Ander Loidi Yarza, ingeniari biomedikoa: “Kongresu guztiak, sariarekin edo saririk gabe, zure emaitzak erakusteko pizgarri txikiak dira”

Ander Loidi Yarza ingeniari biomedikoak bigarren saria lortu du Espainiako Ingeniaritza Biomedikoaren Elkarteak urtero antolatzen duen kongresuan. Zehazki, master eta doktoretza ikasleei zuzendutako José María Ferrero Corral sariaren atalean aurkeztu zuen bere lana. Irundarrak azaldu duenez bere proiektuaren azken helburua miokardio-iskemia akutua ezabatzea lortuko duen farmakoa topatzea da.

Zer ikasi duzu?
Ingeniaritza elektronikoa ikasi nuen Valladoliden. Hasieratik konturatu nintzen alderdi industriala ez zitzaidala asko gustatzen eta horregatik, ia hasieratik, medikuntzan gehiago sartzea interesatu zitzaidan. Ondoren, master bat egin nuen robotikan eta beste bat ingeniaritza biomedikoan. Nire helburua bi espezialitate horiek egunen batean elkartu ahal izatea da, baina oraingoz arreta handiagoa jartzen dut biomedikuntzaren zatian.

Zertan ari zara lanean gaur egun?
Une honetan nire lanean bihotzaren eredu konputazionalak erabiltzen ditut eta simulazioak egiten ditugu hainbat patologiak nola jokatzen duten ikusteko. Horri esker ikus dezakegu osasun arazoak nola konpon daitezkeen eta botikek patologia horietan izan dezaketen eragina. Proiektu honen zati bat izan zen lehiaketara aurkeztu nuena.

Zergatik erabaki zenuen proiektu honekin lehiaketara aurkeztea?
Esan beharra daukat nire tutoreak eta nire taldeak motibazio handia eman zidatela lehiaketara aurkezteko erabakia hartzerakoan, beraiek kongresu nazional eta internazional batzuetan parte hartzen baitute. Master amaierako proiektuaren zati bat aurkezteko aukera eman zidaten eta horregatik animatu nintzen parte hartzera.

Espainiako Ingeniaritza Biomedikoaren Elkarteak antolatutako lehiaketa izanik, oso lehiaketa ezaguna izango da, noski, ezta?
Ingeniaritza biomedikoaren barruan, nazio-mailan kongresurik garrantzitsuena da. Beraz, oihartzun handia duen ekitaldia da; izan ere, herrialde osoko ikerketa-zentroek parte hartzen dute, eta mundu guztiak erakusten du bere lana. Hori dela eta, oso ekitaldi ezaguna da.

Zehazki master eta doktoregoko ikasleei zuzendutako atalean parte hartu zenuen. Alde horretatik, uste duzu garrantzitsua dela ikasleak motibatzea sari hauen bidez?
Bai horixe. Gainera, lehiaketa bat edo txapelketa bat izateak emaitza hobeak lortzeko motibatzen zaitu, oso ondo baitago bertara aurkeztea, baina baita irabaztea ere. Azken batean, pizgarri bat da, eta saria lortzeak aintzatespen dezente dakarzkizu. Beraz, denak laguntzen du.

Zer esan nahi du bigarren sari bat lortzeak honelako lehiaketa batean?
Alde batetik, sari ekonomikoa dago, baina uste dut hori bigarren maila batean geratzen dela, interesgarriagoa iruditzen baitzait parte hartu ahal izatea eta finalista izatea. Hori bakarrik lortzea ere ospatzeko moduko zerbait iruditzen zait. Egia da irabazten duzunean publizitatea lortzen duzula, bai zure proiektuarena, bai lan egiten duzun ikerketa taldearena. Horregatik, oso ondo iruditzen zait honelako lehiaketak antolatzea.

Hau al da maila honetako lehiaketa batera aurkezten zaren lehen aldia?
Bai, nire lehen biltzarra zen, bai eta Espainiako Ingeniaritza Biomedikoaren Elkartearen Urteko Kongresu honetan parte hartzen nuen lehen aldia ere. Oso hunkigarria izan zen finalista izatea. Horri bigarren geratu izana gehitzen badiozu, dena oso zirraragarria izan zen.

Nolakoa da lehiaketa hauetara aurkezteko prozedura?
Kongresuak hainbat modalitate ditu eta parte hartzen duten lan guztiak poster edo ahozko aurkezpen baten bidez aurkeztu behar dira. Zure lana aurkezten duzunean, lehiaketan parte hartu nahi duzula ere esan dezakezu. Hala ere, horrek ez dizu ziurtatzen defendatuko duzunik. Kasu honetan, lau orriko artikulu zientifiko bat idazteko eskatzen ziguten, lehiaketan parte hartu ala ez. Aurkeztu eta hilabetera, proiektua lehiaketarako onartzen ote zuten jakinarazten zizuten. Finalista izateko hautatua izan bazinen, sariaren atal berezian aurkeztu behar bazenuen jakinarazi egiten zizuten. Kasu honetan horrela izan zen, prestatu eta bigarren saria lortu genuen, eta ez dago batere gaizki.

Pozik zaude bigarren postu hau lortu ondoren?
Bai, gainera, ilusio handia nuen kongresua Valladoliden egin zelako, eta lehen esan dudan bezala, nik han ikasi nuen. Horregatik, ilusio handia nuen lau urtez ikasi eta bizi izan nintzen hirira itzultzeagatik, lehiaketa batera lan bat aurkeztera. Beraz, niretzat pizgarri bikoitza zen han nire lana erakusten egotea. Zentzu horretan, oso ondo egon zen.

Beste proiektu batzuk ezagutzeaz gain, esparru bereko beste profesional batzuk ezagutzeko aukera emango dizuete lehiaketek, ezta?
Bai, egia esan, lehiaketetan parte hartzeko esperientzia guztiz gomendatzen diot zientziaren esparruan lan egiten duen orori. Horrelako ekitaldietan aritzeak oso antzeko gauzetan edo guztiz kontrako zerbaitetan lan egiten duen jendea ezagutzeko aukera ematen dizu. Gauza asko ikasten dituzu, jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu eta uste dut oso esperientzia gomendagarria dela.

Zein fasetan dago zuen proiektua gaur egun?
Europako proiektu batean lan egiten dut, eta aztertzen ari gara nola eragiten dieten botikek bihotzeko patologiei. Nik, zehazki, miokardio iskemia akutuarekin egiten dut lan, eta, gaur egun, erdi-mailako etapa batean gaude, proiektua 2024ra artekoa baita. Orduan, bidean egon daitezkeen pizgarri txiki horiek guztiek aurrera egiten jarraitzeko motibatzen gaituzte. Horregatik, kongresu guztiak, sariarekin edo saririk gabe, zure emaitzak erakusteko pizgarri txikiak dira, eta, beraz, emaitza horiek sortzera behartzen zaituzte.

Zeintzuk dira proiektuaren azken helburuak?
Azken helburua patologia ezabatzeko edo aurre egiteko gai den farmako bat aurkitzea litzateke. Oraingoz, pixkanaka goaz. Nik lortutako emaitzak 0Dn izan ziren, hau da, zelula isolatu batean. Orain 3Dra pasatuko ditugu, bihotz osora. Oraingoz ibilaldi horretan gaude, baina helburu idilikoa hasierako helburu berbera da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude