Eskubaloiko Errege Kopako azken fasea Artalekun jokatuko da ekainaren 6tik 8ra

Eskubaloiko Errege Kopako azken fasea Irunen jokatuko da ekainaren 6tik 8ra. Artalekun jokatuko den ekitaldiaren xehetasunen berri eman dute gaur goizean Irungo udaletxeko areto nagusian egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira  Irungo alkate Cristina Laborda, Espainiako Eskubaloiko Errege Federazioko buru Francisco V. Blázqueze, Kiroletako foru diputatu Goizane Álvarez eta Bidasoa Irun taldeko buru Gurutz Aginagalde.

Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, berriro ere hiri mailako ekitaldi baten egoitza izango da Irun, beste batena, ilusio berezia pizten dien batena; “izan ere, eskubaloizaletasuna Irunen DNAn dago”. Irun ekitaldi hiri bihurtzeko udal apustuaren beste adierazgarri bat dela azaldu du, eta, Artalekutik harago, asteburu batez, horrelako ekitaldi baten egoitza izateak berekin dakarren guztia biziko du hiri osoak, eskubaloiaren jaiak hiriko bazter guztietara eramango baititu ekitaldia behar bezala bizitzeko jarduerak. Labordak erantsi duenez, “Udalak horrelako askoz iragarpen gehiago egiteko lanean jarraituko du. Bada, IAM pabilioia eraikiko balitz, errazagoa litzateke: Bidasoa Irunek beharrezkoa du, eta beharrezkoa da Irunek hiriko jardun ekonomikoari on egiten dioten ekitaldiak sustatzen segitzeko”.

Espainiako Eskubaloiko Errege Federazioko buruak onartu du Irunen etxean bezala sentitzen dela: “hemen langa hautsi genuen Selekzio Nazionala ekarri genuenean, izan ere, urte asko eta gero, Espainiar ereserkia berriz ere entzun zen Artalekun, baieztatuz eskubaloia ezberdina dela”. Agintariak gainera ospatu du “alkatearen eta diputatuaren konpromisoa, hiri eta autonomia-erkidego batzuetan non eskubaloia horrenbesteko garrantzia duen, Irunen gure kirola inon baino hobeto handiagotzen delako; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udaletxearen bermea gakoa izango da, Espainiako Eskubaloiko Errege Federazioaren oinarrizko kontzeptua etorkizunerako proiektuetan lan egiteko”.

Kiroletako foru diputatuak azpimarratu duenez, “oso harro gaude Gipuzkoa hain maila handiko ekitaldi baten egoitza izateaz eta, bereziki, Irun  izateaz egoitza hori, eskubaloizaletasun eta tradizio handia baitago hirian. Horrela, astebetez, eskubaloiaren hiriburua izango da Artaleku: Bidasoa Irun anfitrioia izango da, eta zaleek babes osoa emango dute, beti bezala. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak kirola sustatzeko eta lurraldean maila handiko txapelketak antolatzeko konpromisoa hartua du, horrelako ekitaldiek izugarrizko inpaktua baitute, kirolaren ikuspuntutik zein ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, eta honako hau, dudarik gabe, ikuskizun paregabea izango da eskubaloizale guztientzat”.

Azkenik, Bidasoa Irun taldeko buruak eskerrak eman ditu: “Oso aukera interesgarria da, kirolaren ikuspuntutik zein ikuspuntu sozialetik, azkenaldian asko hazten ari baikara. Gure zaleen aurrean horrelako txapelketa bat jokatzea oso positiboa da, eta bada taldeak dituen beharrak ezagutarazteko aukera bikaina ere. Izan ere, beharrezkoa dugu IAM pabiloi berria, eskakizunak betetzeko behar dugulako ez ezik horrelako okasioetan Artaleku txiki geratzen zaigulako ere”.

Hitzordu historikoa

Aurtengo edizioa efemeride historikoa izango da, Errege Kopak 50 urte beteko baititu eta eskubaloiaren munduan ospe handia duen plaza batean ospatuko baitu urteurrena: Irunen eta Artalekun, Bidasoa Irunen etxean, 2.200 zaleren aurrean.

Irunek eta Espainiako Eskubaloiko Errege Federazioak lotura estua dute, eta, azken urteetan, Federazioak hiria aukeratu izan du garrantzi handiko ekitaldiak antolatzeko, hala nola selekzio absolutuen Espainiako nazioarteko tornea 2016an eta 2017an, Espainiako Kopa 2023an eta emakumezkoen talde nagusiak Parisko 2024ko Olinpiar Jokoak prestatzeko partidak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude