Korrika Eguna ospatuko dute Katea auzoan urtarrilaren 20an

2024ko Korrika Irunen hasiko denez, Bidasoa AEKak Korrika Kulturalaren barneko ekintzak antolatzen hasi da. Horrela, martxoaren 14ra bitarteko asteak girotzeko hainbat ekintza prestatzen ari dira, urtarrilaren 20an Kateako auzoan egingo den Korrika Eguna tartean. Egun horretan auzo elkartean egingo den bertso bazkari musikaturako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Lehen ekintza kultural horietako bat urtarrilaren 20an Katea auzoan egingo den Korrika Eguna izango da. Egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako. 12:00etan Bikonetek Altxorraren Bila egingo da, frontoitik abiatuta 10-15 urte bitarteko gazteentzat. 12:45ean Auntxak girotutako Trikipoteoa abiatuko da frontoitik eta auzoko tabernetan zehar ibiliko da. 14:00etan Bertso Bazkari Musikatua egingo da auzo elkartean, Irunabar eta Larrearen eskutik.

17:45ean Skate tailerra egingo du Teknika Surf Eskolak. 6 urtetik gorako haurrentzat izango da, frontoian egingo da. Bakoitzak bere kaskoa ekarri beharko du eta izena emateko 747425434 telefono zenbakia. 19:30ean Kantu jira auzo elkartetik abiatuta Elatzeta elkarteak antolatua.

Bertso bazkarirako sarrerak

Bertso bazkari musikatua urtarrilaren 20an Katean egingo den ekintzetako bat izango da. Saioan Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kidek eta inguru hurbileko lagunek osatutako “bertso-banda” arituko da. Izan ere, Irunbarrek Katea-Landetxako auzo elkartearekin batera antolatutako ekintza izango da. Bertso bazkari musikatuan Adrian Arruti, Abel Zabala, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana jardungo dira bertsolari lanetan, Iban Clementek, Beñat Elosegik, Rafa Rodrigok eta Maddi Sanzek musikari lanak egingo dituztelarik eta gai jartzailea Gotzon Aizpiolea izango delarik. Horixe da antolatutako menua.

Bertso bazkari musikatua urtarrilaren 20ko 14:00etan hasiko da auzo elkartean. Jatekoa Larrea hurbileko elikadurak prestatuko du eta sarrerak 15 euroan eskuratu daitezke honezkero. Sarrerak Hazia, Depor, Aranaztarra, Nuevo, Otazpi eta Itzala tabernetan erosi daitezke. Gainera, aukera beganoa ere egongo da eta hala nahi izanez gero, 747425434 telefono zenbakira idatzi beharko da.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude