Euskadiko Itsasargien Lagunak Elkarteak kide berriei elkartera batzeko bidea argitu nahi die

Euskadiko Itsasargien Lagunak Elkarteak itsasargiak eta, oro har, itsas mundua maite dituztenentzako topagunea izan nahi du. Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu elkarteak eta 2024a elkartearen 10. urteurrena izango da. Iñaki García elkarteko diruzaina da eta etorkizunera begira elkartearen asmoak eta helburuak zeintzuk diren azaldu digu.

Nola bururatu zitzaizuen Irunen itsasargien inguruko elkarte bat sortzea?

Gu Frantziako kostaldera joaten ginen oporretan eta zonalde horretan itsasargi asko daude. Oporretatik oso pozik itzuli ohi ginen eta horrela, Andaluziako era honetako beste elkarte bat ezagutu genuen. Guk ere itsasargien lagunen elkarte bat sortzea proposatu ziguten eta horrelaxe sortu zen elkartea.

Ba al da gure inguru honetan itsasargiekiko zaletasunik?

Hemen kostaldean bai, nahiz eta gure kideak ez diren bakarrik Euskadikoak. Kide batzuk esaterako, Andaluziakoak, Badalonakoak, Burgosekoak edo Madrilgoak dira. Beraz, kide asko ditugu, baina gehiago ere nahi ditugu.

Nolako ekintzak egiten dituzue elkartearen barnean?

Gure ideia da itsasargiei buruzko informazioa zabaltzea eta mundu guztiak itsasargiak ikusteko aukera izatea. Helburu hori lortzea zaila izango da, baina gure jardueraren bitartez itsasargiak balioetsi nahi ditugu. Hori lortzeko urtean zehar hainbat ekintza egiten ditugu, adibidez, Gabonetako marrazki lehiaketa, txangoak eta irteerak, mikrokontakizunen lehiaketa, haurrentzako marrazki lehiaketa eta beste hainbat gauza.

Gainera, antolatutako ekintza asko haurrentzako dira, ezta?

Bai, hori da. Haur askok ez dute ezagutzen zer den itsasargi bat edo nola funtzionatzen duen. Horretaz gain, eskoletan hitzaldiak ematen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen. Horrela beraz, haurrentzat bestelako ekintzak antolatzen saiatzen gara, baita hitzaldiak edo eztabaidak ere.

Zer egin behar da elkartera batzeko?

Nahi duenak elkartera batzeko aukera du. Kide izateko urtean zehar soilik 10 euro ordaindu behar dira. Kideek ordaindutako kuotari esker urtean zehar egiten ditugun ekintzak antolatzen ditugu. Gabonetan oparitxo bat ematen zaie denei. Beraz, ez da garestia elkartera batzea eta gainera, oso ondo pasatzen dugu.

2024an elkarteak 10. urteurrena ospatuko du. Ekintza bereziak antolatuko dituzue?

Aurtengoa oso urte berezia izango da elkartearentzat. Elkartea 2014ko abuztuan sortu baitzen. Normalean egiten ditugun ekintzez gain, orain asanblada bat izango dugu urteurrenarekin loturiko ekimen bereziak prestatzeko.

Bestetik, Kalean Bai programari atxikitako elkartzea zarete. Zergatik batu zineten?

Ni aurretik beste bi elkartetan nengoenez eta horiek Kalean Bai programaren parte zirenez, itsasargien elkartekoei egitasmora batzea proposatu nien eta baiezkoa eman zidaten. Euskara sustatzeko ideia asko gustatu zitzaien. Programak hainbat zerbitzu ematen dizkigu, hau da, euskarazko aurkezleak edo itzulpenak. Elkartearen webgunea ere euskaraz eta gazteleraz dago.

Zein erronka ditu elkarteak etorkizunera begira?

Guretzat oso garrantzitsua litzateke bazkide gehiago izatea. Era berean, portuko agintariekin harreman hurbilagoa izan nahiko genuke, itsasargiak bisitatu edo bertan ekintzak antolatu ahal izateko. Dena den, gure blogean eta sare sozialetan antolatutako ekintza guztien berri ematen jarraituko dugu.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude