialak eta sozialak. Irungo Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek sinatuta, puntu hauek adierazteko:

– Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion autobideak kudeatzen dituzten bi enpresen (BIDEGI eta ASF) arteko hitzarmena betearazteko, bertan xedatzen baita barrerak igoko dituztela eta bide-sariak kobratzeari utziko diotela Irunen eta Biriatun errepidean auto-pilaketa handiak daudenean.

– Eusko Jaurlaritzari kontrola areagotzeko eskatu zitzaion, bai eta trafikoaren egoerari buruzko informazioa hobetzeko ere.

– Irungo Udalak konpromisoa hartu zuen Ertzaintzarekin dagoeneko egiten duen lankidetza indartzeko, Aldundiaren eskumeneko errepideetan trafikoa kontrolatzeari dagokionez.

– Irungo Udalak deitoratu egin zituen Frantziako agintariek Santiago zubian eta Behobian egiten zituzten kontrol selektiboak.

-Azkenik, Espainiako gobernuari eskari bat egin zitzaion: Frantziako gobernuari mugako kontrolak kendu zitzan eskatzeko, hain zuzen.

Urte honetan, alkateak bilera ugari egin ditu gai hori jorratzeko erakunde askotako arduradunekin. Pedro Sánchez Espainiako gobernuko presidenteari ere zuzendu zaio idatziz, Frantziako mugako kontrolen inguruan. Urtebete joan denean, kontrolak oso noizbehinka baino ez dituzte jartzen mugan, eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bide-komunikazioko plan bat landu dute elkarrekin, A-8ko paseko zirkulazioak beste bide batzuei eragin ez diezaien, ilarak daudenean gertatu izan den bezala, ibilgailuak autobidetik irteten baitziren eta hiri barruko bideetan bilatzen baitzituzten muga zeharkatzeko alternatiba azkarragoak, eta horrela beste errepide eta bide batzuk ere kolapsatzen ziren.

Alabaina, azken aste honetan zirkulazio oso motela izan dugu zenbait egunetan, bai Bilboko norakoan, bai Baionakoan, eta ilara luzeak sortu dira.

Neurri lokalak

José Antonio Santanok Irungo Udalak bere eskumenen arabera abian jarriko dituen neurrien berri eman du gaur, eta Bidegi eta Vinci autoroutes enpresei gutun bana igorri diela jakinarazi du, haiek baitira ordainlekuen arduradunak, bakoitza mugaren alde batean: «Kontu bat bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu, eta da Biriatuko ordainlekuko arduradunek ulertzea mugan bertan daukatela ordainlekua, eta trafikoa ez moteltzeko ahal dituzten neurri guztiak hartu behar dituztela. Horretarako, pasabide hori modu eraginkorragoan kudeatzeko eskatu diegu, kobratzeko kabina guztiak irekita eta trafiko astuneneko uneetan kontrolak kenduta. Eta, jakina, barrerak altxatzeko aukera ere kontuan izan behar dute, ilarak benetan luzeak direnean. Azken egiteko hori Bidegirekin koordinatuta egin beharko lukete».

Alkatearen hitzetan, «badakigu aurten bertatik igarotzen diren ibilgailuen kopurua ia % 5 haziko dela, aurreikuspenen arabera, eta ikusten ari gara lehen pilaketekin ilarak sortzen hasi direla. Gure ustez, garrantzitsuena da ilara horiek ez luzatzea, ordainlekuetako barrerak irekitzea eta zirkulazioa ahalik eta gehien arintzea. Horretarako, iruditzen zaigu 8 kilometroan bi aldiz geratu behar ez izatea neurri ezinbesteko, praktiko eta eraginkorra  dela».

Gainera, Udaltzaingoak zirkulazioa kontrolatzeko protokolo bat jarriko du martxan, urrunera doazen ibilgailuak ez daitezen hiri barrura sartu autobideko ilarak saihesteko. Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak azaldu duenez, «martxan jarriko dugun protokolo horren helburu nagusia da Irunera ez doazen ibilgailuak ez irtetea hegoaldeko saihesbidera, hiria zeharkatuta autobideko ilarak saihestuko dituztelakoan». Ertzaintzarekin koordinatuta eta kontrastatuta hartu da neurri hori. Polizia autonomikoak, gainera, konpromisoa hartu du autobidean ematen duen informazioa areagotzeko, autoak ez daitezen bertatik irten ibilbide azkarrago baten bila.

Bestalde, alkateak trafiko moteleneko egunetan garraio publikoa erabiltzeko deia egin du, batik bat Donostiara joateko. «Badakigu beti ez dela posible izaten, baina Donostiara topoz joanda ibilgailu kopurua murrizten da, eta herritarrek berek lortuko dute udako trafiko-ilara amaiezin horietan harrapatuta ez geratzea».

Alkateak esan duenez, «hiriari bete-betean eragiten dion arazo bati konponbidea bilatzeko ahaleginetan gaude, baina tokiko administrazio bat gara, eta ez dugu horretarako eskumen askorik. Hori dela eta, urtebete daramagu beste erakunde batzuekin koordinatzen, hain zuzen, 2022ko egoera kritikoa arintzen laguntzeko eskumenak dituztenekin».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude