Irungo Udaleko Kultura arloak bultzatuta, Oiasso Museoak “Ellas Hablan / Emakumeek diote” erakusketa inauguratuko du ostiral honetan, uztailak 5, museoak berak antolatuta, Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdiarekin eta Meridako Hiri Monumentalaren Partzuergoarekin elkarlanean. Erakusketak erromatarren garaiko emakumearen irudia balioan jartzen du, Méridako ondareko pieza arkeologiko erromatarren bidez.
Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, museoan bertan, eta bertan izango dira Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga Irungo Udaleko ordezkaria, Méridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari eta antzerki-ekoizle handia den Jesús Cimarro, eta Pedro Vivas Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdiaren gerentea.
Erakusketa Dies Oiassonis erromatar jaialdiaren XIV. edizioaren aurreko ekitaldien esparruan egiten da, eta nahi duenak dohainik bisita dezake, irailaren 8ra arte.
Emakumeek Diote
Antzinako Emerita Augustan emakumeari agerikotasuna eta ikusgarritasuna emateko helburuarekin sortu da erakusketa. Mendetan gizonek gizonentzat idatzitako historiaren topikoaren atzean, badira iturri historikoak diotenak emakumeak bere garaiko ekintza eta gertakari ugariren protagonista izan zirela.
Oraingo honetan, emakumeak bizitzako hainbat esparrutan duen presentziaren inguruan izango da erakusketa: familian, amatasunean, lan-bizitzan eta abarretan. Kalitate eta interes handiko piezak dira, Méridako ondareko material arkeologiko erromatarren aberastasunaren eta aniztasunaren isla.
Elkarlan horren baitan eta Dies Oiassonis jaialdiaren testuinguruan egin dira azken urteetan Mérida. Theatrum Mundi eta Pvro Teatro erakusketak, eta Erromako antzerkiaren sekretuak ezagutarazi dizkiete 4.300 laguni baino gehiagori.
Erakusketa hau antolatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eman du, eta komodatu bat izenpetu dute Irungo Udalak eta Meridako Hiri Monumentalaren Partzuergoak.



