“Haurren aurrean, helduok heldu” aktibazio ekimenak helduak eredu bihurtuko ditu urrian 10 egunez

Haurren aurrean, helduok heldu” aktibazio ekimenaren helburua da hizkuntza praktikak aldatzea eta, era berean, euskara gehiago erabiltzea. Horretarako, helduak eredu izatea bilatzen da, hau da, guraso eta bestelako hezitzaileen arteko hizkuntza ohiturak aldatuz haurrentzat adibide izan daitezen. Hori dela eta, urriaren 19tik 29ra helduei euren arteko euskara erabileran eragiteko eta umeekiko eredugarritasuna bultzatzeko ekintzak proposatuko zaizkie.

Eredu lanketa

Beraz, “Haurren aurrean, helduok heldu” egitasmoak bi helburu nagusi ditu. Batetik, helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea. Bestetik, helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea.

Urrian, 10 egunez, Euskaltzaleen Topagunetik baliabideak eman eta ekintzak proposatuko zaizkie helburu horiek lortzeko. Zeregin horretan sentsibilizazioa, ahalduntzea eta saretzea funtsezkoak izango dira. Sentsibilizazio kanpaina bat gauzatuko da, hainbat ekintza antolatuz euskaraz lasai aritzeko espazioak sortzeko. Horrela, aldi berean, 12 urtetik beherako haur eta gazteekin harremana duten helduen aktibazioa sustatzea bilatzen da.

Gainera, ez da ausaz aukeratu ekimena urriaren 19tik, ostegunetik, urriaren 29ra, igandera, egitea. Hots, ikasturte berriko dinamika abiatuta dagoenean, ekimenak proposatzen duen dinamikak ikasturte osoan ahalik eta eragin handiena izatea espero da. Ekimen honek txinparta pizgarri izan nahi du, ikasturte hasieran, gurasoen arteko euskarazko hizkuntza praktikak indartu daitezen hurrengo aste eta hilabeteetan.

Lurraldeari dagokionez, Euskaltzaleen Topaguneak ariketa Euskal Herri osoan egitea proposatu du, baina herri batzorde eta eragileen inplikazioaren arabera, eragin maila desberdina izango du ekimenak herrietan. Herriaren eremu osoan eragin edo eremu jakin batzuk lehenestea ere erabaki lezakete herri batzordeek: hala nola, auzo batzuetan soilik egitea, eskola jakin batzuekin lankidetzan aritzea, eta abar.

Eremu fisikoei dagokienez, nagusiki, helduak eta umeak elkartzen diren inguru informalak aukeratuko dira lanketarako. Parkeak, eskola kanpoaldea, plazak, etab. Baita ekintza bereziak antolatzen diren espazioak ere. Kaleko espazioez gain, ekimena etxeetara ere iristea lortu nahi da.

Ekimen honen barnean Irunen egingo diren ekintzen informazio gaurkotua Irunero aldizkariaren bertsio digitalean jasoko da, hau da, webgunean eta aldizkariaren sare sozialetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude