2024ko Itzulia gaur aurkeztu da Ficoban

Gaur aurkeztu dute ofizialki Itzulia Basque Country 2024 Irungo Ficoba erakustazokan. Ekitaldi horretan izan dira Cristina Laborda, Irungo alkatea; Borja Olazabal, Irungo Udaleko Kiroletako ordezkaria; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendaria; eta Goizane Álvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako diputatua, besteak beste.

Cristina Laborda Irungo alkateak nabarmendu duenez: “Aurten Itzuliaren edizio ezin bereziago bat izango dugu. Kirol-probaren mendeurrena ospatuko dugu, eta Irunen lasterketaren abiapuntua izateko ohorea izango dugu”. Irungo alkateak adierazi duenez, “Nazioarteko txirrindularitza-proba garrantzitsuenetako bat dugu ate-joka, eta hiria prest dago, pertsona ugariren lanari eta inplikazioari esker. Seguru nago historiaz, naturaz eta zirraraz betetako etapa bat biziko dugula”.

Itzulia Basque Country 2024 apirilaren 1etik 6ra egingo da, Irundik abiatuta eta Eibarren amaituta, eta sei etapa izango ditu guztira. 63. edizio hau hiri eta herri ugaritatik pasatuko da, hala nola Irun, Kanbo, Ezpeleta, Altsasu, Etxarri Aranatz, Legutio, Gasteiz, Amorebieta-Etxano eta Eibar. Ibilbidea 833,6 km luze da

Itzulia Irunen

2024ko Itzulia hamar kilometro inguruko erlojupeko etapa batekin abiatuko da, hiri barruan: Irunen hasi eta Irunen amaituko da. Bigarren etapa ere Irundik abiatuko da. Ildo horretan, honako hau esan du Irungo alkate Cristina Labordak: «Dena Irunen hasiko da, erlojupeko batekin. Erdiguneko kaleetan zehar, hiri moderno bat deskubritzeko parada eskainiko digu. Hirigunetik irten eta gure inguruko bazter berdeetan barneratuko gara, Olaberria auzoan, eta amaitzeko berriz itzuliko gara erdigunera, Alde Zaharreko txokoetan barrena».

Etapa eta ibilbideei buruzko xehetasun guztiak esteka honetan kontsultatu daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude