Sista Kata Irungo abeslari eta DJa da. Batez ere reggae, dancehall eta afrobeats estiloekin sentitzen da eroso, bere abesti propioak sortzeaz gainera. Abeslari irundarrak azaldu duenez, musika emakumeak ikusarazteko tresna garrantzitsua izan daitekeela sinetsita dago eta musikak emandako bozgorailu hori ahal bezain beste aprobetxatu nahi du.
Nola sartu zinen musikaren munduan?
Esan behar dut ni txiki-txikitatik hasi nintzela kantatzen, 7 urte besterik ez nituela. Nire ama margolaria eta gitarra-jotzailea da, eta, beraz, etxean beti izan dut musika gertu. Zazpi urterekin nire kabuz hasi nintzen etxean abesten, eta nerabezaroan neure kantuak egiten hasi nintzen. Orduan sartu nintzen reggaearen munduan, neurri batean Bad Sound System-eko Stepi Selektah artistari esker. Stepik nik ere neure abestiak nituela ikusi zuenean, berarekin abestera gonbidatzen hasi zen, eta, horrela, Bad Sound System-eko abeslari gonbidatua bihurtu nintzen. Horren ondoren, bi bandatan egon nintzen, eta askoz gauza gehiago egin ditut, baina 20 urteko ibilbidea laburtzea zail samarra da. Iaz hasi nintzen kontrolagailuarekin musika jartzen, eta orain nire formatua guztiz desberdina da.
“Ni musikarekin obsesionatua bizi naiz, bai nik kantatzeko, bai gainerakoei entzuteko”
Eta nola aukeratu zenuen Sista Kata deitura?
Kata nire izen ofizialetik dator, Katalin. Bestalde, reggae munduan asko erabiltzen den terminoa da Sista, ahizpa esan nahi baitu, ingelesez sister. Hori ere ez nuen gehiegi pentsatu, hasieratik ondo zegoela iruditu zitzaidan eta. Nire lagunak horrela deitzen hasi zitzaizkidan eta horrela geratu nintzen.
Zure ibilbidean zehar, zergatik erabaki duzu gaur egun lantzen dituzun musika estiloen alde egitea?
Musika mota guztiak entzuten ditut, baina batez ere musika beltza. Txikitan gehiago kantatzen nuen R&B, Soul eta musika estilo hori. Reggaea asko gustatzen zait, giro ona eta bake handia transmititzen duen estiloa delako. Dancehall musika berriz mugituagoa da, dantza gehiagorekin. Hori asko gustatzen zait, uste baitut emakumearen askapena nabarmentzeko balio duela, jendeak jakin dezan emakumeek ere dancehall dantzatzen dutela eta eszenatokian gauza sinestezinak egiten dituztela.
Horretarako, zeintzuk dira zure erreferenteak musikaren munduan?
Abeslari gisa, nire erreferenteak Lauryn Hill eta Aretha Franklin izan dira, hau da, batez ere soul abeslari handiak. Dancehallen kasuan, batez ere, Spice, bera baita erreginen erregina.
Uste duzu zaletasun handia dagoela inguru honetan horrelako musiketarako?
Bai, nik uste dut Euskal Herrian, oro har, baietz, zaletasun handia dagoela. Batez ere Irunen, adibidez Stepiri esker, Deporren beti egin izan baititu horrelako festak, eta berari esker dancehall-a zer zen jakin genuen. Jendeak estilo hau ezagutzen duenean berehala gustatzen zaio, oso musika dantzagarria baita. Reggaea ere beti egon da presente inguru honetan.
Duela gutxi Moskuko jaietan aritu zinen. Zure auzoa denez, emanaldi berezia izango zen, ezta?
Bai, egia esan, bai. Urduri samar nengoen ni ikustera etorriko ziren guztiak ezagutzen nituela banekielako, eta horregatik ahalik eta ondoen egin nahi nuen, den-dena emateko. Egia esan, jendea asko motibatu zen eta giroa oso osasuntsua izan zen kontzertu osoan zehar. Haurrak ere igo ziren eszenatokira dantzatzera, eta hori asko gustatzen zait.
