Dena prest dago Artalekun jokatuko den eskubaloiko Espainiako Koparako

Dena prest dago Artalekun asteburu honetan jokatuko den Espainiako Koparako. Bidasoa Irunek eta BM Logroño La Riojak 2023ko Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko dituzte datorren larunbatean 17:00etan Artalekun. Ondoren, 19:30ean, Barça eta Fraikin BM Granollers izango dira aurrez aurre. Finala ere Artalekun jokatuko da bi finalerdietako irabazleen artean 21:00etan.

Bidasoa Irunek, txapelketako anfitrioia izateaz gain, bere kirol lorpenei esker Espainiako Kopa jokatzeko aukera ziurtatua zuen. Izan ere, denboraldiaren lehen itzulia sailkapeneko bigarren postuanamaitu baitu, 27 punturekin 15 partidatan berdinketa eta porrot bat bakarrik izan baititu taldeak.

Txapelketaren atarian, Jacobo Cuétara entrenatzailea eta Gorka Nieto eta Iñaki Cavero jokalariak prentsaurrekoan agertu dira. Entrenatzaile bidasotarrak adierazi duenez, “oso berezia izango da, Espainiako eskubaloiaren ekitaldi handi batean egoteagatik eta Espainiako Kopan gure merituengatik egoteagatik. Eskerrak eman nahi dizkiot Irunen eskubaloia pasioz bizi den eszenatoki handi batean antolatzeko ahalegina egin izanari. Kirol ikuskizun handia izango dela uste dut eta denok protagonista izateak harrotasunez betetzen gaitu”.

Jokalariek taldearen anbizioa eta ilusioa azaldu dute lehen itzuli historiko baten ostean: “Irun eskubaloia topera bizi duen hiria da, leku gutxitan bizi den zerbait da. Horrelako txapelketa handi bat ekarri ahal izatea ederra da, eta gure jendearen aurrean txapelketa honekin urtea amaitu ahal izatea ilusionagarria da”.

Minikopa

Minikopa, berriz, Plenitude ASOBAL Ligako lehen hiru sailkatuen jubenil taldeek jokatuko dute, baita Pulpp Eskubaloia gonbidatu gisa ere. BM Bidaosa Irunek talde zumaiarraren aurka jokatuko du (12:30ean) eta Barçak eta Fraikin BM Granollersek ere Minikopan elkarren aurka jokatuko dute (10:30ean).

Itxura berritua

Artaleku Espainiako Kopa hartzeko prest dago.  Bi bideomarkagailu berriak instalatzeko lanak joan den urrian bukatu ziren, eta megafonia eta soinu sistema berriak instalatzeko lanak gaur bertan bukatu dira.

Bideomarkagailuak formatu handiko LED pantailak dira, eta nolanahiko informazio grafikoa ezagutarazteko aukera ematen dute. Horrela, bideoaren soinua megafonia sistemaren bidez zabalduta, kiroldegia erabilera gehiagotarako baliatu ahalko da.

Zehazki, honako hauek instalatu dira Artalekun:

  • CD Bidasoaren kirol norgehiagoketarako eta kiroldegian egiten diren beste kirol eta kultur ekitaldietarako soinu sistema
  • CD Bidasoak Asobal Ligan eta Europako ligetan jokatzen dituen norgehiagoken eta Artalekun egiten diren beste kirol lehiaketen jarraipena egin ahal izateko formatu handiko bideomarkagailu sistema –LED bideomarkagailuak 5 x 2,5 m dira, eta ate bakoitzaren atzean bi izango dira–

Bi jarduketen kostua 250.000 euro izan da. Pantaila/markagailu berriez Mondo arduratu da, eta soinu sistemaz, Telesonic.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude