Hilabete gutxi batzuk pasa dira Axier Alexander Bastarrika gazteak Irungo Iparralde etorbidean negozio berri bat zabaldu zuenetik. “Goxoa egin berria” lelopean, krepe-denda berria dago hiran, bertako osagai eta errezeta landuarekin bezeroak erakartzeko asmoa duena. Axierrek bere kabuz martxan jarritako negozioa da eta argi eta garbi du proiektuaren zabalpenerako eman beharreko hurrengo urratsak zeintzuk diren.
Nola bururatu zitzaizun Irunen honelako negozio bat martxan jartzea?
Egia esan, bat-batean sortutako aukera bat izan zen. Nire aurreko lanetik bota ninduten eta nire neskarekin zer egin nezakeen pentsatzen nenbilen bitartean nire kontu lan egin nahi nuela erabaki nuen, beste batentzat lan egiteko beharrik gabe. Hortaz, ondo egiten ditudan gauzetan pentsatzen hasi nintzen eta krepe-denda bat martxan jartzea erabaki nuen. Izan ere, Irunen oso krepe-denda gutxi daude eta horietan, nire ustez, ez dira krepak egin behar diren moduan egiten.
Nolakoak izan da Krepherriaren ibilbidearen hasierako hilabeteak?
Krepeherria zabaldu eta denbora gutxira dendara jende dezente sartzen zela ikusi nuen. Hasiera batean, eramateko prestatutako kafeak saltzen nituen batez ere, baina, pixkanaka gero eta krepe gehiago saltzen hasi nintzen. Ahoz-aho jendeak nire dendaren inguruan nola hitz egiten zuen ikusi nuen. Orain arte nire bezero gehienak irundarrak direla esan dezaket eta, batzuk, berriz, Hondarribikoak.
Frantzian, adibidez, krepeak kontsumitzeko ohitura zabalduago dago?
Bai, zentzu horretan, pandemiaren ondorioz mugan dauden murriztapenen ondorioz Irunera frantses gutxiago etortzen direla nabaritu dut. Hala ere, Krepherritik jada zenbait frantses igaro dira eta behin baino gehiagotan errepikatu dutela ikusita, gustatu zaiela dirudi.
Negozioaren arrakastarako lokalaren kokapena garrantzitsua izatera ari da?
Bai, lokalaren kokapena lagungarria dela uste dut. Egia esateko, lokalaren ezaugarriengatik erabaki nuen Krepherria bertan zabaltzea, lokalak beirate zabala izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, jendeak krepeak nola egiten ditudan ikusi dezan. Kokapenean ez nuen hainbeste arreta jarri, beranduago jakin bainuen Frantziako mugatik gertu kokatuta zegoela. Zentzu horretan, zortea izan dut.
Zeintzuk dira Krepherrian eskaintzen dituzun produktuak?
Krepez gainera, “Wafle”-ak ditut, hau da, burbuiladun gofreak dira eta gero eta gehiago saltzen dira horrelakoak. Bestetik, saltxitxa gofreak dauzkat, brotxeta batean gofre masarekin estaliak saltzen diren saltxitxak. Hortaz gain, artisau-opil batzuk dauzkat, naturalak eta egin-berriak, marmelada edo Nutellarekin osatu daitezkeenak.
Osagaiak kalitatezkoak izatea garrantzitsua izango da zuretzat?
Hori da, lokalaren atzealdean sukaldean daukat eta bertan irinarekin, arrautzekin eta bestelako osagaiekin nik neuk egiten dut nire produktuen orea. Gainera, produktuak gertuko ekoizleei erosten saiatzen naiz. Orain, adibidez, Kaiku markako esnekiak erabiltzen ditut.
Jendeak zuzenean krepeak edo bestelakoak nola egiten dituzun ikustea gustuko du?
Bai, batez ere, umeen atentzioa erakartzen du. Erakusleiho aurrean beti krepeak nola egiten ditudan begiratzen duten haurren ilara bat izan ohi dut, lerdea dariela. Oso publizitate ona da niretzat, jendeak argazkiak ateratzen ditu eta asko gustatzen zaie.
Negozioa zabaltzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, zertan hobetu eta inbertitu nahi dudan nahi argi daukat. Horretarako lehen urratsa diseinatzaile bat kontratatzea izan da, enpresaren irudia, logotipoa eta zenbait diseinu egiteko, markari bizia emateko. Hortaz gain, Irungo YouTuber eta pertsona ezagunekin harremanetan jarri naiz, elkarlanean proiektu batzuk egiteko eta etorkizunean nire negozioa hirian ezagutzera emateko asmoarekin.
Konplikatua da krepe onak egitea?
Egia esan, nahiko erraza da krepeak egitea. Betidanik egin ditut, orduan, oso erraza da niretzat krepak egitea.
Etorkizunean produktu edo zapore berriak eskain- tzeko asmorik duzu?
Bai, errezeta hobetzen saiatzeko ahalegin handia egiten ari naiz, izan ere, oinarrian errezeta on bat edukitzea garrantzitsua iruditzen zait. Momentuz, errezetaren aldaera ezberdinak probatzen ari naiz, jendeari gehien gustatzen zaiona topatu arte. Hortaz gain, “Kreptalo” izena duen produktu berri bat izango dut laster, krepea eta taloaren arteko zerbait izango dena eta txistorra edo txingarrarekin dastatu ahal izango dena.
Zeintzuk izango dira Krepherriarekin eman nahiko zenituzkeen hurrengo urratsak?
Diru apur bat aurreztea lortzen dudanean lokala aldatu nahiko nuke, izan ere, diseinatzailearekin lokalaren irudi berria nolakoa izango den prestatu dut, lokalari beste itsura bat emateko. Gainera, arrakastaren arabera, etorkizunean Krepherria beste lekuetara zabaltzea posible izango litzateke.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.