Iñigo Idiakezek lehen adierazpenak egin ditu Real Unióneko entrenatzaile gisa

Iñigo Idiakez lehen aldiz agertu da gaur eguerdian Real Unióneko entrenatzaile gisa Stadium Galeko prentsa aretoan. Taldeak bihar, asteazkenean, Sestao Riverren aurka jokatuko du urteko lehen partida. Lehen Federazioko 1. Multzoko 18. jardunaldiko partida izango da eta Stadium Galen jokatutako da 19:00etatik aurrera.

Idiakezek azaldu duenez, “aurkari zaila da, eta uste dugu partidaren hainbat alderdi kontrola ditzakeela. Gugan jarriko dugu arreta, baina jakinda gauzak oso ondo egiten ari den aurkari bat datorrela. Taldea oso ondo ikusi dut egunotan. Pazientzia funtsezkoa izango da partidan zehar, une onak eta une txarrak egongo baitira”, esan du entrenatzaile donostiarrak.

Kazetarien galderei erantzunez, Idiakezek aitortu du “oso ondo” ikusi dituela jokalariak. “Irabazteko eta egoerari buelta emateko gogo handiarekin. Oso ondo lan egin dute, futbolean zailena den dinamika aldatzeko asmoz ikusten dira. Gauzak ondo egingo ditugulakoan nago”.

Real Unióneko entrenatzaileak “erasotzen zein defendatzen elkarrekin gauden taldea izatea” nahi du. “Badakigu golak sar ditzakegula, futbolean jokatzeko kalitatea dugula, baina pazientzia beharko dugu, eta dena emango dugu, umiltasunetik eta aurkaria errespetatuz”.

Idiakezek baieztatu duenez, “gauzak ondo egiteko erantzukizunarekin nator. Klub honek historia handia du eta gauzak oso ondo egin nahi ditugu eta horretarako lan asko egin behar da”. Helburuei buruz galdetuta, teknikariak argi dauka “helburua bihar irabaztea” dela. “Eta gero hurrengoa irabazi. Eta gero hurrengoa”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude