Errege Magoek neurri bereziak hartuko dituzte Irunera egingo duten bisitan

Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazten du zenbait aldaketa izango direla Errege Magoek gure hirira egingo duten bisitan, datorren asteazkenean (urtarrilak 5), COVID-19aren pandemiaren bilakaera ikusita, publikoan jendea pilatu ez dadin.

Era berean, aldaketak izango dira gutunen bilketan ere: Udaletxeko areto nagusian bildu beharrean, Erregeen pajeek Udaletxeko arkupeetan jasoko dituzte gutunak, datorren asteartean (urtarrilak 4). Desfileari dagokionez, bertan behera geratuko da ADIFeko geltokiko harrera-ekitaldia, bai eta Erregeek Udaletxeko balkoitik egin behar zuten hitzaldia ere. Horrez gain, ibilbidea luzatuko da.

Errege Magoen urteroko desfilea 18:30ean abiatuko da Letxunborro hiribidetik eta hiriko zenbait kale zeharkatuko ditu (Hondarribia kalea, Colón pasealekua, Eliza kalea, San Juan plaza, San Martzial kalea, Urdanibia plaza) eta Egukitzaldea eta Prudencia Arbide kaleen arteko bidegurutzean amaituko da. Ibilbidea aurreikusitakoa baino 900 m luzeagoa izango da horrela, jende pilaketak saihesteko, eta jende gehien erakartzen duten ekitaldiak kendu dira (tren-geltokiko harrera eta Udaletxeko balkoiko hitzaldiak). Gainera, ez da gozokirik banatuko.

2022ko Errege Magoen desfilerako programa hau osatu dute Irungo Udalak eta zenbait erakundek (22 Academy, Ondare Kultur Elkartea, Bidasoaldeko Burdinbidearen Lagunak, Lastargidunen Elkartea, Irungo Atsegiña, Irun Hiria Musika Banda, San Vicente de Pauleko Majoretteak, Analía Dantza Eskola, Santiagoko Deabruak, Babes Zibila):

Urtarrilak 4
16:00 – 20:00: Irungo Udaletxeko arkupeetan, Errege Magoen pajeek Irungo neska-mutilen gutunak jasoko dituzte.

Errege Magoen laguntzaileek maskara eta eskularruak jantziko dituzte ekitaldi osoan zehar, eta haurrei esango diete noiz joan daitezkeen gutunak ematera eta hitz egitera, eta nondik irten behar duten kartak eman eta gero.

Harrerara joaten diren guztiek eskuak garbitu beharko dituzte sartu aurretik. Antolakuntzatik gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie parte-hartzaileei, harrera-ekitaldiaren sarreran eta irteeran.

Urtarrilak 5
18:30: ERREGE MAGOEN URTEROKO DESFILEA 18:30ean abiatuko da Letxunborro hiribidetik eta hiriko zenbait kale zeharkatuko ditu (Hondarribia kalea, Colón pasealekua, Eliza kalea, San Juan plaza, San Martzial kalea, Urdanibia plaza) eta Egukitzaldea eta Prudencia Arbide kaleen arteko bidegurutzean amaituko da.

Desfilearen hurrenkera

“Arabiako gauak” kalejira

Irun Hiria musika banda

Irungo Atsegiña erraldoiak: Alkate jauna eta Alkate andrea

Meltxor Erregearen gurdia, Pegaso, 40 lastargidunek lagunduta

Santiagoko deabruak

Irungo Atsegiña erraldoiak: Turkoak

Gaspar Erregearen gurdia, Dragoi thailandiarrak, 40 lastargidunekin batera

Zozongo batukada eta Analia Bellydance ekialdeko dantza eskola

Irungo Atsegiña erraldoiak: Afrikarrak

Baltasar Erregearen gurdia, Tritoiak, 40 lastargidunek lagunduta

Academy 22 Dantza Akademia

Haurren gurdia, Disney pertsonaiak, 40 lastargidunek lagunduta

San Vicente de pauleko majoretteak eta Los Perolas eta Los Tranquilos fanfarrea

Desfilearen amaiera: Anbulantzia eta Babes Zibila

Megafoniatik publikoari eskatuko zaio maskara erabiltzeko desfilea ikusten duten bitartean. Mezu horiek ibilbide guztian zehar emango dira, desfilearen aurretik eta ondoren, une puntualetan.

Jendeari gogorarazten diogu oso garrantzitsua dela agintari sanitarioek ezarritako neurriak betetzea, horien artean maskara beti erabiltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude