‘Konekta Sessions’ proiektua tokiko gazteak musikaren munduan murgiltzen laguntzeko sortu da

‘Konekta Sessions’ proiektu berria sortu da musikaren munduan lehen urratsak ematen ari diren gazteentzat bozgorailua izateko. Horretarako, martxotik maiatzera bitartean tokiko herritarren talentu gaztea ezagutzera emateko ekintzak antolatuko dira. Gainera, beren pasioa eta gustu musikalak erakutsi ahal izateko espazio profesional bat eskainiko zaie gazteei. Lehen etapa honetan, programak musika elektronikoa izango du ardatz, baina hurrengo edizioetan beste estilo batzuekin esperimentatzeko aukera zabalduko da.

Proiektu berri honen hasierak sortzen ari diren tokiko proposamenei lekua egiteko aukera bat suposatzen du. Bertan, topaketa programatuak egingo dira hurrengo egunetan: martxoaren 13an, apirilaren 10ean eta maiatzaren 29an (ostirala), 18:00etatik 21:00etara. Hilean behin, Urdanibia Plazan hiru orduko saio bat egingo da. Horrela, egun bakoitza Irungo edo Bidasoaldeko hiru DJk osatuko dute, eta bakoitzak ordubeteko tartea izango du. Gainera, aipatu behar da saioak grabatu egingo direla eta GazteARTEanen YouTubeko kanalera igoko direla, horien zabalkundea indartuz.

Izen ematea hastear

‘Konekta Sessions’ proiektuan parte hartu ahal izateko, hurrengo baldintzak bete beharko dira: 18 eta 30 urte bitartean izatea, Irunen edo Bidasoaldean bizitzea eta musika elektronikoa jartzea, oinarrizko teknikak menderatuz eta gutxieneko esperientzia batekin.

Era berean, proiektuan parte hartu nahi duten pertsonek otsailaren 18tik aurrera eman ahal izango dute izena udalaren webgunean, 30 minutuko erakustaldi bat bidaliz. Izena eman ondoren, GazteARTEanetik, Konekta Zerbitzuaren bidez, harremanetan jarriko dira izangaiekin, haien proposamena ezagutzeko, eta, baldintzak betetzen badituzte, musika elektronikoan erreferentzia den N97ren laguntzarekin batera, saioetako karteletako batean sartuko dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude