Gabonak gaur hasiko dira Irunen

Cristina Laborda Irungo alkatea eta Miguel Ángel Páez Hiri Bultzadako ordezkaria, hiriko merkatari eta ostalarien ordezkariekin batera, eguberrietako kanpainaren barruko jarduera nagusien hasieran izan dira gaur. Horrela, Irungo Eguberriak inauguratu dituzte. Gaurtik aurrera Irungo Udalak Gabonen inguruan antolatu duen jarduera programako ekintzak hasiko dira.

Crisitna Labordak adierazi duenez, abenduaren 15etik aurrera, Gabonak martxan egongo dira hirian: “Programa jada abian jarri da, eta Irun familientzako plan nagusia bihurtuko da”.  “Ildo horretatik lan egin dugu, eguberrietarako parerik gabeko plan bat prestatzeko, eta, orain, jende guztia gozatzera eta Irunera etortzera gonbidatzea besterik ez da falta”, adierazi du alkateak.

Hiri Bultzadako ordezkariak aditzera eman duenez, “harro gaude Irunen eguberrietako azoka sendo bat izateaz, bertako merkatariek eratutakoa nagusiki”. Miguel Ángel Páezek azpimarratu duenez, merkataritza aktiboa dugu, parte hartzailea eta hiriari ekarpenak egiteko gogoz betea ekonomia sustatzeko eta eguberrietako giroa sortzeko, herritar guztiei gozarazi eta on egiteko, eta Udalak urtero-urtero hori gerta dadin lan egiten du”.

Kaleak bizi-bizi

Izotzezko bi pistak gaur zabaldu dira, hiriaren erdi-erdian izotz gainean patinatzeko aukera emateko. Pista nagusia, 800 m2 ingurukoa, Luis Marianoko lorategietan dago, eta bestea, 160 m2-koa, Sarjia parkean; Sarjia parkeko pistaren gainean, gainera, bada pista zeharkatzen duen tirolina bat. Era berean, Sarjia parkean bertan, ludoteka zerbitzua emango da; batez ere, txikiei aisialdia emateko proposamenak. Oro har, ludoteka abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra bitartean egongo da zabalik, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, baina, egunaren arabera, baliteke goizez edo arratsaldez bakarrik egotea zabalik. Bestalde, abenduaren 21ean eta 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.

Ludoteka zerbitzuaz gain, aipatzekoa da Sarjia parkean jarduera bereziak programatu direla arratsaldeetarako.

Arrakasta izango duen beste atrakzio bat Antzaran plazako txirrista erraldoia da, zeina egun eta ordu beretan egongo den zabalik.

Zabaltza plazako eguberrietako azoka

Zabaltza plazako eguberrietako azoka, hogei bat postuz osatutakoa, tradizio bat da dagoeneko. Bada, hura ere, Irungo merkataritzaren erakustokirik onena, gaur zabaldu da. Txaboletan, Art Decó, O Más Cinturones, Ittoitta, 4eta2, Amaren Creaciones, Petit Meraki, N-1, Made.chu, Beliz, Jamel, Gure Galtzerdia, Olifer Cerámica eta Le Muguet izango dira, besteak beste, eta, bertako merkatarien artean, berriz, Sugar Repostería Creativa, Frutería de Perita, Marrubi Goxokiak, Galarza Taller de Costura, KE Albistur, Neska Polita, Uno Más, Picking Pack, GrapeEtxea eta A Terriña. Real Unión eta Bidasoa Irun ere azokan izango dira; Bidasoa Irun, lehenengo aldiz.

Azoka abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bitartean egongo da zabalik, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara bitartean.

Behin atrakzio guztiak martxan jarrita, eguberriak inauguratzeko ekitaldia egingo da, aurtengo kanpainaren sloganari jarraikiz: “Gabonetan, Irun da plana“. Hain zuzen ere, abenduaren 16an, larunbatarekin, 18:30ean, Irungo dantza akademiak Colón ibilbidean arituko dira.

Abenduaren 26a, eguberrietako beste data nagusietako bat

Abenduaren 26tik aurrera, agendak jardueraz gainezka egingo du, eta hiria gozatzeko hamaika planez beteko da. Horrela, arratsaldero, 18:30etik aurrera, hainbat ikuskizunek San Juan eta Colón ingurua animatuko dituzte, kaleak magiaz eta giroz beteta:  besteak beste, nabarmentzekoak dira Flotados, zeina San Juan plazan izango den, eta Faunia iluminada argi eta kolore eztanda. Bertako animatzaileen artean, berriz, Burrunba Elektrotxarangak eta Ondare Kultur Elkarteak parte hartuko dute; Ondare Kultur Elkarteak, desfile bat eginda.

Bestalde, egun berean, Pio XII.a plazako karpa zabalduko da, non askotariko jarduerak egingo diren; entretenimendurako espazio berritzaile bat, eguberrietako kanpainaren barruan topaleku izatea duena helburu eta plan onak eskainiko dituena une oro. Gazteentzako gunean, adibidez, akrobazia eta malabar tailerrak eta bideojoko eta gaming gune bat izango dira, besteak beste.

Helduen txanda, berriz, abenduaren 30ean hasiko da: tailerrak zein umorezko bakarrizketak.

Eguberrietako kanpaina hau prestatzeko, Irungo Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua aritu dira lanean.

Jardueren jarraipena Eguberrietan

Kanpainaren programazio guztia udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta baita hiri osoan banatuko diren eskuorrietan ere. QR kode bat sortuko da, mugikorren bidez programa kontsultatu ahal izateko. Era berean, sare sozialetan ere kontsultatu ahal izango da, eta zer aldaketa edo nobedade izan diren ikusi Twitter-eko eta Instagrameko @irun_informa kontuan, #IruneselPlan  #IrundaPlana traol-hitzekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude