Irun Korrikaren hasierara aurreratuko da girotze ekintzen bitartez

Irunek abian jarri ditu jada Korrikari ongietorria egiteko lehen ekintzak. Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako eta Euskarako ordezkariak, Korrika antolatzen duen AEKren ordezkari Maddi Sanz eta Mattin Solzabarbererekin batera, euskararen aldeko ekitaldiaren hogeita hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur San Juan plazan. Irun eta Baiona lotuko ditu ibilbideak, martxoaren 14tik 24ra, «Harro Herri» lelopean.

Egun handiaren aurretik, gazte zein helduek jarduera programa oso berezi batez gozatzeko aukera izango dute. larunbat honetan jarriko dena martxan. Izan ere, urtarrilaren 13an, 19:00etan Amaia KZn eskainiko den Badon Opera Postdramatikoa euskarazko opera emanaldia izango da antolatutako lehen ekintza. Ekintzak, berriz, martxoaren 2an amaituko dira, Santiagoko Korrika Egunarekin.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak esan duenez: «Irun martxoaren 14an Korrikaren abiapuntu izateko prestatzen ari da eta, motorrak berotzen hasteko, larunbat honetan ekingo diogu jarduera-programa oparo bati”. Euskara eta kultura ordezkariak adierazi duenez urtarrilaren 13tik martxora arte luzatuko da programazioa, eta “handi zein txikiek izango dute aisialdia euskaraz gozatzeko aukera”.

Gainera, berritasun gisa, eta iragan abenduan iragarri bezala, larunbat honetan, urtarrilaren13an, euskarazko «Badon Opera Postdramatikoa» eskaini bitartean ludoteka-zerbitzua egongo da Erdialdeko haurtxokoan. Horrela, gurasoak lasai asko joan ahalko dira operara, haurrak ondo zainduta egongo direla jakinda. Zerbitzua guztiz doakoa izango da. Ludoketa-zerbitzua erabili nahi duten gurasoek urtarrilaren 12ko 14:00ak baino lehen egin behar dute erreserba, Amaia KZko webgunean edo turismo bulegoan.

Amaia KZn egingo diren jarduera guztietarako sarrerak Amaia KZren webgunearen bidez eros daitezke. Horrez gain, Luis Marianoko turismo-bulegoan ere salduko dira, eta Amaia KZko txarteldegian, ekitaldia baino ordubete lehenagotik hasita, baldin eta lekurik geratzen bada. Badon emanaldirako sarrerek 8 euroko prezioa izango dute.

Nuria Alzagak gaineratu duenez, Irungo Udalak poztasunez jaso zuen hiria Korrikaren abiapuntua izango zelaren albistea eta hiriko bazter guztietara Korrikaren giroa zabaltzen laguntzeko lan egiteko prest daudela adierazi du. Gainera, ordezkariak esan du ekimen hauek apustu argi bat direla hiriko kultur eskaintza eta aisialdiko aukerak deszentralizatzeko, auzoetan egingo baitira ekimenetako asko.

Hurrengo ekintzak

Irunen Badon Opera Postdramatikoaz gozatu ostean, beste hainbat ekintza egingo dira datozen hilabeteetan Korrikarako prestatzeko. Zehazki, urtarrilaren 20ean Landetxako Korrika Eguna ospatuko da. Eguerdiko 12:00etatik aurrera Katea auzoan haurrentzako jolasak, trikipoteoa, bertso-bazkari musikatua, skate tailerra eta kantu-jira izango dira.

Otsailean, berriz, Korrikaren eta Irungo Harrera Sarearen arteko topaketa bat egingo da migrazioaren eta nortasunaren gaia lantzeko. Otsailaren 18an egiteko den ekintza honen ordua ordea, zehaztu gabe dago oraindik. Otsailean ere Larreaundik bere Korrika Eguna ospatuko du, goizeko 11:45etik aurrera. Antolatzaileek haurrentzako jolasak, kontzertuak eta azokak izango direla aurreratu dute. Azkenik martxoaren 2an Santiago auzoan egiteko den Korrika egunarekin amaiera itxiko da Korrika Kulturalaren programazioa Irunen.

Irungo AEK euskaltegiko ordezkariek adierazi dute, Korrikaren irteeraren egunean bertan hamaika ekintza antolatuko direla Irunen. Hala ere, data hurbiltzen denean xehetasun guztiak emango direla adierazi du Maddi Sanzek. Bien bitartean, Korrikarekin loturik Irunen antolatuko diren ekintza guztietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

2.Korrika Batzordea

Gainera, ostiral hoentan bertan Korrikaren antolaketan era aktiboan parte hartu nahi duten pertsonak 2. Korrika Batzordean parte hartuko dute. Maddi Sanzek gogoratu duenez, bilera Palmera Montero Gunean egingo da 18:30ean hasi eta 19:45ak arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude