Gizarte-ongizatean eta berdintasunean egindako inbertsioa aztertu du Irungo Udalak

Irungo Gizarte Ongizateko eta Berdintasuneko Aholku Batzordeak iazko ekitaldiko jardunaren inguruko hausnarketa osatua egin du, urte osoan zehar aurrera eratutako ekimen, programa eta plan guztiak aztertuz. Urtean behin biltzen den organo honen burua Cristina Laborda alkatea da, eta bertan bildu dira Gorka Álvarez, Josu Iguiñiz eta Maite Cortina udal-ordezkariak, udalean ordezkaritza duten talde politikoak eta hiriko 50 erakunde baino gehiagotako kideak. Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloak udal-aurrekontu osoaren % 10 baino gehiago hartzen du, eta herritarren gizarte-premiak nahiz zaurgarritasun-egoerak artatzeko zerbitzu-sare zabala kudeatzen du.

Udal-baliabideen banaketari dagokionez, aurrekontuaren zatirik handiena Adin Handiko Pertsonentzako Zerbitzuek kudeatutako programek hartu zuten (% 33,28). Ondoren, Lehenengo Mailako Arretako programek % 23,77 bereganatu zuten, kudeaketa administratiboak eta kalitateak % 16,73, eta Esku Hartze Komunitarioko Zerbitzuak % 14,50. Bestalde, Garapenerako Lankidetzari aurrekontuaren % 7,43 egokitu zitzaion, Berdintasun arlora % 3,86 bideratu zen, Memoria Demokratikora % 0,4 eta Giza Eskubide nahiz Balioetara % 0,026.

Topaketan zehar, Cristina Laborda alkateak azpimarratu zuen hiriaren kohesioa ezin dela ulertu gizarte-politika hauetan egiten den inbertsio handia gabe, gastu hutsa izatetik urrun herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza zuzena dakarrelako “Irunen inor atzean ez uzteko” helburuarekin. Bide beretik, Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak eskerrak eman zizkien arlo sentikor honetan jarduten duten langile guztiei, eta prebentzioan zein inklusioan oinarritutako plan berriak sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, hiri berdinzaleago eta bateratuago bat lortzeko asmoz.

Prestatutako datu nagusiei erreparatuta, 2025ean zehar herritarrei emandako arretak aurreko urteko maila antzekoan jarraitu zuen, 16.809 dei erantzunez eta 11.612 aldiz aurrez aurreko arreta eskainiz. Halaber, familietako esku-hartzea izan zen jarduera nagusietako bat, guztira 299 familiatan esku hartu baitzen (2024an baino 19 gehiago) zaurgarritasun-zantzuak zituzten 474 adingaberi laguntza bideratuz. Lan honetan funtsezkoa izan zen polizia-zerbitzuekin eta ikastetxeekin izandako koordinazioa.

Bestalde, indarkeria matxistaren biktimei emandako laguntzan hazkunde nabarmena erregistratu zen. Udal-plantilla indartzeari esker, indarkeria sexistari aurre egin dioten 268 emakumeren kasuetan esku hartu zen, horietatik 76 kasu berriak izanda (2024an baino % 27,62 gehiago). Artatutako emakumeetatik 151k salaketa jarri zuten eta 112k babes-agindua zuten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza psikologikoko programetan 155 pertsonak (127 emakume eta 28 adingabe) jaso zuten laguntza.

Amaitzeko, iaz aurrera ateratako proiektu nagusien artean nabarmentzen dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzen finantzaketa handitzea, Arbesko Gizarte Zerbitzuen Zentroaren egikaritze-proiektua onartzea eta irisgarritasun-obrak hastea, Irun Lagunkoia nahiz Bizi Gogoz programak egonkortzea eta Etxeko Laguntza Zerbitzua hobetzea. Genero-berdintasunaren alorrean, genero-ikuspegia aurrekontuetan txertatzeko egitasmo pilotua garatu zen, indarkeria sexistaren aurkako protokoloa berrikusi zen, 2024-2028ko Bizikidetza Plana onartu zen eta Irunen 1936an gertatutako guduaren oroitzapen-ekitaldia berreskuratu zen, haren 90. urteurrenaren atarian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude