Kultur ekitaldiak kalera itzuli ditu Bitamine Faktoriak Ribera jaialdiaren bitartez

Argazkia: Bitamine Faktoria

Ribera Irungo Udalak lurraldea, memoria eta artea sustatzeko helburuarekin antolatutako programa da, Bitamine Faktoria kultura elkartearen kudeaketari esker gauzatzen dena. Arte garaikidea ardatz hartuta, Riberaren ibilbidea orain dela bost urte hasi zen eta, osasun krisialdia tarteko, 2020. urtean jaialdiaren 5. edizioa antolatzea posible izan da.

Hastapenetatik Bitamine Faktoria kultur elkartea arduratu da Ribera programaren kudeaketaz. Aurtengo edizioan, ordea, jaialdiaren antolaketa lana nekezagoa izan da Bitamine Faktoriako komunikazio arduraduna den Carlos Sánchezek azaldu duenez. Izan ere, ekintza, jarduera eta artelan guztiak momentuko egoera eta osasun neurrietara egokitu behar izan direlako. Zentzu horretan, zenbait ekintza talde murritzagoekin antolatu behar izan dira. Irungo Udaleko Kultura arlotik azpimarratu denez, jaialdia egokitu eta ekintza guztiak agintariek ezarritako segurtasun neurri guztiak betez egin ziren. Dena dela, Carlos Sánchezek aipatu duenez, “balantzea oso pozgarria da, Riberak berriro espazio publikora ateratzea ahalbidetu digulako eta jendearekin hartu-eman bat izateko aukera izan dugulako”.

Bosgarren edizioa izanik, jendearentzat Ribera programa geroz eta ezagunagoa da. 2020. urtean zehar, gainera, kulturak gizarteari egindako ekarpena bereziki aipagarria izan da, gizartean oro har konfinamenduko hilabeteak arintzeko tresna ezinbestekoa izan baita. Bitamineko Carlos Sánchezek aipatu bezala, ez da ahaztu behar kultura egiten duten artistak profesionalak direla eta eskertzekoa dela horrelako jaialdien bitartez Irunen kulturgileen aldeko apustua egitea. “Kulturak guk behar gaitu bizirauteko eta guk, pertsona bezala, kultura behar dugu bizirauteko”, azaldu du Bitamine Faktoriako komunikazio arduradunak. Irungo Udaletik Bitaminek gauzatutako kudeaketa lana eskertu da, kultura eta ekonomia lokalaren sarea indartzen baita, krisialdiak gehien kolpatutako sektoreetako bat laguntzeaz gainera.

Argazkia: Bitamine Faktoria

Mugaz gaindiko izaera
Bitamine Faktoria sormen lantegiak zein Ribera programak mugaren bi aldeetan zubiak eraikitzen ahalegintzeko helburua partekatzen dute. Aurtengo Ribera programan, adibidez, Oier Gil eta Iker Eizaguirreren ekintzaren bitartez era esplizituan azaleratu zen programaren mugaz gaindiko izaera. Kasu honetan, berritu berri den Etorbidearen Zubia eta Santiago zubia soka baten gainean orekan gurutzatu ziren. Carlos Sánchezek azaldu duenez, “tartean ikusezina den muga bat badago eta, gure asmoa kulturaren bitartez zubiak eraikitzea da”. Bitamineko komunikazio arduradunak adierazi duenez, bi aldeetako artista eta sortzaileak gonbidatzen dira guztion artean lurraldeari bestelako begirada bat eskaintzeko, memoria eta historiaren hausnarketa bat eginez. Hortaz gain, antolatzailearen iritziz publikoaren eta jendartearen parte-hartzea funtsezkoa da. “Publikoa gure lan esparru nagusienetako bat da eta etengabe horren garrantzia ikusten dugu, horretarako, jendearekin hartu-eman zuzena edukitzea artista edo, kasu honetan, kudeatzaile modura”, gaineratu du Carlos Sánchezek.

Etorkizun berriak hizpide
Ribera jaialdia antolatzeko orduan, Bitamine Faktoriatik gai nagusi bat planteatzen zaie, haien sorkuntzak lelo horretara egokitu ditzaten. Carlos Sánchezek azaldu duenez, “aurten etorkizun berriak irudikatzeko ahalegina eskatu diegu”. Horrela, momentuko egoera berezia aintzat hartuz, etorkizuneko memoriaren gaia planteatu nahi izan dute antolatzaileek. Era honetan, lurraldean etorkizunean nola biziko garen adierazi nahi izan da eta artisten lankidetza eta publikoaren parte hartzeari esker posible izan da.

Argazkia: Bitamine Faktoria

Espazioa eta publikoa protagonistak
Irungo Udaleko kultura arlotik nabarmendu denez, arte garaikidearen birtartez Irungo kaleak konkistatzeko ideia azpimarratzen du Riberak, espazio publikoak ezagutarazten diren bitartean. Eguraldiak Ribera jaialdiaren antolaketa lagundu zuen, euri zaparradaren bat tartekatu arren, azkenean programan aurreikusitako ekintza guztiak aurrera atera baitziren. Goiza Ainhoa Izaguirrek Christian García del Campo fagot-jolearen erritmora gidatutako meditazio saio batekin hasi zen. Jaime de los Ríos ispiluekin sortutako arte instalakun- tza ikusteko bisitak antolatu ziren. “La maquina de hacer pingüinos” antzerki konpainiaren eskutik performance bat antolatu zuen artista lapurtar taldeak. Gainera, beste urte batez “Oroimenaren Ormak” ekintza errepikatu zen, lehenbiziko aldiz ekintzan bi artista elkarlanean aritu zirelarik.

Euria atertu ostean, Santiagotarrak klubaren eremuan Idoia Zabaleta eta Bertha Bermúdez koreografoek Christian Garía del Campo musikariarekin elkarlanean prestatutako dantzaldia izan zen. Hirukote horrek lurraldeari guztiz txertatutako zerbait sortu zuen. Beltxargak gerturatu ziren, hegaztiak inguruan ibili ziren eta uraren gainean dantza egin zutela zirudien. Honela deskribatu zuen Idoia Zabaletak emanaldia: “Bi emakume, bi dama dantzari, fagota eta haren haizea lagun, aro bitxi honen hatsa elkarrekin arnastuz eta dantzan: lanbroa desegiteko eta txoriak agurtzeko xedez, nun eta jadanik itsasoratzen ari den ibai baten ertzean. Hau guztia, etorkizuneko zantzu ona liteke”.

Antolatzaileek azaldu dutenez, publikoaren erantzunari erreparatuz gero, edizio arrakastatsua izan dela esan daiteke. Carlo Sánchezek onartu duenez, “publiko aldetik izan genezakeen erantzunaren beldur ginen, momentuko egoera eta neurri bereziak direla eta”. Orain, burutu gabe gelditu diren proiektuak berreskuratu eta Ribera jaialdiaren hurrengo edizioetan gauzatu ahal izateko lanari ekingo diote dira Bitamine Faktorian.

 

Carlos Sánchezi egindako elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen iksugai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude