Irungo AEK euskaltegiak ikastaro ezohikoekin ekingo dio 2023/2024 ikasturteari. Hizkuntza maila egiaztatzeko azterketa ofizialetatik harago, euskaltegiak bestelako ikasleen interesei erantzun nahi die praktikotasunetik. Horretarako, ikastaro eskaintza berezia prestatu dute, gaika banaturik, era askotariko pertsonen beharrei erantzun ahal izateko. Guztira, 7 ikastaro prestatu dituzte hastear den ikastarorako, euskara ere ikas daitekeela frogatzeko titulu gosetik aldenduz.
Maider Ugartek azaldu duenez, ikastaro eskaintza berria urteetako hausnarketaren emaitza da. “Azken urteetan konturatu gara ikasleen profila asko aldatu dela eta, batez ere, egiaztagintzari begira dauden ikasleak ditugula, hau da, hizkuntza tituluak lortu nahian dabiltzanak”. Gehiengoaren helburua hori bada ere, prozesu horretatik kanpo ikasle batzuk gera direla ohartu dira AEKn, Ugarteren hitzetan “gero eta gutxiago dira titulurik nahi izan gabe, euskaltegira soilik euskalduntzera datozenak”. Ondorioz, askotan ez dute beraientzako lekua hemen topatzen, klaseak nahi gabe tituluen prestaketara bideratzen baitira. Hutsune hortaz jabetuta, interesgarria iruditu zaie ikastaro bereziak prestatzea, tituluetatik haratago.
“Gero eta gutxiago dira titulurik nahi izan gabe, euskaltegira soilik euskalduntzera datozenak”
Maider Ugarte, Irungo AEK
Ikastaro bereziak izan arren, Maider Ugartek nabarmendu du edozein hizkuntza ikasteko landu beharreko lau trebetasunak jorratuko direla horietan: irakurmena, entzumena, mintzamena eta idazmena. Hala ere, horietan trebatzeko ez dira azterketen prestaketarako erabili ohi diren ohiko prozedurak eta ariketak erabiliko. Maider Ugartek azaldu duenez, “ikastaro bakoitzak bere metodologia propioa izango du, oso ezberdinak baitira beraien artean”. Beñat Altzagak gaineratu du, ikastaro guztiak “helburu komunikatiboen” aterkiaren azpian egongo direla eta praktikotasunetik askotariko ariketen bitartez landuko direla. “Helburua beti izango da euskara praktikotasunetik kalera atera ahal izatea”, azaldu du Beñat Altzagak.
Ikasleen esanetara
Helburua azterketa izan ez arren, ikastaro berezi hauetan edozein hizkuntza ikasteko beharrezko lau trebetasunak landuko dira: entzumena, irakurmena, idazmena eta mintzamena. Beñat Altzagak azaldu duenez, “sinetsita gaude, azterketara zuzendua egon ez arren, ikastaro hauetan parte hartzen duenak, azterketa gainditzeko gaitasuna eskuratuko duela”. Horrela, ikastaro bakoitzari izaera ematen dion gaitik abiatuta euskalduntzea eta euskaltasunetik gaiaren muinerako joan-etorri etengabean aritzea izango da ikastaro hauen ezaugarri metodologiko behinena.
“Helburua beti izango da euskara praktikotasunetik kalera atera ahal izatea”
Beñat Altzaga, Irungo AEK
Ikastaroetan izena emateko ez zaie aurretiko ezagutza berezirik eskatuko ikasleei, Euskalduntzeko gogoa eta jarrera parte-hartzailea baino ez. Izen ematea irailaren 1etik aurrera egin ahalko da, oporren ostean Irungo AEK euskaltegiaren ateak berriro irekitzearekin batera. Ikastaro bakoitzak astean bi saio izango ditu eta ordutegia ikasleen behar edo nahien arabera adostuko da. Gainera, ikastaroen aprobetxamendu ona egiteagatik ikasleek HABE eta Irungo Udaleko diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute, bueltan ikastaroaren zenbatekoaren % 100era arte jaso ahalko dutelarik.
Era berean, Maider Ugartek azaldu du, “oso garbi dugu ikasleek bideratuko dutela ikastaroaren lerroa, nahiz eta irakasleak plangintza bat prestatu noski”. Eskolak moldagarriak izateak ikasleek unean-unean dituzten beharretara egokitzeko aukera emango du. Beraz, Beñat Altzagak laburbildu duenez, “ azterketaren prestaketan tematu ez arren, bakoitzak gustuko duen horretan izena emateko aukera izango du”.
7 ikastaro aukeran
Ikastaro eskaintza bereziaren barnean 7 ikastaro eskainiko dira guztira datorren ikasturtean zehar Bidasoko AEKn. “Hasieran askoz gehiago genituen, baina konturatu gara gehiegi zirela eta 7 ikastarotan laburbildu ditugu”. Lehena, hika taldea izango da, hitanoa erabiltzen ikastea helburu izango duen taldea. Hikarena ez da ikastaro berria izango, izan ere, iaz jada horrelako talde bat antolatu zuen Irungo euskaltegiak. Beste ikastaroetako bat Mintza taldea izango da, eskaintzan berria izango ez den beste ikastaro bat. Mintza taldean ahozkotasuna landuz euskalduntzea lortu nahi da, parte-hartzaileen euskara maila hobetuz.
Euskalduntze taldeak aldiz, euskaldunak diren irundarrei euskaraz bizitzeko tresnak emango dizkie, Irungo errealitate soziolinguistikoak eragin ditzakeen arazoak gainditzeko tresnak. Horrela, eguneroko egoera arruntetan erabilgarriak izan daitezkeen tresnak emango dira, egoera deserosoetan erabilgarriak izan daitezkeenak. Era berean, alfabetatze ikastaroak ikasleak euskara bizitzerakoan eroso sentitzea lortu nahi du, euskara batuaren arauak landuz ahozkotik idatzizkora nola pasa jakiteko. Talde hau garai batean asko eskaintzen zen eta berreskuratzeko beharra ikusi dute, izan ere euskaldunak diren pertsonak dira baina euskararen bitartez alfabetatu gabeak, eta horixe eskaini nahi zaie, araututako euskara.
“Zure ofiziotik abiatuta euskalduntzen” ikastaroaren kasuan, ikasleen lanbidea abiapuntutzat hartuko da pertsona horiek beren lanean beharko duten euskara jorratzeko. “Kulturgintzatik abiatuta euskalduntzen” ikastaroan, euskal kulturari erreferentzia etengabeak egingo zaizkio, literatura, antzerkia, bertsoak eta musika izango direlarik, besteak beste, abiapuntuak,. Azkenik, idazketa sortzailea deituriko ikastaroak testu genero ezberdinak landuko ditu, hala nola, poesia, gorazarrea, ipuinak, kontakizunak, txisteak edo komikiak, bakoitzak bere barnean duena atera dezan.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.