Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, Oiasso Museoak bat egin du Ondarearen Europako Jardunaldiekin. Europako Kontseiluak bultzatutako ekimen honen helburua da kultura-ondarearen balioa nabarmentzea, herritarrengana hurbiltzea eta ondarea kontserbatzearen garrantziaz sentsibilizatzea. Aurtengo edizioa “Gure eskuetan” lelopean ospatuko da, ingurumen-, gizarte- eta teknologia-arriskuek mehatxatutako ondarea nola babestu aztertzeko.
Egitarauaren barruan hiru proposamen nagusi prestatu ditu museoak. Urriaren 16an, 19:00etan, Artemis Restauración-eko Miriam Canok eta Giorgio Studerrek “Recuperando las termas de Oiasso” hitzaldia eskainiko dute, terma erromatarren aztarnategia zaintzen, garbitzen eta finkatzen egindako lana azaltzeko. Hitzaldirako sarrera librea izango da. Horrez gain, urriko larunbatero, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz, bisita gidatuak egingo dira errealitate birtualeko betaurrekoekin termak nolakoak ziren ezagutzeko. Sarrera orokorrak 10 euroko prezioa du eta 8 euro hobaridunentzat.
Azkenik, urriko igande guztietan, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz, Irugurutzetarainoko ibilbidea eskainiko da Tren Txikito tren turistiko jasangarri eta irisgarrian. Ibilbide horretan udaberrian inauguratutako interpretazio zentrora bisita sentsoriala egingo da, 12 euroko sarrera orokorra eta 9 euro hobaridunentzat. Sarrerak museoaren webgunean daude salgai, eta erreserbak 943 63 93 53 telefonora deituz edo info-oiassomuseo@irun.org helbidera idatziz egin daitezke.



