Bidasoak Ludo izeneko maskota berria du

Argazkia: Fdefoto

Bidasoa KEak asteazken arratsaldean aurkeztu du denboraldi honetatik aurrera maskota berria izango dena. Ludo, Bidasoaren koloreak jantziko dituen erromatar gudaria, familia bidasotarreko kide berria da. Zaleek irailaren 22ko Bidasoa Irun-Barça partidaren atarian (igandea, 19:00etan) ezagutu ahal izango dute.

Aurkezpena Irungo Oiasso Erromatar Museoan egin da. Bertan Bidasoa Iruneko kamiseta berriaren argazki saioa ere egin zen, “Inoiz ez dugu ahaztu nondik gatozen” lelopean. Klubak bi ekitaldietarako eszenatoki horren aldeko apustua egin du, museoaren 18. urteurrena ospatzeko, datorren urtean terma erromatarren proiektua argitaratuko dela ospatzeko eta bi erakundeen batasunaren aldeko apustua egiteko.

Gurutz Aginagalde presidenteak adierazi du maskotaren prozesua aurkezpen honekin amaitzen dela eta orain Ludoz gozatzeko unea heldu dela. “Bazkideek maskota zein gairen alde bozkatu ahal izan zuten, izena bozkatzeaz gain. Behin erromatar gudariaren aukera bozkatuena izan zenean, klubak lanari ekin zion azken emaitza horretara iritsi arte”.

Bestalde, Mikel Antero diseinatzaileak eman dio forma Ludori. “Diseinua, kontzeptualki, dirudiena baino askoz konplexuagoa da. Arkatza hartu eta forma eman aurretik, ideia definitu beharra zegoen, eta ezagut daitekeen pertsonai familiar bat bilatu dugu: belaunaldien artekoa da, eta hainbat adin elkartzen ditu”, azaldu du. Iñigo Mangas Bidasoa KEko zuzendaritzako kideak gaineratu duenez, “prozesu luzea izan da, maskota sortu duen enpresak itxaron zerrenda luzea baitzuen. Maskota baliabide soziala izatea nahi dugu, ez bakarrik kirol baliabidea”.

Mikel Antero diseinatzaile eta arte irakasleak diseinatu du maskota, eta bideojokoetarako hainbat pertsonaia sortu eta diseinatu ditu. Fermin Muguruzaren Black is Beltza kontzeptuaren sortzailea izan da. Behin diseinua eginda, Madrilgo Alive Mascot enpresak egin du Ludo. Espainiako Eskubaloi Federazioko Rosca eta Lola maskotek eta Liga Plenitudeko Rayo ere sortu dituena. Gainera, Real Sociedad futbol taldeko Txurdin ere Alive Mascot empresan sortu zen.

Ludo

Irungo portu erromatarrean aurkitutako anfora erromatar bat ustekabean hautsi zen Oiasso Museorako bidean. Bertan, Merkurio jainkoa zegoen atseden hartzen, jainkoen mezularia eta korrikalari eta kirolarien patroia. Tximistak bezala korrika irtetean, Irun ezagutuko du, eta kirolari handia denez, Bidasoa KEaz eta eskubaloiaz maiteminduko da. Inork jainko bat dela jakin ez dezan, Ludo deitzen da (kirola erromatarrez) eta taldeko forofo nagusia izatera pasatzen da.

Ludok Merkurioren bi hegal, tximista itxurako Zeusen kapa bat eta txapel modernoz birdiseinatutako kasko urreztatu bat ditu. Gerrian, klubaren armarria darama eta sandalia erromatar batzuk ditu, Oiasso zaharrean bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude