Gaur goizean, Irungo alkate José Antonio Santano, Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerarekin bildu da, Irungo udaletxean, udako zirkulazio arazoak eta mugako ilarek Irunen dituzten ondorioak aztertzeko.
Zehazki, Irungo alkate José Antonio Santano administrazio eskudunekin gaia garaiz lantzeko sustatzen ari den bileren barruko azkena zen hau. Aurrez, Gobernuaren Euskadiko ordezkari eta ordezkariordearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu da.
Alkateak Trafikoko zuzendariaren prestutasuna eskertu du, eta “bilera positiboa” izan dela adierazi du. “Bat etorri gara uda honetan hirian bizi izan genituen ilarak prebenitu edo gutxienez arindu behar ditugula. Hainbat estamenturi helarazi diegu gaia, eta, proposamen zehatzak eginda, aurrera egiten hasiak gara”.
Bileraren emaitza maiatz alderako administrazio eskudunetako (tartean, Irungo Udaleko) ordezkarien arteko lan mahai bat sortzeko asmoa da, muga zeharkatzen duten ibilgailuen urteko joan-etorriak planifika ditzan besteak beste (bai hegoaldetik mugarantz igotzen direnena, bai hegoalderantz jaisten direnena).
Ildo horretatik, sakondu beharreko lan ildoen artean, bi noranzkotan informazio hobea eman beharra aipatu da: batetik, bideko seinaleztapena hobetzea, mugarantz doazen ibilgailuak garaiz ohartarazteko; eta, bestetik, Irungo sarreretako seinaleztapena hobetzea, iragaitzazko ibilgailuak ez daitezen sar erdialdean eta ez ditzaten sor ilarak hiri osoan.