Kursaalen ere aritu zara Donostiako Aste Nagusian. Uste duzu badirela gehiago inposatzen duten publikoak edo agertokiak?
Jakina, agertokia handiagoa bada urduritasun handiagoa sortzen dizu. Gainera, aurrean duzun publikoa reggaearen mugimendukoa ez dela baldin badakizu, ez dakizu zenbateraino jarraituko duten zuk egiten duzuna edo jendeari benetan gustatuko ote zaion. Egia esan, Kursaalen festa on bat antolatu genuen, eta uste dut jendeari asko gustatu zitzaiola.
Zergatik erabaki zenuen abeslari izateaz gainera, DJa ere izan nahi zenuela?
Esan dudan bezala, ni musikarekin obsesionatua bizi naiz, bai nik kantatzeko, bai gainerakoei entzuteko. Horregatik, beti izan dut gogoa kantatzeko, musika jartzeko eta jendeak nik jartzen diedanarekin dantza egiteko. 2018an biniloak ere hartu nituen, baina niretzat gehiegi zirela iruditu zitzaidan. Geroago konturatu nintzen kontrolagailuak zeudela eta errazagoa zela horiek garraiatzea eta erabiltzea. Horrela hasi nintzen iaz kontrolagailuen mundu honetan nahasketak eta DJ emanaldiak egiten. Egia esan, oso pozik nago, asko gustatzen zaidalako.
Kontatu duzunez, zure ustez, musikak balio al dezake emakumeei ikusgarritasuna emateko ere?
Nik uste dut aurrerapena motela izaten ari dela, baina nik nabaritu dut azken urte hauetan bilakaera bat egon dela. Jakina, ni duela 20 urte hasi nintzen, eta ni eta beste hiru emakume besterik ez ginen garai hartan hau bera egiten genuenak. Aitzitik, orain neska askok egiten dute nik egiten dudan gauza bera, eta hori da Kursaalen esan nahi nuena: asko garela. Hori dela eta, jada ez du balio hau egiten duen emakumerik ez dagoela esateak, gu kontuan ez hartzea justifikatzeko. Denok oso gogor ari gara lanean, eta babes handiagoa dagoela ere sumatzen dut, lehenago aukera hori mahai gainean jarri ere egiten ez zen bitartean.
“Jada ez du balio hau egiten duen emakumerik ez dagoela esateak, gu kontuan ez hartzea justifikatzeko”
Ohikoa al da zuretzat abesti propioak sortzea?
Bai, nire abestiak konposatu ohi ditut eta ni neu naiz letrak idazten dituena. Egia esan, ez zait asko kostatzen, baina, batez ere, okerrago nagoenean gehiago egiten dudan zerbait da. Niretzat musika terapia eta behar dudan zerbait da. Horregatik, okerren nagoenean uste dut orduan ateratzen zaizkidala abesti onenak, sentitzen dudana erakusteko erabiltzen baititut.
Zer ikusi edo entzun ahal izango dute zure ikuskizun batera joaten direnek?
Nire formaturik gustukoena dantzariekin egindako ikuskizuna da. Gehien gustatzen zaidana da nik reggae, dancehall edo afrobeat musika abesten edo pintxatzen dudan bitartean jendeak nola gozatzen duen ikustea. Bitartean dantzariak dantzan ikustea eta libre sentituz mugitzen direla ikustea gustatzen zait, horregatik ez zait gustatzen presioa sartzea. Baina gehien gustatzen zaidana jendeak nirekin batera gozatzea da. Adibidez, irailaren 20an Bilboko Spannabisen arituko naiz. Kalamu eta marihuana jaialdi bat da. Ni beste bi dantzarirekin batera joango naiz emanaldi horretara.
Zeintzuk dira zure ametsak etorkizunari begira?
Gustatuko litzaidake inguru honetan mugitzen jarraitzea eta jendeak entzutea. Jendeak nik egiten dudan musikarekin gozatzea nahi dut. Ez dut asko eskatzen, baina gustatuko litzaidake kontzertuak ematen jarraitzea, egiten dugun guztia transmititzen jarraitzeko, eta aipatu dudan bezala, emakumeari ikusgarritasuna ematen jarraitzea.