HaurARTEan hitzaldi eta tailerren edizio berri bat antolatu da Irunen familiei haurren hazkuntzan laguntzeko. Aurtengo edizioa martxotik maiatzera bitartean luzatuko da. Tailerrak CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan eta Palmera Montero espazioan izango dira, 17:30etatik 19:30etara. Izena emateko epea plaza guztiak bete arte luzatuko da, eta zabalik dago dagoeneko. Interesa dute pertsona edo familiek Udalaren webgunean eman behar dute izena.
Aurtengo tailer eta hitzaldi zikloan parte hartuko dute Mar Romera adimen emozionaleko adituak, Belén Colomina psikologoak eta Julene Armendariz pedagogo perinatalak. Landuko dituzten gaiei dagokienez, hezkuntza emozionalaren garrantzia, bullyinga detektatzeko eta biktimei lagun egiteko jarraibideak eta 0 eta 6 urte arteko haurren hazkuntzarako gakoak izango dira. Ekitaldietan, kontziliazio-zerbitzua eskainiko da 3 eta 8 urte bitarteko haurrak dituztenentzat.
Programaren berri eman du gaur goizean Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak. Haren hitzetan, “funtsezkoa da Udalak hezkuntza emozionala sustatzea, hazkuntza osasuntsu, afektibo eta kontziente baterako oinarria baita”. Hezkuntza eta gazteriako ordezkariak gogoratu du hitzaldi eta tailer hauen helburua dela gurasoei tresna praktiko batzuk eskaintzea, seme-alaben emozioak ulertzeko, haurrei laguntzeko eta egoerak kudeatzeko lagungarri suertatuko zaizkielakoan. “Horrela, ikaskuntzaren bidez, familiako loturak estutzeko aukera izango dute, betiere haur eta nerabeen garapen pertsonal egokia faboratzeko” gaineratu du Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak.
HaurARTEan programa
HaurARTEan programa Gazteria arloak antolatzen du. Haren helburu nagusia ikaskuntza partekatuko komunitate bat sortzea da, haurren eskubideen eta haurrengan ardaztutako ikuspegi baten arabera lan egitearen eta heztearen inplikazioen ingurukoa. Horretarako, informazio, dibulgazio eta prestakuntzako jarduerak antolatzen dira familientzat, guraso-elkarteentzat, teknikari eta politikarientzat, zerbitzuetako langileentzat eta hezitzaileentzat.
Tailerrak, xehe-xehe
Guztira, 4 tailer egingo dira. Lehena, martxoaren 4an, asteazkenean, izango da eta CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan egingo da. Mar Romerak emango duen hitzaldiaren izenburua ‘Hezkuntza emozionala eta emozio-eragilea’ izango da.
Hitzaldian, haurrak hezteko gakoetako bat landuko da: haurrei beren emozioez jabetzen irakastea, bizitzan aukeratzeko tresnak izan ditzaten eta beren bertsiorik onena konfiguratu ahal izan dezaten. Horrez gainera, alfabetatze, kontzientzia eta sozializazio emozionalaz hitz egiteak duen garrantzia ere azpimarratuko da, hezkuntza emozionalaren parte garrantzitsua baita.
Mar Romera pedagogia emozionalean eta psikopedagogian lizentziaduna da. Adimen emozionalean espezialista da, eta eskolari, haurtzaroari eta didaktika aktiboari buruzko hainbat liburu idatzi ditu. Gaur egun, Francesco Tonucci elkarte pedagogikoko presidentea da. 30 urtetik gorako esperientzia du hezkuntza-sistemako etapa guztietan irakasten eta adimen emozionaleko erreferentziazko aditua da Espainian.
Bigarren tailerra, martxoaren 17an, asteartean izango da, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroa. Belén Colominaren eskutik, ‘Bullyinga detektatzeko eta biktimei lagun egiteko jarraibideak’ landuko dira.
Alerta-seinaleez ohartzeko eta bullying egoerak garaiz detektatzeko tresna argiak emango dira, baita lagun egiteko estrategiak ere, biktimei indarra emateko, familiak orientatzeko eta hezkuntza munduan inguru seguru eta enpatikoagoak sustatzeko, ongizate emozionalarekin konprometituta daudenak, alegia.
Belén Colominak bi hamarkadatik gorako esperientzia klinikoa dauka. Bere ibilbidearen ardatza laguntza emozionala eta garapen pertsonala izan dira. Praktika klinikoan ez ezik, unibertsitate mailako irakaskuntzan eta profesionalen prestakuntzan jarduten du, baita Espainiako eta nazioarteko hedabideetan ongizatea dibulgatzen ere.
Azkenik, Julen Armendarizek ‘Haurrei lagun egiteko gakoak: ez da moda kontua, erantzunak fisiologian daude’ tailerra emango du. Apirilaren 20an euskaraz eta maiatzaren 6an gaztelaniaz izango dira, Palmera Montero espazioan. Kasu honetan, haur baten zain dauden familiei eta 0 eta 6 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzenduta egongo da.
Tailerrak bi helburu dauzka: familien osasun mentalean eragin positiboa izatea eta prebentzioaren oinarriak ezagutzera ematera, gero eguneroko bizitzan aplika ditzaten. Erakutsiko denez, burmuina eta nerbio-sistemaren diseinua eta garapena dira zaintzarako faktore nagusia. Besteak beste, puntu hauek jorratuko dituzte: lotura emozionala zaintzea, haurtzaroko oinarrizko behar emozionalak, erregulazio emozionalaren garrantzia eta jarraibideak, mugak, gurasoen autozaintza-beharrak eta nerbio-sistemaren rola.
Julene Armendariz pedagogo perinatala eta psikoterapeuta humanista da. Azken hamar urteetan, hainbat proiektu diseinatu eta kudeatu ditu ERROA elkartean, gurasoen eta haurren osasun mentala zaintzeko helburuarekin. Urtero, ehunka familiaren bidaide izaten da hazkuntza-talde, hitzaldi eta tailer ugaritan.



