- Erakusketa maiatzaren amaiera arte luzatuko da.
- Bixita gidatuak ere antolatzen dira museora deitu eta eskatuz gero.
Oiasso Museoan ikusgai dagoen Emakume Arkeologoak Gipuzkoan erakusketak gure lurraldean bereziki emakume arkeologoek gure historia ikertzen egin duten lan garrantzitsua azpimarratu nahi du.
Erakusketa 1903ko argazki batekin hasten da, eta emakumeak nahiz eta lanean aritu, gizonezkoak izan dira protagonistak. Emakumeak itzalean zeuden. Ondorengo urteetan eta bereziki 80ko hamarkadatik aurrera emakumeek arkeologian lortutako espazioak eta egindako ikerketak gero eta garrantzitsuagoak izan ziren, sektorearen buru izateraino. Eta Gipuzkoan bereziki, emakumeak izan ziren euren lekua aldarrikatu eta borrokatu zutenak eta benetako protagonismoa hartu zutenak. Ordura arte, gure lurraldean arkeologia historiaurrearen ikerketan murgilduta baitzegoen, eta gizonen esku. Baina emakumeek, kostata izan bazen ere, beste garai historiko batzuk ikertu zituzten, erromatarren garaia, Erdi Aroa, Gerra Zibila,… Eta hainbat diziplina osagarritan bilakatu ziren aditu, esate baterako, palinologian, sementologian, numismatikan, zeramologian,… Eta denborarekin, eta bereziki euren ahaleginari esker, emakumeek zuzentzen duten diziplina bihurtu da Gipuzkoako arkeologia.
Gainera, gizonen lanetan genero ikuspegia txertatuta dago, eta emakume arkeologo hauek egindako lanari esker, hori ere aldatu da, eta orain esate baterako, badakigu emakumeek ere ehizatzen zutela historiaurrean, kobazuloetako irudi ederrak marrazten zituztela, dinastien buru zirela, buruzagitzak zituztela…, etab., iraganeko aurreiritziak hautsiz.
Erakusketa hau aukera paregabea da emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko eginkizunari balioa emateko; baina, era berean, justizia ekintza ere bada.
Bereziki azpimarratu nahi genuke Gipuzkoan emakumeak izan direla mugimendu geldiezin hau bultzatu dutenak, beraien lanari esker ezagutzen ditugu ezkutatua zeuden gure iraganeko hainbat pasarte. Erakusketaren bidez ere, balorean jarri nahi da arkeologia munduan emakumeen garrantzia, bai iraganean, bai orain, baita ezarri diren etorkizuneko oinarrietan ere.
Ikus-entzuneko batean jasotzen da gainera, arkeologian doktore diren hamaika emakumeren testigantza. Haien azalpenak eta bizipenak ere gure transmisiorako tresna baliotsua dira.
Ez da erraza izaten isilik gordetako lana kanporatzea, baina elkarlanari esker kasu honetan, hori gauzatu ahal izan da. Elkarlana Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren eta Aranzadi Zientzia elkartearen artean gauzatu da, Arkeolan Fundazioa eta Oiasso Museoa bidelagun izan direla. Erakunde bakoitzak bere aldetik sekulako lana egin du arkeologiaren eta ondarearen ikerketan eta zaintzan, Aranzadi Fundazioak bereziki, arkeologoen talentu zientifikoaren eragile izanik.
Baina erakusketaz eta ikus-entzunekoaz gain, Aranzadi Zientzia elkarteak liburu bat ere plazaratuko du laster, erakusketa honetarako bildu den materiala erakusten duen liburua, eta emakume hauen lana, izen abizenak eta irudiak ezagutzeko aukera emango diguna.
Emakume berritzaile, ausartek eta grinatsuek osatzen duten giza kapitala partekatu nahi dugu, eta egin duten lan guztia herritarren artean zabaldu.
Erakusketa hau doakoa da, eta beheko solairuan dagoen espazioan, kronologikoki egindako ibilbidearen xehetasunen kontakizuna ikusi ahal izango duzue, baita ikus entzunekoa ere. Bigarren solairuan, berriz, emakume hauen irudiak eta euren aurkikuntza zoragarrien erakusketa. 120 pieza inguru daude erakusgai. Hauetako arkeologia pieza asko ez dira inoiz erakutsi gainera. Beraz aukera paregabea, arkeologia, Gipuzkoako ondarea eta emakume arkeologoen lana ezagutzeko.
Eider Conde (Aranzadi Zientzia Elkarteko Komunikazio arduraduna)
eta Aizpea Goenaga (Oiasso Museoko koordinatzaile orokorra)