Ingurumenarekiko errespetua txiki-txikitatik lantzen da

Jakina da ingurumenaren zainketan guztiok egin dezakegula gure ekarpena, txikia bada ere. Txingudiko Zerbitzuek eskualdeko ikasketa zentroetan antolatutako ingurumen hezkuntzako tailerrek ekarpen handia egiten dute ideia hori indartzeko. Txingudi Ikastolaren 2023-2024 ikasturteko tailerren eskaintza aurkeztu da.

Azken sei urteetan esanguratsua izan da Txingudiko Zerbitzuek emandako tailerren kopuruak eta ikasleen parte-hartzeak izan duten gorakada. Iaz 140 tailer eman ziren, duela sei urte baino 94 gehiago, eta jarduera horietan parte hartu zuten pertsonen kopurua % 111,72 igo da denbora berean.

Aurtengo eskaintza

2023-2024 ikasturteko eskaintzaren berrikuntza nagusia kontsumo tailerra da. Bertan, publizitateak, merchandisingak eta sare sozialek kontsumo ohituretan nola eragiten duten aztertuko da, eta gizarte kontsumistak hondakinak nola sortzen dituen hausnartuko da. Tailer honek ekonomia zirkularraren eredu bat sustatu nahi du, egungo ekonomia linealaren ikuspegiarekin alderatuta. Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzat, “Escape Hall” jolas parte-hartzaile eta sortzaileak ere aldaketak izango ditu. Jokoan formatu digitala erabiliko da tokiko ekintza eta ingurumenarekiko konpromiso pertsonalen garrantzia ulertarazteko.

“Horrelako proiektuen bitartez gure ikasleak zientziara ere hurbildu nahi ditugu”

Nieves Odriozola, Txingudi Ikastolako hirugarren zikloko irakaslea

Gainera, aurreko ikasturteetan bezala, oinarrizko edukiekin lotutako beste bost tailer ere eskainiko zaizkie lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeei. Berria ez bada ere, energia eta aldaketa klimatikoa ardatz dituen tailerrak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu aurten. Halaber, oinarrizko gaiak jorratuko dira, hala nola ura, hondakinak eta hiri garbiketa, Zisare urteko konpostatze programa edota uraren ziklo integrala bertatik bertara ezagutzeko Elordi eta Atalerrekako instalazioetara bisitak.

Txingudi aurkezleku

Txingudi Ikastola izan zen duela bi hamarkada baino gehiago Txingudiko Zerbitzuek antolatutako tailerretan parte hartu zuen lehen ikastetxeetako bat. Hasierako konpromiso horri eutsiz, Azken ikasturtean ikastolako ikasleek bide garbiketako, hondakinen kudeaketako eta Zisare programako tailerretan parte hartu zuten. Aurten, aurreko urteko aukeraketa errepikatu eta aurkeztu berri den kontsumo tailerrean ere parte hartuko dute.

Nieves Odriozolak Txingudi Ikastolan 2023 Agendan inplikatutako hirugarren zikloko irakasleen izenean azaldu du, “Txingudi Ikastolan 3. mailan hasten gara Txinzerreko tailerretan parte hartzen”. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan bide garbiketa ikastaroaren bitartez hondakinen kudeaketa egokiaz hausnartzen hasten dira. Enara Regatos eta Markel Ugartemendia ikasleek tailerretan landutakoa azaldu dute. Enara Regatosek horrela laburbildu du bide garbiketa tailerraren edukia:  “Normalean Txinzerreko norbait eskolara etortzen da eta gure kaleak garbi nola mantendu behar ditugun erakusten digu”. Eskolan gaiaren lanketa lehenago haste bada ere, maila horretan garrantzi berezia ematen zaio.

“Ikasitakoa etxekoei eta ingurukoei erakusten diegu gero”

Markel Ugartemendia, Txingudi Ikastolako ikaslea

2016tik eskolako 5. mailako ikasleek Zisare proiektua lantzen dute. Horretarako, jolasgaraian sortutako hondakin organikoak erabiltzen dituzte, konposta egiteko prozesu osoa eskolan gertutik jarraitzeko. “Gelako zaborrontzi marroiak eskolako zaborrontzi handietan husten ditugu, gero konpostagailura eramateko”, adierazi du Enara Regatosek. Ikasleak txandaka arduratzen dira zaborrontzien hustuketaz, prozesuan ahal bezain beste inplikatzeko. Konposta egiteko bi ontzi dituzte ikastolan; batean aurreko ikasturtean zehar sortutakoa; bestea, hutsik dute, ikasturtean zehar hondakin organikoz betetzeko. “Hustuketa egiteaz 6. mailakoak arduratzen dira,  1. eta 4. maila artekoek egiten dena begiratzen duten bitartean”. Nieves irakasleak erantsi du, “horrela txikitatik eskolan zein proiektutan lan egiten ari garen ikus dezakete”. Enara Regatosek proiektuaren amaiera horrela azaldu du: “Bukatzeko, konposta aztertzeko mikroskopioak erabiltzen ditugu eta pantaila handian irudiak proiektatzen ditugu, konpostean dauden mikroorganismoak hobeto ikusteko”.

Iaz 5. mailako ikasleek ere hondakin tailerrean parte hartu zuten. Bertan hondakinak egoki sailkatzen ikasten dute ikasleek. Horretarako eskolara hondakin mota ezberdinak eramaten dizkiete, bakoitzarekin zer egin behar den ikasteko. Markel Ugartemendiak  adierazi du, “ikasitakoa etxekoei eta ingurukoei erakusten diegu gero”. Nieves Odriozola irakasleak azaldu duenez, “horrelako proiektuen bitartez gure ikasleak zientziara ere hurbildu nahi ditugu”. Egindako lanak fruituak ematen dituela argi dago, izan ere, Markel Ugartemendiak duela egun batzuk honakoa aipatu zion irakasleari: “nik zientzialaria izan nahi dut”.

Ikastaroen aurkezpenean, ikasle eta irakasleek José Antonio Santano eta Igor Enpara, Irun eta Hondarribiko alkate eta Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko lehendakari eta lehendakariordeen konpainia izan zuten. Santanok eskualdeko gazteek pertsonen banakako ekintzek mundu jasangarriago baten eraikuntzan eragiten dutela azaldu du: “Gure planetaren etorkizuna belaunaldi gazteenen esku dago, ingurumenaren zaindari bihurtuko dira datozen urteetan”. Igor Enparanek aldiz, adierazi du “ingurumen hezkuntza oinarria da, txikitatik, iraunkortasunarekin konprometitutako gizartea sortzeko”. Horrela, Hondarribiko alkateak erabaki arduratsuak hartzeko eta gure planeta zaintzeko beharrezko ezagutza eta kontzientziaz hornitzearen garrantzia azpimarratu du.

Garapen Jasangarriko Helburuekin bat

Txingudiko Zerbitzuek eskaintzen dituzten ingurumenari buruzko hezkuntza tailerrak Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta daude. Era berean, tailer hauek Agenda 2030ean integratuak daude. Tailerren bidez hainbat GJH lantzen dira: 6. GJH (uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria bermatzea), 7. GJH (energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta denontzat modernoa izatea bermatzea), 11. GJH (hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea), 12. GJH (kontsumo eta ekoizpen iraunkorreko modalitateak sustatzea) eta 13. GJH (klima aldaketaren eta haren ondorioen aurkako premiazko neurriak hartzea).

Leire Zubiturrek Bidasoa eskualdeko ikastetxe guztien parte-hartze aktiborako deia egin du, haur bakoitza kontzientziatzearen garrantzia azpimarratuz. Tailerretan izena emateko epea beti zabalik dagoen arren, Zubiturrek nabarmendu du lehenbailehen erregistratzea komeni dela, modalitateen zein data ezberdinen aniztasuna aprobetxatzeko. Ikastetxeek izen ematea  txinzer.eus webgunearen bidez egin beharko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude