Garaipen hirukoitza lortu dute Txingudi Errugbiko gazteek pasa den asteburuan

14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek irabazi zituzten Plaiaundin jokatutako hiru partidak

Larunbateko giro hotz eta euritsuari aurre egin zioten eskualdeko errugbilari gazteek bere aurkariak menderatzeko. Sub 14ak izan ziren lehenak, Eibarrek, Arrasatek eta Mutrikuk osatutako Danon Artean taldearen aurka, 36 eta 34 emaitza estuarekin. Koldo Alonso eta Peiko Pardoren neska-mutilek azkeneko minutuetan eman zioten buelta markagailuari.

Segidan, sub 18ak Iruña/UNAV taldea jaso zuten ligako lehenengo faseko B multzoaren azkeneko partidan. Ez zen partida erraza aurreikusten, nafarrek, sailkapeneko azkenak izanda ere, Gernika/Arratiko garaitu zuten aurreko jardunaldian.

Etxekoak gogoz hasi ziren eta, seigarren minutuan, markagailuan aurrea hartu zuten Jon Susperregik lortutako entsegu baten bidez (5-0). Emaitza alde izanik, Txingudi/Uribealdeak defentsan gogor ekin behar izan zion hurrengo minutuetan, iruindarrek izandako baloiak abileziaz mugitzea lortu baitzuten. Hala ere, hogei minutu pasa behar izan ziren Iruña/UNAVek berdintasuna lortu arte (5-5). Lehenengo zatiko azken minutuetan, bi taldeen hartu-emanak eta aurrelariekin garatutako jokaldiek entsegu bana jarri zuten markagailuan (etxekoena Cristian Andrusyakek lortutakoa) atsedenaldira 10 eta 10rekoarekin joateko.

Bigarren zatian, etxekoek izan zuten baloiaren jabetza eta bisitarien defentsak nabarmen egin zuen beheruntz. Honela, 37, 43 eta 47. minutuetan, Javier Sánchezek, Mauro Álvarezek eta Luken Garcíak lortutako entseguei eta lehenengoak egindako eraldaketa bati esker, abantaila 17 puntutan handitu zen (27-10). Ez zuen etsi aurkariak eta, 54 eta 59. minutuetan, eraldatutako bi entsegu lortu zituzten nafarrek aldea hiru puntura murriztuz (27-24).

Azken minutuak lehia bizikoak izan ziren, baina Txingudi/Uribealdeak kanpokoen akatsak aprobetxatzen jakin zituen bi entsegu (Axier Bravo eta Luken García) eta eraldaketa bat (Javier Sánchez) kontuan gehitzeko (39-24).

Emaitza honekin, sub 18ek ligako lehenengo fasea laugarren posizioan amaitu dute 8 partidatan 3 garaipen eta 15 puntu lortuz.

 

Sub 16ak ezustekoa eman zion Gaztediri

16 urtez azpiko neska-mutilek Gaztedi B, ligako bigarren sailkatua, jaso zuten jardunaldiko azkenengo konpromisoan. Gasteiztarrek, garaipena lortuta, B multzoko lidergoa eskuratuko zuten, ordurarteko lehenengoak, Riojak, Eibarren aurkako partida galdu baitzuen.

Txingudik, baina, ez zizkion gauzak hain erraz jarriko eta argi adierazi zuen bigarren minutuan Jakobe de la Sernaren entsegu eraldatuaren bidez (7-0). Kolpe honek lehenengo zati osoan zehar iraungo zuen lehia bizia hasi zuen; arabarrak bi alditan berdindu zuten norgehiagoka, 9. minutuan mugakoen lehenengo markari erantzunez, eta17.ean Ander Arrieta bidasoarrak lau minutu lehenago lortutako entsegua eta de la Sernaren eraldaketa berdinduz (14-14). Atsedenaldirako hamar minutu falta zirela, aurrea hartu zuten bisitariek hirugarren entsegu eraldatua lortuz (14-21). Dena den, etxekoek neurria ondo hartua zietela erakutsi zuten eta, hurrengo jokaldian, berdinketa jarri zuten markagailuan, berriz ere.

Bigarren zatian, Gaztedi Bren erasoek ondo antolatutako defentsa eta zelai oso astuna izan zituzten arerio. 34. minutuan, etxekoak jokalari bat gutxiagorekin jardun behar izan zuten Ander Arrietak jasotako txartel horiaren ondoren, baina honek ez zion inolako eraginik izan, gasteiztarrek ez baitzuten lortu defentsa gainditzea. Azkenengo minutuetan, kanpokoen etsipena aprobetxatu zuten eta, Koldo Segurolaren markaren eta Jakobe de la Sernaren eraldaketaren bidez, Txingudik aurrea hartu zuen markagailuan (28-21). Emaitza borobiltzeko, de la Sernak berak bosgarren eta azken entsegua lortu zuen mugakoentzat (33-21).

Lehenengo fasea azkenengo postuan amaituta, Txingudik bigarren faseko C multzoan jokatuko du otsailetik aurrera Elorrio, Uribealdea eta Getxo Bren kontra.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude