Irungo Gazteria Arloak, GazteArtean zerbitzuaren bidez, Elektronikale jaialdia ezagutarazi du. Musika elektronikoaren ingurukoa izango da, eta egitaraua gazteak diziplina horretara erakartzeko tailerrek eta erreferentziazko artista handien emanaldiek osatuko dute. Jaialdiaren barnean egingo diren ekintza guztiak doakoak izango dira eta maiatzaren 5ean eta 6an egingo dira.
Santi Jiménez gazteriako ordezkariak adierazi duenez, “Gazteei eta haien interesei entzutearen emaitza da programa hau”. Gazteria Arloko ordezkariak azaldu duenez, funtsezkoa da hori, eta, azkenean, oso ekimen interesgarriak sortzen dira horrela, Elektronikale bezala. “Musika elektronikoaren munduko erreferenteek masterclass bat eta kontzertuak ematea aukera paregabea da, eta, horregatik, etortzera eta parte hartzera animatzen ditugu gazte guztiak”, adierazi du gazteriako ordezkari Santi Jiménezek.
Ekitaldian, gazteek aire zabalean gozatuko dute, elkarrekin, eta musika genero eta kultura berriak ezagutuko dituzte. Jaialdia antolatzeko, Gazteria Arloak Lotura kultur elkarte irundarraren laguntza izan du. Amaia Rodríguezek (27) eta Iñaki Garcíak (27) eratzen dute elkartea, eta, musika elektronikoa bere proiektu eta ekimenen ardatz nagusitzat hartuta, hura sustatu eta zabaltzea da haren helburu nagusia.
Jaialdiaren egitaraua
Maiatzaren 5ean, ostiralean, Bihotzak eta Anderetxek DJ masterclassa eskainiko dute. CDJ eta BINILO bidez hurrenez hurren, musika digitalki eta analogikoki nahasten ikasteko tailerra. Masterclassa Martindozenea gaztelekuan egingo da arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara eta 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako doako ekintza izango da.
Maiatzaren 6ko arratsaldean, larunbatean, berriz, Urdanibia plazako ospitale zaharraren alboan hainbat kontzertu egingo dira. Kontzertuak doakoak izango dira. Hauek izango dira bertan ikusi ahalko diren emanaldiak:
Aines Bartzelonako DJ underground estimatuenetakoa bihurtzen ari da. Harrigarria eta kementsua, sorpresa faktorearekin jokatzen du beti: joera lineala ez da haren estiloa. Oso erreferente heterogeneoak ditu musika munduan, hala nola Jensen Interceptor, Pelada, La Zowi, Mall Grab, Slowthai eta The Notorious B.I.G. Ainesek distiratu egiten du kabinan, break, UK garage eta drum and bass artean.
Nahoomie bartzelonarra, berriz, bere estilo paregabea garatu eta komunikatzearekin konprometituta dago erabat, burua, gorputza eta arima emanda, “dantza erritual eklektikotzat” har daitezkeen seten bidez. Haren influentziak 1990eko hamarkadako garage eta housean errotuta daude, eta housearekin, funkarekin, disko musikarekin, soinu urbanoekin eta are hardcorearekin harremana duten lurraldeak esploratzen ditu.
18:05 – Merca Bae
Merca Bae produktore eta DJ madrildarraren ardatza oso abesti dantzagarriak sortzea da, askotariko BPM, estilo eta generoetakoak. Londresen bizitzen eman zuen denboraldiak ere moldatu ditu haren produkzio estiloak eta aukera, eta dubstepa, technoa eta junglea ditu inspirazio iturri.
19:10 – VVV [Trippin’You]
VVV [Trippin’you] hirukote madrildarra hotza, zarata, modernitatea eta parkingak gurtzeko sortu zen; oreka bere belaunaldiaren iluntasunaren eta pistan dantzatzeko gogoaren artean aurkitzen duen helburu bat. Bere belaunaldiaren espirituaz betetako hitz frenetikoen bidez, egungo gazteriaren larritasunaren ikuspuntu bat ematen digu; electro-punk soinu psikodelikoak eta zabarkeria ukituez betetako ahotsak, denboran zehar bidaiarazten digutenak.
20:30 – Nerve Agent
Nerve Agent electro/punk talde bat da, Rodol produktore, gitarrista eta abeslariak, Arturo teklista eta abeslariak, Carlos baxu jotzaile eta abeslariak eta Patri abeslariak osatutakoa. 2015ean sortu zen, punk/metal proiektu gisa, baina, 2019an, musika elektronikoa sartzen hasi zen. Espainia osoan barrena ibili da, eta oso areto ezagunetan jo du, hala nola Planta Bajan eta Trenen (Granadan), Spooken (Valentzian), El Solen (Madrilen) eta Dabadaban (Donostian).
21:30 – Playdoo (Rata.deinternet B2B Robzzz)
Rata.deinternet Playdooko kideak Interneten sakonenean arakatzen du, askotariko musika jarrita, garai guztietakoa eta genero gehienetakoa; bereziki, elektronikoa. Haren ezaugarri nagusia generoak nahiko bitxiki nahastea da: housea, ghetto housea, booty housea, breakbeata, makina, dancea, hyperpopa eta are runba portugesaren erritmoak.
Beste kidea, Robzzz, Granadako musika elektronikoaren munduko diziplinarteko artista bat da, Plasaporros izena zuen taldeko abeslari eta produktorea izandakoa. Bere seta segurua, eklektikoa eta ezohikoa da, eta erritmo frenetikoan dantzarazi eta kantarazten digu, 2000ko hamarkadako remixen eta remix flamenkoen, breaken, drum and bassaren, makinaren eta hardbassaren soinuan.




