Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko Arloak sustatuta, Aiako Harria Parke Naturalean dagoen Lapurriturriko Informazio Guneak udako denboraldia abiatuko du laster. Ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean, zentroa zabalik egongo da asteburu, jaiegun eta zubi guztietan, goizeko 09:30etik 13:30era. Bisitariek Parke Naturalari, inguruko eskaintza turistikoari eta eremuan dauden ibilbide tematikoei buruzko argibideak jaso ahal izango dituzte bertan; besteak beste, hozkailu-putzuak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak edota bertako flora eta fauna ezagutzeko aukera egongo da, guneak daramatzan 15 urte baino gehiagoko esperientziari esker.
Uda honetako egitaraua inauguratzeko, “Mineralen Tailerra” antolatu dute ekainaren 13an, larunbata, goizeko 11:00etatik aurrera. Jarduera hau herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki gomendatzen zaie 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei. Saioan parte hartzen dutenek inguruko mineralak bertatik bertara aztertu eta eguneroko bizitzarekin erlazionatzen ikasiko dute joko dibertigarri baten bidez, eta amaieran propietateak jasotzen dituen fitxa bat eramango dute etxera. Parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa da eta maiatzaren 28tik ekainaren 8ra bitartean egin daiteke, 010 telefonora deituz edo udal webgunearen bidez. Antolatzaileek mendirako arropa eta oinetako egokiak, ura zein hamaiketakoa eramatea aholkatzen dute.
Tailer gehiago
Mineralen tailer honetaz gain, Lapurriturrik beste lau jarduera berezi eskainiko ditu datozen hilabeteetan, inguruko balio historiko, kultural eta naturalak herritarrengana hurbiltzeko. Horrela, uztailaren 11n “Polinizatzaileen jokoa” egingo da, abuztuaren 8an “Fosilen tailerra” egongo da ikusgai, irailaren 12an “Zuhaitza, gure laguna” ekimena ospatuko da eta, amaitzeko, urriaren 10ean “Mikologia tailerra” antolatuko dute. Saio bakoitzari buruzko xehetasun espezifikoak eta izen-emate epeak data bakoitza hurbildu ahala jakinaraziko ditu Udalak.



