‘Eba Etxea’, hotzaren kontrako protokoloa, martxan da eguraldi txarrari aurre egiteko

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak jakinarazi duenez, martxan jarri da ‘Eba Etxea‘ hotzaren kontrako protokoloa. Zerbitzu hori azken urteotan ematen ari da, tenperatura jaisteko baldintzak eta haize eta euri bortitzak hirian gertatzen direnean.

Zehazki, zerbitzua Zubia zentroak jartzen du martxan, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera 21:00etatik 07:00etara bitarteko tenperatura 8º C edo behereagokoa izatekoa denean.

Erabiltzaile posibleak

Etxebizitzarik ez duten, Irunen bizi diren eta gaua emateko leku bat behar duten pertsonak.

Egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonak (adin handikoak, osasun arazo akutu eta/edo larriak dituzten adinekoak, guraso/tutore helduekin dauden adingabeak, emakumeak…).

Zerbitzua erabiltzeko, beharrezkoa da udal gizarte zerbitzuen preskripzio teknikoa, instalazioan sartu aurretik, salbu eta egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonen kasu jakin batzuetan. Erabiltzaileek Zubia zentroan emango dute gaua, edo, beharrezkoa bada, ostatuetan.

Egunero, 18:00etan, zerbitzua martxan dagoen jakinaraziko du Zubia zentroak. Erabiltzaileak 21:00etatik 22:00etara bitartean sartu ahalko dira, eta 09:00etarako atera beharko dute. Ohea, mantenua (afaria eta gosaria), higiene pertsonaleko zerbitzua (nork bere burua garbitzeko hornigaiak) eta garbitegi zerbitzua (arropa garbitzeko hornigaiak) eskainiko zaizkie.

Zubia zentroa

Gizarte Ongizateko ordezkari Josu Iguiñizek “Zubia zentroaren  lana” nabarmendu du: “Hainbat giza zerbitzu ematen ditu; tartean, hotzaren kontrako ‘Eba Etxea’ zerbitzua. Horri esker, etxebizitzarik ez duten pertsonek eta egoera bereziki zaurgarrian daudenek gauean arreta jasotzeko aukera dute hotzak jende guztia hartzen duenean; bereziki, pertsona horiek. Azken batean, Zubia zentroa gizarteratzean lanean jarraitzeko beste tresna bat da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude