Oiasso Museoak urpeko arkeologiari buruzko hitzaldia antolatu du datorren ostegunerako

Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, datorren ostegunean, urriaren 29an, ‘Ostegunetan Oiassora‘ hitzaldi-zikloa itzuliko da arratsaldeko 19:00etan. Oraingoan, David Alonso urpeko arkeologo eta Valladolideko Unibertsitateko Historian lizentziatuak eskainiko du saioa Oiasso Museoan, “Itsaspeko arkeologia gure iragan murgilduaren aztarnen atzean” izenburupean.

Sarrera doakoa izango da aretoko edukiera bete arte, eta bertaratzen direnek itsas azpiko ondare hauskor eta mehatxatua nola ikertzen, babesten eta balioesten den ezagutzeko aukera izango dute, diziplina horrek eskatzen dituen metodologia eta erronka berezietan sakonduz.

Azaroko asteburuetarako plana

Horrez gain, azaroan zehar erromatar ondarea bertatik bertara ezagutzeko jarduera bereziak txandakatuko ditu museoak asteburuetan. Batetik, Tour Irun Romano (TIR) ibilbidearen barruko Santa Elenako nekropolis-ermitako bisita gidatuak egingo dira azaroaren 7an eta 21ean. Bestetik, azaroaren 14an eta 28an, Oiassoko termetako murgiltze-esperientziak eskainiko dira: bisita gidatu horietan Errealitate Birtualeko (RV) betaurrekoak erabiliko dituzte aztarnategiko sekretuak ezagutzeko, eta museoaren bilduma iraunkorra ikusteko aukera ere izango da.

Azaroko bisita eta esperientzia hauetan parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik egin beharko dute erreserba. Izen-ematea 943 63 93 53 telefonora deituta, info-oiassomuseo@irun.org helbidera mezu bat idatzita edo Irungo Udalaren webgunearen bidez egin daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude