Leire Lizarzategui naiz, historia doktorea eta Oiasso Museoko kurtsoen irakaslea. Hemen ikus dezakezuen irudia Al-Fayum eskualdean aurkitutako momia baten hil oihala da, eta bertan argi eta garbi ikus dezakegu togarekin jantzitako gizon bat Osiris eta Anubis jainkoen artean. Irudi aparta da Egipton Antzinaroan zehar bizi izandako kultura ezberdinen arteko kontaktua ulertzeko. Aurrean dugun hau K. o. I. mendeko artelana da, baina halako kontaktuak ohikoak izan ziren Nilo ibaiaren herrialdean hainbat mila urte lehenagotik.
Irudia estuki lotuta dago Museoko hurrengo ekintzarekin! Seihileko bakoitzean bezala, ikastaro berri bat proposatzen dizuegu: Oasi bat bidean. Egipto eta bere harremanak beste herri batzuekin Antzinaroko historian zehar. Kurtso honetan Antzinaroan zehar Egipton bizitako aldaketa historiko nagusiak azalduko ditugu, eta arreta bereziarekin aztertuko ditugu egiptoarrek garaiko beste herriekin izandako kontatu, gatazka eta bizikidetzak.
Ikastaroa hasteko gaur egun Antzinaroko Egipto nola ulertzen dugun aztertuko dugu. Egiptomania sorrarazi du ikertzaile zein abenturazaleen artean eta interes honek ikerketa zientifikoa bultzatzen lagun du, baina faraoien lurraldeari buruz sustrairik gabeko mitoak zabaltzearen eragileetako bat ere bera izan da. Hala, zenbait film, eraikin eta bestelako artelanei begiratuko diegu mito horiek bistaratu eta baztertzeko. Gero, 5000 urte atzera egingo dugu, Goi eta Behe Egipto erreinu bakarrean batu ziren momentura, eta hurrengo klaseetan, pixkanaka, Egiptok asiriarrekin, hititekin, juduekin, indiarrekin eta, jakina, greko eta erromatarrekin izandako talkak eta kultur trukaketak ikusiko ditugu. Hauxe izango da ikastaroko gaitegia:
- Sarrera. Egiptomania. Antzinaroko Egipto egungo ikuspuntutik.
- Egipto faraonikoaren sorrera eta hegemonia lortzeko borroka: Mesopotamiako herri asiatikoen kontrako gerrak.
- Garai baten amaiera. Hititekiko liskarrak eta diplomazia.
- Faraoi nubiarren dinastia ahaztua.
- Alejandro Handia Egipton eta erreinu ptolemaikoaren sorrera.
- Eguneroko bizitza Egipton ptolomeotarren garaian.
- Egiptoren harremanak mundu ezagunaren amaieran kokatutako herriekin.
- Babes gune, exodo bila. Egipto eta juduen arteko harremanak.
- Egipto eta erromatarren arteko lehen kontaktuak.
- Kleopatra zuria, Kleopatra beltza. Pertsonaia honen berrikuzpen historikoa.
- Eguneroko bizitza Egipton erromatarren garaian.
- Antzinaroaren amaiera Egipton.
Klaseak astean behin izango dira, baina guztion aukeretara moldatzeko hiru talde osatuko ditugu: bat astelehen goizetan (11:00etatik 12:00etara), beste bat astearte arratsaldeetan (18:00etatik 19:00etara) eta hirugarrena ostegun goizetan (11:00etatik 12:00etara). Hiru taldeak gaztelaniaz izango dira, astelehen eta asteartetakoa Portu gelan eta ostegunetakoa museoko tailer gelan. Klaseak irailaren 18ko astean hasi eta abenduaren 19koan amaituko dira.
Astero, klaseak amaitu ostean, ikusitako gaiarekin lotutako irudi, mapa, irakurketa eta dokumentalen gomendioak bidaliko dizkizuegu museotik, eta kurtsoa amaitzean apunteen dossier zabal bat liburuxka osatzeko.
Inskripzio epea irekita dago,
Animo eta apuntatu zaitezte!
Leire Lizarzategui