Irun prest dago ostegunean 23. Korrika bidean jartzeko

Dena prest dago ostegun honetan 23. Korrika Irundik abiatzeko. Hilaren 14an 16:00ean “Harro Herri” lelopean hasiko dira ttipi-ttapa korrika, nahiz eta egun osoko egitaraua prestatu den hirian Korrikaren abiatzea ospatzeko. Korrikaren hasiera nolakoa izango den kontatzeko prentsaurrekoa eman dute gaur Xabier Artola Malangrez Korrikako Gipuzkoako arduradun, Beñat Alzaga Olazabal Bidasoko AEK-ko zuzendariak eta Maddi Sanz Sanchez lehen eguneko arduradunak.

Urtarriletik gaur arte, hiritarrek hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan dute. Tartean, “Badon Opera Postdramatikoa” opera kontzertua eta Korrika Kulturalaren jarduera egitaraua:  Katea eta Larreandiko Korrika Egunk, Eukal Herriko Hitz Gurutzatuen Lehiaketa eta Erromeri Ibiltaria.

Hori gutxi balitz, egun handiari begira ere jai giroa nagusi izatea ere espero da. Izan ere, goiz-goizetik hasita, irundarrek jarduera egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute. Horrela baieztatu zuen Nuria Alzaga Euskara eta Kultura ordezkariak: “Irunen dena prest dugu egun handirako. Korrikaren martxa arratsaldean abiatuko bada ere, goizetik arratsaldera arte festak ez du etenik izango hirian. Tartean, Korrika Gazteaz, bertso poteaz edo Esne Beltzaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu. Ziur nago egun gogoangarria izango dela”.

Arratsaldeari begira, Korrikaren ekitaldiaren aurkezpena 15.30ean izango da San Juan plazan eta horren ostean, abiatuko da 23. Korrika. Nolanahi ere, irundarrek Korrikako martxaz gain, Burrunba Elektrotxarangaren, Esne Beltzaren edota Bad Sound eta Lagunak-en emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute arratsalde osoan zehar. Gainera, Maddi Sanzek azaldu duenez, Urdanibia plazan txosnak jarriko dira, beraz, eguerdiko 12:30etatik aurrera gauerdira arte zer jan eta edan egongo da.

Martxoaren 14ko egitaraua

Goizeko 11:00etan Zubimuxu biribilgunetik Korrika Gaztea abiatuko da. Ibilbidea berriz, hauxe izango da: Zubimuxu biribilgunea, Hondarribia kalea, Zubiaurre kalea, Geltoki kalea, Colón pasealekua,  Luis Mariano kalea eta Zabaltza plaza.

San Juan plaza eta inguruetan aldiz, hainbat ekintza egingo dira egunean zehar. 11:30ean muxikoak egingo dira Almudena Grandes plazatxoan eta 12:30ean berriz, bertso triki-poteoa. Arratsaldeko 15:30ean Korrikaren ekitaldi nagusia hasiko da, 16:00etan Korrika hasi aurretik. Beñat Alzagak Irungo AEK-ko arduradunak azaldu duenez, ez da ohiko aurkezpen ekitaldia izango: “atril aurrean hitzaldi bat eman ordez, musika bidelagun izango duen aurkezpena izango baita”. Bertan, AEKren hainbat eledunek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagundurik.

Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da KORRIKA. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, “lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko”.

Lehendabiziko gauaren bila Korrikak Lapurdin barrena segitzen duen bitartean, Urdanibia plazan festari jarraipena emateko ekintzak egingo dira. Goizeko 11:30ean hasita arratsaldeko 19:00ak arte Artisau Azoka egingo da. Kontzertuak berriz, 17:30etan hasiko dira Burrunba elektrotxarangaren txandarekin. 19:30ean Esne Beltza Urdanibia plazako eszenatokira igoko da eta eguna girotzen azkenak Bad Sound eta lagunak izango dira 21:30etatik aurrera.

Maddi Sanz hasiera-jaiaren koordinatzailearen esanetan, «Korrikak aukera eman digu Herriko euskaldun eta euskaltzale guztiok topo egin dezagun, eta guk euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu. Irun euskaldun eta horregatik harroa ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa».

Trafiko aldaketak 

Albiste honetan 23. Korrikak Irunen barrena egingo duen ibilbidearen xehetasuna kontsultatu ditzakezu.

Korrika Gaztearen ondorioz hirian trafiko eragozpenak aurreikusten dira, goizeko 11:00etatik 13:30era. 10:45etik aurrera Letxunborro etorbidea, Gibeanakako biribilgunetik eta Hondarribia kalera, moztuta egongo da. 10:50etik aurrera Colón pasealekua Hondarribiarantz moztuta egongo da ere, Francisco de Gainzatik hasita. 11:00etatik aurrera Korrika Gazteak zeharkatzen dituen kale guztiak moztuko dira. Jarduerak aurrera egin ahala, trafikoa eten egingo da momentu zehatzetan, eta ahal bezain pronto trafikoa bere horretara bueltatuko da, betiere oinezkoen segurtasuna bermatuz.

Korrika ofiziala dela eta, hurrengo trafiko eragozpenak aurreikusten dira hirian, 15:50etik eta 17:30ak arte.15:50etik aurrera Letxunborro etorbidea, Gibeanakako biribilgunetik eta Hondarribia kaleraino moztuta egongo da. Izan ere, Korrikak, 16: 00etatik 16: 25era  San Juan plaza , Nafarroa hiribidea,  Dunboa, Uranzu, Urdanibia plaza, Eguzkitzaldea,  Euskal Herria hiribidea, Gipuzkoa hiribidea, Colón pasealekua, Hondarribia eta Zubimuxu biribilgunea zeharkatuko ditu Hondarribian sartu aurretik.

17:05etik Korrika Irunera itzuli arte trafikoa moztuta egongo da hurrengo bideetan: Zubimuxu , Hondarribia, Zubiaurre, Geltoki, Colón Pasealekua, Jacobo Arbelaitz , Cipriano Larrañaga, Republica Argentina, Iparralde eta Santiagoko Nazioarteko Zubia.

Jarduerak aurrera egin ahala, trafikoa eten egingo da momentu zehatzetan, eta ahal bezain pronto trafikoa bere horretara bueltatuko da, betiere oinezkoen segurtasuna bermatuz.

Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez egun horretan Irunera iristeko hainbat bide egongo dira. Euskotren, Renfe eta Ekitaldebus garraio publikoak erabiltzea aholkatu dute, lanegun ordutegiarekin funtzionatuko dutenak. Bestetik, Ficobako aparkalekuan kotxea uzteko aukera egongo dela jakinarazi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude