Txingudi Errugbi Klubak hitzordu hirukoitza izango du Irunen datorren asteburuan

Txingudi Errugbi Elkartearen 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Irunen jokatuko dituzte asteburu honetako partidak

 

Argazkiak (Txingudi RT): Eibarren aurkako sub 16en partida

Errugbi jardunaldi hirukoitza aurreikusten da larunbat honetarako Plaiaundin. Klubeko kideek adierazi dutenez partiduak zelaiaren egoera kaxkarrarengatik eta aurreikusten den eguraldi hotzarengatik eta euritsuarengatik baldintzatuak egongo dira.

Sub 14ek irekiko dute egitaraua Danon Artean (Arrasatek, Eibarrek eta Mutrikuk osatutakoa) taldearen aurka, goizeko 10:00etan. Bi taldeek ligako estreinako partidak galdu zituzten baina Txingudi/Baztan aurretik da sailkapenean bi bonus puntu lortu baitzituen (lau entsegu egin eta 7 puntu baino gutxiagogatik galtzeagatik), eta Danon Arteanek bakarra.

Segidan, 11:30etan, sub 18en txanda izango da. Hauek Iruña, azken sailkatua, jasoko dute ligako lehen faseko 10. eta azken jardunaldian. Nafarren garaipenak Txingudi/Uribealdea sailkapenean hondoratzea ekar lezake, hortaz, etxekoak behar beharrezko dute punturen bat eskuratzea. Emaitza edozein izanik, mugakoek badakite aurkari berberak izango dituztela otsailaren 12an hasiko den ligako bigarren fasean.

Agenda ixteko, 16 urtez azpikoek Gaztedi B talde gasteiztarraren bisita jasoko dute. Irun eta Hondarribikoak azkenak dira 2. mailako B multzoan eta ez dute aukerarik postu hori uzteko jada. Bigarren fasean zozketaren zain, litekeena da denboraldia amaitu arte geratzen diren partidetako aurkari guztiak bizkaitarrak izatea, Getxo B baita, gaur egun, B multzoko azkenaurrena, Elorrio eta Uribealdea A multzoko azkenak direlarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude