Oiasso Museoak, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, «Egiptomania» izeneko hitzaldi ziklo bat abiarazi du, Antzinako Egiptoko historiari eta arkeologiari buruzkoa. Iaz Tutankamon faraoiaren hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrena zela-eta antolatu ziren hitzaldien arrakasta ikusita, museoak eta unibertsitateak Nilo ertzeko herrialdeari buruzko beste hitzaldi ziklo bat antolatzean erabaki dute, prestigio handiko historialari eta arkeologo espezializatuen eskutik.
Aurtengo lehen hitzordua datorren asteko ostegunean izango da, martxoaren 23an, arratsaldeko 19:00etan. Kleopatraren esmeralda meategiak Egipto ekialdeko basamortuan izenburua izango du, eta Sergio García-Dils de la Vega arkeologo eta espeleologoak emango du. Écijako (Sevilla) Udaleko Arkeologia Bulegoko zuzendaria eta Sevillako UNED unibertsitateko tutorea da. Gainera, Wadi Gemal parke nazionalean (arabiar basamortua, Egipto) indusketa arkeologikoak egiten dituen nazioarteko Sikait proiektuko kide da.
Diziplina anitzeko proiektu hori Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Arkeologia Mediterraneoko Poloniako Zentroak abiarazi zuten elkarlanean, eta xede nagusia Antzinaroan Mons Smaragdus izenez ezaguna zen lurraldeko ezaugarri territorial, sozioekonomiko, kultural eta erlijiosoak ezagutzea da. Eremu hori zen, hain zuzen, garai hartan estimu handitan zeuzkaten esmeraldak erauzteko leku bakarra.
Hitzaldia Oiasso museoan izango da, martxoaren 23an (osteguna), 19:00etan. Sarrera librea da, tokia bete arte.