Udal ordezkariak Foru Aldundiarekin bildu dira Plaiaundiko pistak Txepereneara lekualdatzeko proiektua aurkezteko

Aurrera doa Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko prozesua. Ildo horretatik, otsail bukaeran bidalitako eskutitz baten bidez, Irungo Udalak bilera bat eskatu zien jarduketan inplikatutako administrazioei (Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari), prestatu duen proiektua aurkezteko eta jarduketa finantzatzeko akordioa jasotzen duen erakunde arteko hitzarmena eguneratzeko.

Testuinguru horretan, Cristina Laborda alkatea eta Miguel Ángel Páez lehenengo alkateordea Foru Aldundiaren barruan jarduketan inplikatuta dauden departamentuetako ordezkari politikoekin bildu ziren (Jasangarritasun Departamentuko foru diputatu eta ahaldun nagusiordea, José Ignacio Asensiorekin,eta Kirol Departamentuko foru diputatu Goizane Álvarezekin), Udala Txenperenean kokatzekoa den kirol instalazioen aurreproiektua aurkezteko, zeinak ekipamendu berriaren kostu ekonomikoa zenbatetsi ere egiten duen. Era berean, bildutakoek erakunde bakoitzak hartutako konpromisoak gogorarazi zituzten, eta jarduketa aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak programatu.

Horrela, Foru Aldundiak hitzarmena eta aurreproiektua bere zerbitzu juridiko eta teknikoekin batera aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Gogoan izan beharra dago Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak adostutako erakunde arteko hitzarmenek Txenpereneko jarduketa finantzatzeko akordioa jasotzen dutela: haren arabera, Eusko Jaurlaritzak % 30 hartuko du bere gain; Foru Aldundiak, % 50; eta Udalak, % 20.

Hurrengo pausoa, Eusko Jaurlaritzarekin biltzea

Irungo Udala zain dago, Eusko Jaurlaritzak noiz deituko duen bilera txanda jarraitzera, Plaiaundiko kirol instalazioak behin  betiko lekualdatzeko pausoak ematen segitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude