Sinetsi nahi dut maitasuna dela munduaren bihotza

Ainara Maia Urroz

Hatsaren poesia 2020/Askoren artean/Hatsa Elkartea, 2020

Liburu honetan poetak baino gehiago, olerkariak aurkituko ditu irakurleak, eta olerkigintzaren mamira iritsiko gara; ezkutuan dagoen poesia honek ez digu diruz betetzen, baina ez da deus egin gabe gelditzen. Aurtengo hogeita bigarren edizio honetan, Itziar Gomez olerkariak izan du hitzaurrea egiteko ohorea, eta berak dioen bezala, Oso Pertsona Inportanteok olerki-zipriztinez alaitu genuen HATSAREN eguna iragan uztailaren 19an, aurten udako fruitu gorriz heldu zaigu liburua, irakurle, alaitzeko urte bitxi hau, baina koronabirusak hartutako mundu hau ez dugu horregatik oroituko baizik eta beharbada gogoratuko dugu honela: neure olerkia argitaratu nuen urtea da 2020a!

Liburu honetan aurten joan zaigun Gabriel Korta olerkari errenteriarra omendu nahi izan dugu, Hatsaren poesia sortu zenetik urtero udaberriz parte hartu duena, eta hark esandako azken hitza da honakoa: sinetsi nahi dut maitasuna dela munduaren bihotza. izan ere, irakurle, nahi zaitugu, maite zaitugu, poesia ere zu zarelako; poesia ni naiz eta poesia zer den jakiteko hartu liburu hau eta zerorrek esan!

Olerkaria beste olerkariekin gutxienez urtean behin biltzen du liburu xume honek Senperen, aurten hogeita bigarren edizioa dugu eta liburuak argitaratu dituzten poeta ezagunak eta libururik argitaratu gabeko olerkari ez hain ezagunak elkartzen ditu, baita ikastola zenbai- tzuetako gazteak (Ziburu, Lauaizeta, Antigua-Luberri), Bilboko IRALEko ikasleak eta Irungo AEK-ko B2 mailako euskara-ikasleak ere.

Aurten apirilean argitaratu zen liburua, iragan apirilaren 5ean, baina magiaz bezala, Koronabirusak gorde zuen biltegian, eta aurten ez-ohikotasunez uztailean aurkeztu dugu, apirilean beharrean. Urtean behin argitaratzen dira “bizi-hitz” eta “argi-hizki” hauek, eta aukera horri esker olerkaria esertzen da eta idazten. Hitz hauek ederrak dira, ezinezko dena saiatzen direlarik adierazten eta zinezko eta benetako bilakatzen bihotzaren indarrez.

Olerkariok maitemindurik gaude, izugarri maite dugulako, eta bakarrik eta inor gabe, olerkaria beti maitearen zain dago, olerkariak maite duelarik, benetan maite duelako, idazten duena ez baitira hitz hutsak, baizik eta isiltasunez betetakoak.

Udaren azkena iritsi zaigu liburu honekin, urtero bezala, eta inork ez daki nola gertatu den, baina olerkarion istorioak dira, beste aukerarik gabe egiten dugu aurrera eta ez da gutxi. Ba ote du oihartzunik euskal gizartean hogeita bi urteotan olerkariok hemen idatzi ditugunak? Gure ametsak bete al dira? Gaurkoen ametsak beteko al dira bihar? Gure minak eta negarrak sendatu al dira? Gure beldurrek eta erronkek aurrera eginaraziko ote diote bizitzan blokeatu gabe?

Beharbada denok ez gara idazle eta ez gara euskal literaturan kabitzen, baina poesiaren kabi goxoa dugu urtero euskal olerkariok Senperen hutsik egin gabe eta olerki-terapia gisa olerkari-lagunaren benetako irria dugu ezpainetan, maskara atzean bada ere, bihotz-begiekin elkar besarkatuz eta minak goxatuz.

Olerkariok ez dugu inoiz hiltzea espero, bizituko baikara beti hemen. Bagare, bagara, bagera, bagire. Gure begiradak topatzen dira, mila zatitan hausten naiz. Gauza bat da liburuak argitaratzeko bizi den poeta; eta beste gauza bat da bizitzeko libururatzen den olerkaria. Hatsez hats, hatseden. atsegin handiz eta eskerronez, biziminez eta maiteminez beti zuri, irakurle, eta gozatu irakurketa anitzaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude