Irungo Udaleko Kultura Arloak historia eta arkeologia ikastaro berri bat eskainiko du, Oiasso Museoaren egoitzan, irailaren 30etik abenduaren 19ra bitartean, mundu greko-erromatarrak Europako XVI. mendeko kulturan izan zuen eragina aztertzeko: “Mundu klasikotik Errenazimentura: Europako kulturaren berpizkundea eta esplorazioen aroa”.
Eskolak irailaren 30etik abenduaren 19ra izango dira, lau txandatan: astelehenetan, gaztelaniaz, 10:30etik 11:30era, eta euskaraz, 12:00etatik 13:00etara; astearteetan, 18:00etatik 19:00etara; eta ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara. Hasiera batean, hamabi saio izango dira txanda bakoitzean, eta irakaslea Beñat Eguiluz Miranda izango da: Itsas Arkeologiako eta Historiako doktoregoa lortu zuen, Trinity Saint David Galesko Unibertsitatean, eta Oiasso museoko jardueren arduraduna da.
Ikastaroan parte hatu nahi dutenek Oiasso Museoaren egoitzara jota eman dezakete izena, edo 943639353 telefono zenbakira deituta. Prezioa 75 euro da, eta ordubeteko hamabi klase, informazio baliagarria ematen duen dosier bat, klase bakoitzaren ondorengo gomendio batzuk eta ikastaro bukaerako laburpen zabal bat hartzen ditu barnean.
Ikastaroa
Mundu greko-erromatarrak Europako XVI. mendeko kulturan izan zuen eragina aztertuko du, Errenazimentuko gai nagusietako batzuen bidez, ikuspuntu historikotik, itsas arkeologiaren eta arkeologia klasikoaren ikuspuntutik eta diziplinarteko beste ikuspuntu batzuetatik.
Artea eta arkitektura, gatazka politiko eta filosofikoak, europarren hedapena eta esplorazioak Asian eta Ipar eta Hego Amerikan, eta ontzigintzaren garrantzia: besteak beste, gai horiek landuko dituzte ikasleek.
“Emakumeek diote” erakusketaren azken egunak
Oiasso Museoak gogorarazi duenez, irailaren 8a izango da “Emakumeek diote” erakusketa ikusteko azken eguna. Irungo Udalak antolatu du esposizioa, Méridako Hiri Monumentaleko Partzuergoarekin eta Méridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdiaren Fundazioarekin elkarlanean, Méridako ondarearen barruko pieza arkeologiko erromatarren bidez emakumeek erromatarren garaian bete zuten eginkizuna nabarmentzeko.