Irulegiko Eskua liburuak aurrekaririk gabeko aurkikuntzaren berri eman nahi die haurrei

Bakarne Atxukarrok, Izaskun Zubialdek eta Asun Egurzak Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak helduen artean eragindako zalaparta etxeko txikienei azaldu nahi izan diete. Eskuaren jatorriaren testuingurua azaltzeko pertsonaia eta istorio bat asmatu arren, gertakarien kontakizun leiala egiteko ahalegin berezia egin dute. Izaskun Zubialde eta Bakarne Atxukarro irundarrek liburuaren sormen prozesua nolakoa izan den kontatu digute.

Nola bururatu zitzaizuen Irulegiko Eskuari buruz haurrentzako liburu bat idaztea?

Bakarne: Denonartean argitaletxeko Unairekin hitz egin genuen eta aurten euskal mitologiarekin loturiko zeozer idaztea proposatu zigun. Hasiera batean baietz esan genuen eta idazten hasi behar genuenean ohartu ginen ez zela euskal mitologiaz hitz egiteko momentua, mundu guztiak burua beste nonbait zuela ikusita. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren ostean helduak hunkituta geunden eta txikiak ere gertakari horren partaide egin behar genituela pentsatu genuen. Horrela hasi ginen liburu hau idazten. Asuni ere esan genion eta baietz esan zuen eta horrela egin genuen aurrera.

Liburua aurkikuntza gertatu eta hilabete gutxitara kaleratu duzue, beraz azkar ibili behar izan duzue, ezta?

Izaskun: Bai, nahiko azkarra izan da, momentua aprobetxatu nahi genuelako. Horrelako gauzak momentuan bertan egin behar dira, bestela ahazteko arriskua dagoelako. Hau momentu aproposa zela iruditu zitzaigun. Bakarnek kontaktu batzuk lortu zituen Aranzadin eta Nafarroako Gobernuko arkeologoen artean eta beraiekin hasi ginen buru-belarri lanean. Prozesua nahiko azkarra izan da, baina oso aberasgarria.

Gertatutakoa ahalik eta modurik leialenean islatzen saiatu zarete beraz?

Bakarne: Hori da, testuingurua benetakoa da. Horretarako, Teresa Lacosta Ramirez arkeologoaren, Nafarroako arkeologo batzuen eta Aranzadiko kideen laguntza izan dugu. Beraiei esker eskua nola aurkitu zuten eta aurkikuntzak zelako garrantzia duen jakin dugu. Liburu oso aberatsa da atzetik duen guztia benetakoa delako eta, eskuaren istorioaz gain, haurrek duela 2.000 urte nola bizi ziren deskubrituko dutelako.

Liburuaren bitartez haurrak aurkikuntzaren garrantziaren partaide egin nahi izan dituzue?

Izaskun: Dudarik gabe. Ginera, gure helburua beti berdina izan da: helduentzako gaiak haurrentzat egokitzea. Esaterako, mitologia liburuekin, arrakasta handia izan duten lanak izan baitira. Aurkikuntza honek garrantzi berezia du ondare fidagarria baita. Horrelako gaiak helduen artean bakarrik gelditu ez daitezen, haurrei ere azaldu nahi izan diegu.

Liburu oso aberatsa da atzetik duen guztia benetakoa delako

Bakarne Atxukarro, idazlea

Erraza izan da gertatutakoa haurrentzat ulergarri egitea?

Bakarne: Ohituta gaude hori etengabe egiten, beraz, badakigu gutxi gorabehera nola egin behar den. Gainera, Izaskun irakaslea izanik, gure publikoa oso ondo ezagutzen du.

Izaskun: Oso lan aberasgarria izan da, guk ere liburuan agertzen ez diren xehetasun asko ikasteko aukera izan dugu arkeologoen eskutik. Liburua haurrekin lantzerakoan berriz, harrigarria da nola pizten zaien gaiarekin lotutako mila galdera egiteko grina. Testuingurua azaldu heinean txundituta geratzen dira kontatzen ari zaren istorioa beren buruetan irudikatzen dutenean. Irudi errealak ere erakutsi dizkiet dena ondo uler dezaten, eta adibidez, zur eta lur geratzen dira hain etxe txikietan bizi zirela azaltzen diezunean. Azken batean, jakin-mina pizteak erakusten du lana ondo egina dagoen edo ez.

Zuen arteko elkarlanak lana erraztu dizuela esango zenukete?

Bakarne: Guk beti horrela egin dugu lan eta ez zaigu bururatzen beste era batera egitea. Gainera, beraiekin lan egitea oso erraza da.

Izaskun: Aberasgarria da gainera elkarlanean lan egitea, askotan gai baten inguruan ikuspuntu ezberdinak izan ohi ditugulako, baina gure artean hitz eginez ados jartzen gara beti erdibideko punturen bat aurkitzeko. Bakarnerekin eta Asunekin lan egitea oso erraza da.

Nahiz eta haurrei bideratutako liburua izan, bitxia da heldu asko liburua erosten ari dela beraiek irakurtzeko

Izaskun Zubialde, idazle eta irakaslea

Irunen Liburu Azokan egindako liburuaren aurkezpena berezia izan zen, ezta?

Bakarne: Bai, guretzako oso egun garrantzitsua eta polita izan zen. Gu gainera irundarrak gara eta sekulakoa izan zen etxera itzultzea liburu hau aurkezteko. Gainera, Nafarroako Gobernuko arkeologo bat etorri zen gurekin, Jesus García González eta aukera aparta izan zen bere ahotik aurkikuntzaren nondik norakoak entzutea, prozesu guztia goitik behera azaldu baitzuen.

Izaskun: Lan guztia amaituta, egin ditugun 20 liburuen artean liburu hau lehen aldiz gure herrian aurkezteko zortea izan genuen. Gainera, konpainia ezin hobean egin genuen, beraz, asko gozatu genuen aurkezpena.

Euskaraz eta gazteleraz gain, liburua laster ingelesez ere eskuratu ahalko da, ezta?

Bakarne: Gure liburu guztiak ingelesera itzuli izan dira, Euskal Herriko Unibertsitatearekin akordio bat dugulako. Izan ere, USAC (University Studies Abroad Consortium) programaren bitartez Ameriketatik etorritako ikasleak dira eta guretzat oso positiboa da euskal etxeekin harremanetan jartzeko aukera ematen digulako. Azken batean, gure kulturaren transmisioa asko errazten digu, beraiek ere euskal mitologiaz gehiago jakin nahi dutelako.

Hasi al zarete irakurle txiki zein helduen balorazioak jasotzen?

Izaskun: Eskolako txikien eta inguruan ditudan beste haurren artean liburua asko gustatu dela ikusi dut. Gurasoek ere esan didate oso ondo aurkeztua dagoela eta liburuaren testuingurua erreala dela jakinda, beraiek ere garrantzi handiagoa eman diote horrelako liburu bat eskuartean edukitzeari. Nahiz eta haurrei bideratutako liburua izan, bitxia da heldu asko liburua erosten ari dela beraiek irakurtzeko.

Bakarne: Baino ez pentsa, denetarik dago. Beste batzuek, aldiz, oportunista batzuk garela esan digute eta pena da. Izan ere, gure asmoa ez zelako dirua egitea. Gure helburua aurkikuntza hau haurrei azaltzea eta eskuaren esanahiaz hitz egitea izan da.

Orokorrean lanak izandako harrera ona ikusita, gaiaren inguruan sor daitezkeen berrikuntzekin bigarren zatirik idaztea pentsatu duzue?

Izaskun: Argi dugu elkarlanean lan egiten jarraituko dugula, hiruretako batek beti horrelako ideia eroak izan ohi dituelako.

Bakarne: Hala ere, pausoz pauso joango gara, orain egindako lana gozatzeko unea baita. Oso pozik gaude liburuaren emaitzarekin eta emaitzaz disfrutatu nahi dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude