Udalak bakardade eta isolamendu egoerak detektatzeko zerbitzu pilotu berria aktibatu du

Udalak bakardade eta isolamendu egoerak detektatzeko zerbitzu pilotu berria aktibatu du. Zerbitzua abian da dagoeneko, egoera horietan jarduteko. Zerbitzu berri hau Udalak duela hamarkada bat baino gehiago aktibatu zuen eta Euskadin aitzindaria izan zen Gizarte Isolamendua Prebenitzeko Udal Programaren barruan garatzen da. Programak adinekoek gizarte-isolamenduari dagokionez duten egoera diagnostikatzen du bi ardatz erabiliz: prebentzioa eta komunitatean integratutako zahartze aktiboa sustatzea.

Nuria Alzaga Gizarte Ongizate arloko ordezkariak azaldu duenez, “adinekoak Udalaren gizarte politiken erdigunean daude. Haien ongizateaz arduratzen gara, eta haien egoera hobetzeko modu berriak aztertzen ditugu etengabe”. Zerbitzu berri hori auzoen bihotzera eramanda, isolamendu-arazoak goiz detektatzea erraztuko du, eta egoera hori konpontzen duten baliabideak eta tresnak behar dituzten pertsonen eskura jartzea ahalbidetuko du.

Irungo Udalak, hortaz,  beste urrats bat emango du orain, auzoetara hurbilduz auzo-elkarteen bitartez eta baliabide komunitarioekin sarearen barruan lan eginez. Hasiera batean Irungo hiru auzotan egingo da: Artia, Katea eta Lapitze.

Ekimen berri horren hartzaileak 60 urtetik gorakoak dira nagusiki, eta urtebetean garatuko da.  Irungo hiru auzoren erradiografia bat egingo da; oraingo honetan, Artia, Katea eta Lapitze izango dira. Helburua izango da auzo bakoitzak zer baliabide eskaintzen dituen jakitea, adineko pertsonak nahi ez duten isolamendu- edo bakardade-egoera jakin batzuetan babesteko.

Auzoak ezagutzeko lehen fasea abian da, dagoeneko, auzo bakoitzeko auzo elkarte eta proiektuaren garapenaz arduratzen den psikologoaren arteko bileren bitartez. Era berean, programari buruzko kartelak jarriko dira auzo horietako puntu estrategikoenetan.

Hainbat faktore aztertuko dira auzoetan; hala nola: Auzoko kultura-jarduerak, babes-taldeak, gizarte-eragileak, auzokoen laguntzak eta auzoan dauden zerbitzuak (farmaziak…).

Horrela, gero zehaztasun handiagoz eman ahal izango zaio banakako arreta udaleko gizarte-zerbitzuetara hurbiltzen den pertsona bakoitzari, eta modu integralean informatu eta aholkatu ahal izango zaio auzoan nahiz udalerrian dauden zerbitzuei buruz. Pertsonei arreta zuzena emateko fase hau datorren astean hasiko da.

Astean behin eta ordubetez, udaleko profesional bat auzo bakoitzeko auzo-elkartera joango da, herritarrei zerbitzua hurbilagotik emateko eta hala eskatzen duen pertsonari informazio eraginkorragoa emateko.  Halaber, taldekako tailerretan parte hartzeko aukera eskainiko zaie isolatze sozialaren edo bakardadearen adierazleak erakusten dituzten pertsonei. Horiek astean ordubete egingo dira, eta hainbat alderdi landuko dira, bakardadeari eta isolatze sozialari aurre egiteko. Alde horretatik, jarduera jakin batzuetan parte hartzea sustatuko da, zaletasunak eta interesak identifikatuko dira, parte-hartzea eta talde-dinamikak landuko dira, etab.

Hona hiru auzoetan arreta emateko ezarritako ordutegiak:

  • Lapitzeko auzo-elkartean:   Astelehenetan, 16:00etatik 18:00etara
  • Kateko auzo-elkartean:       Astearteetan, 10:00etatik 12:00etara
  • Artiako auzo-elkartean:       Astelehenetan, 11:45etik 13:45era

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude