Aiako Harriko mineralak ezagutzeko irteera antolatu da irailaren 16rako

Irailaren 16an, larunbatean, Aiako Harriko mineralak ezagutzeko irteera antolatu du Lapurriturriko informazio-puntuak. Ibilbidea goizeko 11:00etan hasiko da Lapurriturriko informazio-puntuan.

Jardueran parte hartzen duten pertsona guztiek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte inguruko arrokak eta mineralak, baita elementu natural horien erabilerak ere. Joko baten bidez egingo dute hori, eta joko horretan, mineral batzuk dagokien fitxarekin lotu beharko dituzte.

Nahi duten herritar guztientzako da jarduera, eta, bereziki, 8 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzako pentsatua dago. Parte hartzeko, irailaren 2tik 13ra bitartean eman behar da izena, 010 telefonora deituta, edo Irungo Udalaren webgunearen bidez. Lapurriturriko informazio-puntutik, adierazi dute komeni dela mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak eramatea, eta baita ura eta hamaiketakoa ere.

Lapurriturri, bizi-bizi

Aurten, Lapurriturriko informazio-puntua maiatzaren 28an jarri zen martxan, gure ingurune naturaleko hegaztien aniztasuna ezagutarazteko irteera bat eginda. Abuztuaren 26an egin zen azken jarduera. Orduan, Aiako Harriko inguruko zuhaitzak deskubritzeko izan zen. Udan eta udazkenean, beste irteera batzuk ere egingo dira Lapurriturriko ingurune naturalean. Jendeari arreta emateko ordutegia ohikoa izango da: ekainetik urrira bitartean, asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Lapurriturriko informazio-puntua

Lapurriturriko informazio-puntuak hamabost urtetik gora darama bisitariei parkea ezagutarazten denboraldi osoan hainbat jarduera antolatuta. Udaberrian, udan eta udazken-hasieran jarduerak antolatzeaz gain, bisitariei informazioa ere ematen diete informazio-puntuan bertan, paperean eta baita gidari batek parke naturalari buruzko azalpenak emanez ere, dela bost ibilbide tematikoen inguruan (elurzuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak, eta flora, fauna eta ura) dela inguruko eskaintza turistikoaren inguruan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude