Irunek Gabonetako plana izan nahi du

Gaur Gabonetako kanpaina berriari buruzko lehen xehetasunak eman dira. Herritarren artean Gabonak gozatzeko gogoa zabaltzeko asmoz, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Miguel Ángel Páez Hiri Bultzadako ordezkaria eta Jeca eta Bost dendetako Luis Camarero merkataritzako ordezkaria prentsaurrekoan agertu dira. “Aurtengo Eguberrietan, Irun da plana” izango da kanpainaren goiburua. Besteak beste, irudi berria, argiztapenari buruzko xehetasunak eta jarduera berrienetako batzuk ezagutarazi dituzte.

Irungo alkate José Antonio Santanok zera esan du: “Irunen asko gustatzen zaizkigu Eguberriak, eta ahaztezinak izan daitezen nahi dugu. Gure helburua da guztiontzako hitzordu edo plan saihestezin bat bihurtzea Irun”. Horretarako, alkateak iragarri du adin guztietako jendearentzako jarduera-multzo bat diseinatu dela. Eguberrietako argien bitartez hiriari bizia eman nahi zaio, bertako merkataritzari bultzada emateaz gainera.

Bestalde, Miguel Ángel Páezek zera azpimarratu duenez hiriko merkataritza- eta ostalaritza-sarearekin elkarlanean berriro ere dinamizazio-ekintzak antolatu dira. “Udaletik tokiko merkataritza babesteko ahalegina egiten dugu beti, eta garai hau beraientzat funtsezkoa dela kontuan hartuta, saiatzen gara gure hirian itzulketa izango duten hainbat ekintza antolatzen”, erantsi du Hiri Bultzadako ordezkariak.

Programa osoa aurrerago emango da ezagutzera, baina aurtengo irudiak berak plan eta jardueraz betetako Eguberriak iragartzen ditu, Irun familia-helmuga bihurtzeko eta hiritik kanpoko bisitari asko erakartzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamenduko Departamentuak ere parte hartzen dute Irungo Eguberrietako kanpainan.

Kanpaina berria

Patri Taberna ilustratzaile irundarrak egin du irudia Irungo Udalak merkataritza-sektorearekin eta elkarteekin elkarlanean prestatu duen kanpainarako. Patri Tabernaren lana ezaguna da udal-egoitzan, hark asmatu baitzuen azken Dies Oiassonisen irudia. Proposatutako kartelean, Eguberrietan hiriak jarduera-eskaintza ugaria eskainiko duela ikus daiteke, Irungo Eguberrietako jarduera arrakastatsuenak irudikatzen dituzten marrazki koloretsuen bidez. “Eguberrietan, Irun da plana” esloganak herritarrei dei egiten die aurtengo Eguberrietarako duten planen barruan sar dezaten Irun.

Argiaen piztea

Argiak protagonistak izango dira aurten ere, hiria apainduko baitute distira egin dezan. Hiriko merkataritza-eremuetan eta Eguberrietako kanpainako atrakzioen kokaguneetan argiteria berezia jarri da, baina, urtero bezala, Irungo auzo guztiak ere argiz apaindu dira.

Aurten Eguberrietako 279 motibo jarriko dira: 86 arku, 141 farol, 25 zuhaitz eta 26 multzo apaingarri, biribilguneetan eta espazio berezietan. Elementu apaingarriei dagokienez, arkuetan eta zuhaitzetan apaingarriak gehitzea izan da aldaketa handiena.

Nobedade gisa, aurten “Meteoritoa” izeneko motiboa sartu da hiriko argiztapenean. Bi figura itzel dira, 3Dn eginak, zazpi metro bider hiru metrokoak, eta Luis Marianon eta San Migelen jarriko dira.

Gainera, ohikoa den bezala, erabili diren materialek efizientzia energetikoa sustatzen dute, eta elektrizitate-kontsumoa murrizten lagunduko dute. Izan ere, gutxiago kutsatzen duen sistema bat hautatu da, nagusiki LED teknologia erabilita (mikrobonbilla, argi-haria, lanpara, etab.).

Eguberrietako argiek hiria apainduko dute egunero abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra arte, biak barne, arratsaldeko 17:30etik 24:00ak arte. Auzoetan, 22:30ean itzaliko dira. Gabon-gauean, urtezahar-gauean eta Erregetan, egun bereziak baitira, gau osoan piztuta egongo dira argiak.

Apaintzeko eta argiztatzeko elementuak jartzeko lanak bukatu ondoren, eguberri-argiak pizteko ohiko ekitaldia egingo da abenduaren 1ean, ostiralarekin, 18:30ean, San Juan plazan.  Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta udal-kontserbatorioko ikasleak diren ume-talde bat arduratuko dira hiri osoko argiak pizten dituen sakagailua aktibatzeaz. Musika Eskolako abesbatzak eta akordeoi-orkestrak girotuko dute ekitaldia.

Azken ukituak

Azken xehetasunak oraindik lotzen ari diren arren, dagoeneko baieztatu da ohiko zein eguberri-gune jarriko diren beti bezala eta zer aldaketa izango diren.  Hala, Irungo Eguberrietan finkatuenak diren jarduerekin batera (adibidez, izotz-pista, txirrista erraldoia, azoka tradizionala edo Sarjia parkeko Eguberrietako herrixka), aurten nobedade gisa, Pio XII.ean jarduera-karpa berri bat jarriko da programazioaren barruan. Espazio horretan, lehen fasean, gazte eta nerabeentzako jarduerak egingo dira, eta bigarrenean, berriz, publiko helduagoarentzako ekintzak antolatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude