Errege Magoek Irun bisitatuko dute ostiralean

Irungo Udaleko Kultura arloak programa berezi bat prestatu du ostiralean Errege Magoei harrera egiteko. Nuria Alzaga Kultura ordezkariak egitarauaren xehetasunak azaldu ditu gaur goizean udaletxeko Areto Nagusian egin den prentsaurrekoan.

Kulturako ordezkariak azaldu duenez, Errege Magoek “oso konpainia ona” izango dute: haiekin batera, Irungo herritarrek antzeztuko dituzten hainbat eta hainbat zuzidunek desfilatuko dute. “Luxua da etxekoak izatea urteko gaurik magikoena bizitzeko”, azaldu du Kultura ordezkariak. Inork ez dezala ahaztu bere gutuna idaztea, morroiei ematea eta kabalgataz gozatzea. Emozio, ilusio eta magia handiko arratsaldeak ditugu zain”.

Desfilearen bezperan, urtarrilaren 4an, 16:00etatik 20:00etara bitartean, Errege Magoen pajeek Irungo haurren eskutitzak bilduko dituzte, udaletxean, eta, ordu horietako ilara luzeak eta itxaronaldia arintzeko, animazio jarduerak izango dira San Juan plazaren inguruan.

Urtarrilaren 5ean, Erregeak 18:00etan iritsiko dira Irunera; beti bezala, trenez. Alabaina, geltokiko lanak direla-eta, ez da izango nasetara sartzerik, eta harrera geltokiaren kanpoan egingo zaie, Geltoki kalean.

Erregeen desfilea eguberrien amaiera izango da eta berrikuntza batzuk izango ditu gainera. Aurten, errege-postariek gozokiak eta banderatxoak banatuko dituzte hirian zehar, ikusleek desfilea anima dezaten. Bizikletaz egingo dute, Los Perolas eta Los Tranquilo fanfarreek lagunduta, 18:00etatik aurrera, kabalgata hasi aurretik. Erregeen desfilea, berriz, 18:30ean hasiko da, Letxunborro hiribidean, eta, Hondarribia kalea, Colón ibilbidea, Jenaro Etxeandia plaza, Nafarroa etorbidea eta Eliza karrika ibili, eta San Juan plazan bukatuko da. San Juan plazara iristen denean, Erregeek udaletxera joko dute, eta, 19:25 aldean, haur guztientzako diskurtsoak emango dituzte, balkoitik.

Kabalgataren osaera

  • “Arabiako gauak” kalejira
  • Santiagoko deabruak
  • Erraldoiak: irungo atsegiña alkateak, turkiarrak eta afrikarrak
  • Irun Hiria Musika banda
  • Meltxor erregearen karroza
  • 40 zuziduneko eskolta
  • Santiagoko deabruak
  • Gaspar erregearen karroza
  • 40 zuziduneko eskolta
  • Zo-zongó batukada – analía dantza eskola
  • Baltasar erregearen karroza – dragoi txinatarra
  • 40 zuziduneko eskolta
  • Trikuharri elkartea
  • 22 academy dantza akademia
  • Disney karroza – ondare kultur elkartea
  • 40 zuziduneko eskolta

Egitarau osoa, trafikoaren etenak eta aldaketak eta garraio publikoko zerbitzuak Irungo Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude