Hasi berri den ikasturtean bertsoetan aritzeko aitzakiarik ez

Metrika, lerro eta silabekin jostatuz gozatzen dutenek Irunabarren edo Txingudiko bertso eskoletan topatuko dute beren pasioa garatzeko aukera. Urriaren hasierarekin batera ikasturte berriari ekingo diote, eta  kuxkuxeroek ere izango dute bertsolaritzaren zirrikituak deskubritzeko parada. Igauri Lopetegik eta Adrian Arrutik datorren ikasturtean zehar eskualdean bertsotan aritzeko hainbat aukera daudela azaldu dute.

Noiz eta nola emango diozue hasiera ikasturte berriari Txingudiko Bertso Eskoletan?

Igauri: Bertso eskolak urriko lehen astean hasten dira lanean. Guztira, eskualdean bost bertso eskola ditugu. Batetik, haur eta gazteen bertso eskola. Hasiberrientzako ere baditugu eskolak, hau da, bertsoekin jostatzen hasteko eta bertsoak nola egiten diren ikasteko taldeak dira, idatzizko bertsogintzan ikasten hasten direnak. Bat-bateko bertso eskolan berriz, jada hasiberriak ez direnak eta oraindik beren kabuz aritzeko moldatzen ez direnak aritzen dira. Bestetik, bertso tailerrek bertsolaritzarekin loturiko hainbat ekimen antolatzen dituzte ikasturte osoan zehar, esaterako, Bertso Eskolen Eguna, Bertso Mendariak, omenaldiak, kantaldiak, etab. Horretaz gain, Adrianek eta nik Jaizubian bat-bateko bertso eskolan ikasle bezala parte hartzen dugu.

Aurtengo ikasturtera begira ba al duzue berrikuntzarik?

Adrian: Berrikuntzarik bere horretan ez. Urtero bezala 5 bertso eskola horiek eskaintzen ditugu. Aurtengo ikasturtearen berezitasunetako bat izan daiteke ikaslearen eskaeretara guztiz moldatzen garela. Beharrezkoa balitz ikaslearen profilaren araberako bertso eskola bat diseinatuko genuke. Hortaz, bertsotan aritu, bertsoaren sorkuntza nola egiten den ikasi edo epaile lanetan edo gai jartzaile lanetan aritzeko interesa eduki dezakeenak abagunea izango du horretarako. Hori guztia bertso tailerretik abiatu izan dugu orain arte. Iaz ere bertso jarriekin loturiko zenbait ikastaro izan ditugu. Beraz, Txingudiko Bertso Eskoletan eskaintzen ditugun 5 bertso eskolez gain, Irunabarrek ere beste zenbait tailer eta ikastaro eskaintzen ditu.

Indartu beharreko talderik duzue edo, aitzitik, goratzen ari den baten bat?

Adrian: Egia da urte dezente daramatzagunon bertso eskola zahartzen ari dela eta geroz eta handiagoa dela. Jaizubian Irun, Hondarribia eta Hendaia inguruko jendea elkartzeaz gain, urrutiagotik datozen kideak ere baditugu. Nahiko talde txukuna dugu, baina bertsoa transmisioan oinarritzen den neurrian, gustatuko litzaiguke jende gazteagoa ere erakartzea. Hori lortzeak esan nahiko luke osasuntsu gaudela. Bertsozale elkarteek eskola arruntarekin hitzartuta dute bertso eskolak emateko aukera eta horien bidez ikasle berriak iritsiko balira asko poztuko ginateke.

“Azken batean, bertsoa jendearekin konektatzen zaituen zerbait da”

Igauri Lopetegi

Igauri: Garrantzitsuena da transmisio hori mantentzea eta gu baino gazteagoak direnengana iristeko aukera izatea, erreleborik gabe ez geratzeko. Oraingoz arazo hori ez dugu. Guri komeni zaigu eskoletan abiatzen diren ekimen horietatik ikasleak saltoa egitera animatzea eta pixkanaka horiek ere bertsolari bilakatzea. Erreleboa baino gehiago, belaunaldi berriak horretan ari garenoi batzea gustatuko litzaiguke.

Argazkia: Bertso saio musikatua Landetxa-Kateako jaietan (Iturria: Irunabar).

Nahiz eta ikasturtea hasita egon, egingo al diezue kide berriei tokia?

Adrian: Irunabarrek eta Txingudiko Bertso Eskolek ez dute sekula aterik ixten. Ikasturteak hasiera eta bukaera bat du, baina horrek ez du esan nahi hasieratik hasi ez denak datorren urtera arte tokirik izango ez duenik. Beti funtzionatu izan dugu horrela. Makina bat aldiz ikasturteak kide gutxirekin hasi ditugu eta gerora bertso eskola hori txukundu egin da. Bai jende gehiago gerturatu delako edo ikasleek beren ingurua animatu dutelako. Udaran ere elkartzeko ohitura izan dugu beti, bertso eskolan bereziki ostegunero jarduteko, eta horrek ere ez du etenik.

Eskolez gain, bertsolaritza sustatzeko hainbat ekintza antolatzen dituzue.

Igauri: Bai. Azken batean, bertsoa jendearekin konektatzen zaituen zerbait da, komunikazioa bertsolariaren eta publikoaren artean gertatzen baita. Hori jakinda, gure jarduera ezin da mugatu bertso eskoletara bakarrik eta, hein batean, ateak zabalik izatera behartzen gaitu. Jendea bertsoak entzunez parte-hartzera animatzen da. Bertso eskolak ikastaro bat baino zerbait gehiago dira, titulu edo emaitza zehatzik bilatu ordez, jostatzeko ekimenak dira. Gu kanpora begirako ekimen horiek eginez jostatzen gara eta jostatu nahi duen oro ere gurekin aritzera gonbidatua dago.

“Bertsoa transmisioan oinarritzen den neurrian, gustatuko litzaiguke jende gazteagoa ere erakartzea”

Adrian Arruti

Adrian: Guk ere gure beharrak asetzen ditugu maiz jende aurrean, izan urtetan Kabigorrin edo Muaran egin ditugun bat-bateko saioekin edo eskualdeko beste eragile edo jai batzordeek eskatutako bertso saioekin. Iruneron edo Hitzan hilero bertso sortak argitaratzen ditugu. Irisgarritasun hori badugu eta gure jendeaurrekotasunarekiko premia horrela asetzen dugu. Eskatzen dutenaren arabera ere ematen saiatzen gara. Hamaika ekimen ezberdin daude. Bertso saio musikatuetan ere murgildu ginen orain dela urte pasatxo eta horrek ere ez du etenik. Ari gara honezkero beste zenbait eragilerekin etorri daitezkeen beste ekimenak lantzen. Beraz, irisgarritasun hori beti egon da eta egongo da.

Ikasturte hasierarekin helburu zehatzik markatu diozue zuen buruari?

Igauri: Helburua da jendea sartu den bezain kontent edo are pozago ateratzea. Honetan arituz beti maila hobetzen da, baina hasierako helburua ez du zertan hori izan behar. Bakoitzak bere helburu propioak izan ditzake. Adibidez, agian batzuei bertsoak hobeto ezagutzea interesatzen zaie, besterik gabe. Askotariko taldea izatea eta bertan bakoitzak bere nahiak izatea ona da. Izan ere, gure barne helburuetako bat talde osasuntsuak izatea da, gure buruari helburu finko eta esturik markatu gabe. Helburuak zifren arabera neurtu ordez, etortzen direnak eta irakasleak pozik badaude, nire ustez behintzat gure helburua lortu dugu.

Adrian: guk guregana gerturatzen den oro goxatzea eta, horrekin batera, berak ere gozatzea da gure helburua. Gure saioak doakoak dira eta ez dugu inolako matrikulazio ekonomikorik eskatzen. Beti ahalegintzen gara egon daitekeen ikasleen araberako programa bereziak egiten, beti ere, goxotasun eta erosotasun baten barruan. Hori da gure helburu bakarra, ez dago besterik.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude